Iraitz Mateo

‘Sahara, herri bat erresistentzian’ liburua ondu du Kristina Berasainek

«Sahararen argazki panoramikoa» erakustea izan du helburu Kristina Berasain kazetari eta idazleak ‘Sahara, herri bat erresistentzian’ lanean. Testigantzetatik abiatuz idatzi du liburua, Aleka bildumaren 13. alea da.

Kristina Berasainek bere lehen liburua aurkeztu du ostiral honetan.
Kristina Berasainek bere lehen liburua aurkeztu du ostiral honetan. (Jon Urbe | FOKU)

Mendebaldeko Sahara ahaztutako eta isilarazitako gatazka da Kristina Berasain kazetarien ustez, eta hori ikusarazteko asmoz idatzi du ‘Sahara, herri bat erresistentzian’ kazetaritza kronika liburua. Elkar argitaletxeak, ‘Berria’k eta Jakin fundazioak elkarrekin osatzen duten Aleka bildumaren 13. alea da. Sahararren ahotsak jaso nahi izan ditu Berasainek; Mendebaldeko Sahararen inguruan idatzi den lehen euskarazko liburua ondu du.

Martin Anso editorearekin batera aurkeztu du liburua ostiral goiz honetan, Donostiako Elkarren. Ansoren esanetan, «ez da historia eta politika liburu bat soilik», askoz ikuspegi zabalagoa eskaintzen du: «Hasanaz hitz egiten du, hizkuntzaz; haimek duten garrantzia kontatzen du eta kapitulu oso bat dago arkeologiari eskainia». Gainera, liburua idazterakoan euskaldun askorekin egin duela topo kontatu du, eta horien bizipenak ere jasota daudela.

Idazlearen hitzaurreaz gain, hamar atalek osatzen dute liburua. Eta zenbait eranskin ere biltzen dira; amaieran, 1884az geroztik gertakari nagusiak jasotzen dituen kronologia labur bat eta hiztegia. Liburuaren erdialdean, berriz, liburuko protagonisten argazkiak daude, koloretan, idazlearen ustez garrantzitsua delako beraiek agertzea. Zuri-beltzeko argazki historiko, infografia eta mapak ere badaude, «testu poliedrikoarekin» tartekaturik, ulermena hobetze aldera.

«Historia handia, istorio txikiekin txirikordatzen» ahalegindu dela kontatu du Berasainek, eta «argazki panoramiko bat» kontatzen saiatu da, iraganetik gaur egunera arte «traizioaren kateaketa» hori islatuz: «Kolonialismotik, okupazioa, exodoa, gerra... eta ibilbide historiko horretan nabarmendu nahi izan dudana da saharar herria beti erresistentzian egon den herria izan dela eta dela».

Gertutik ezagutzen du Mendebaldeko Sahara Berasainek. 20 urtean bildutako «kontakizunen bilduma» egin du, eta bere ustez jasotako lekukotasunak dira liburuko «altxor handiena». Pertsonak bihurtu ditu protagonista liburuan; emakumeen presentzia nabarmendu du Ansok eta Berasainek baiezkoa berretsi du: «Inpartziala izan nahi dut».

Izenak, izanak eta istorioak

Azaletik hasita sumatzen da Berasainek sentsibilizazioa. Embarka Brahim Bumajruta ageri da, atzean haima bat duela. Fronte Polisarioko sortzaileetako bat da Brahim. «Emakume estimatua da, Fronte Polisarioa bere etxean sortu zen, klandestinitatean. Goiz oso bat berekin partekatzea ohorea izan zen», kontatu du idazleak, eta garai hartako «anekdotak» ere jaso dituela aurreratu du.

Ikurrei eta horien esanahiei ere tokia egin die liburuan, horren adibide da haimen inguruan, hizkuntzaz edo ohiturez bildutakoa. Lurralde okupatuen inguruan ere hitz egin nahi izan du; izan ere, bere ustez kanpalekuez asko hitz egiten da, baina lurralde okupatuez gutxiago: «Erresistentzian jarraitzen dute lurralde okupatuek, Sahararen identitate ikur guztiak debekatuta daude, eta ekintzaileak hala ere egunero ateratzen dira kalera». Kontatu du lehen kartzeleratuak izaten zirela, eta orain ekintzaileen etxea bihurtzen dutela kartzela, Sultana Khayaren adibidea jarri du.

«Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zen, 53. probintzia, baina frankismoak ez zuen behar bezala amaitu deskolonizazioa prozesua», azaldu du eta Espainiaren ardura izan du aipagai: «Espainiako historian beltzez idatzitako pasartea da». Azken «traizioaren» adibidetzat Sumar alderdiak egindakoa jarri du. Izan ere, hauteskundeetako programan «Sahararen okupazioari irtenbidea emateko bideorria» egiteko konpromisoa jasotzen zen, PSOErekin akodioan, baina, ez da aipatu ere egiten.

Hiru ondorio nagusi

Aste honetan berriro gerra piztu zenetik hiru urte bete direla azaldu du, eta horri lotuta hiru ondorio nagusi nabarmendu ditu aurkezpenean. Lehen ondorio gisa hildakoak aipatu ditu, «Marokok ukatzen dituen gerra eta hildakoak». Lekukotasunez eta istorio jakinekin islatu ditu hildakoak ere; horietako bat da Malumaren testigantza: «Ezagutu nuenean heriotzatik bizitzatik baino gertuago zegoen. Bere alaben bidez jakin nuen bere istorioa, bi seme galdu zituen gerran: 1984ean lehena, eta bigarrena, oraingo gerran».

Bigarrenik, minen arazoa jarri du mahai gainean. Kontatu du harresiaren inguruan milaka mina zeudela, 14 urte baino gehiago pasa dituztela sahararrek eta laguntzaileek mina horiek kentzen, eta oraingo gerrarekin lan hori eteteaz gain, mina asko berriro ere aktibatu dituztela salatu du.

«Gerra honetan ondare arkeologikoa arriskuan dago», aipatu du hirugarren ondorio gisa. Mendebaldeko Saharan ondare oparoa dagoela nabarmendu du, euskal arkeologoak urteetan zehar bertan ibili direla lanean gogora ekarri du, baina gerraren ondorioz bertan behera utzi behar izan dutela lana.