NAIZ

Erkiagak erakustaldia eman du eta bikote arrosak aise garaitu du Arbe-Manci (15-6, 15-5)

Erkiaga-Ibarluzea bikoteak Winter Series txapelketako bigarren garaipena eskuratu zuten eta B multzoko lidergoa sendotu dute. Bi setean eta nagusitasunez gailendu ziren Arbe-Manciren aurka, Pro-am irabazi ondotik Gernikan lekutxoa egin duten bikotearen aurka, hain zuzen ere (15-6, 15-5).

Aritz Erkiagak erakustaldia eman zuen Arbe-Manciren aurka.
Aritz Erkiagak erakustaldia eman zuen Arbe-Manciren aurka. (ERAMAN JAI ALAI)

Ordubete baino gutxiagoan, Erkiaga-Ibarluzeak mendean hartu zuten Arbe-Manci bikotea, B multzoko lidergoa sendotzeko. Bigarren garaipena eskuratu zuen bikote arrosak, lehendabizikoa baino aiseago, Pro-am txapelketa irabaztetik Gernikan lekutxoa egin duten bikotearen aurka. Estreinakoa zuten bikote modura Winter Seriesen –Arbe lehen edizioan izan zen baina Mancik debuta zuen atzokoa– eta urduritasuna nagusi izan zen, harmailak goraino beteta zen Jai Alai pilotalekuan, txapelketako laugarren ‘sold out’-ean.

Ohi baino akats gehiago egin zituen Mutrikuko atzelariak lehendabiziko setean, segurtasuna doai nagusia duen puntista da gipuzkoarra baina debuteko ezinegona garesti ordaindu zuen. Markina-Xemeingo aurrelaria saiatu zen tantoak bukatzen baina pilotalekua ongi ezaguten duen Erkiagarekin egin zuen topo, zeinak ez duen barkatzen. Sekulako erakustaldia eman zuen Ispasterkoak, une honetan puntista onena dela berretsiz. Atzean, ongi eutsi zuen Ibarluzea izan zuen, zeinak huts oso gutxi eginda, bere egitekoa ondo bete zuen.

Konturatu orduko 6-1 jarri ziren arrosak aurretik. Arbek txokoan asmatu zuen 6-2koan baina ia piloteo gabe 12-3 jarri ziren berriz arrosak aurretik. Txapa gainean moztuta eta horma-bikoz egin zituen tantuak Ispasterko pilotariak. Hala ere eta setaren azken zati horretan, tanto borrokatuago batzuk jokatu zituzten eta hor hasi zen berotzen mutrikuarra, bai eta Arbe ere.

12-4koa sake errestoan egin zuen Jokinek, 12-5ekoa sahietsez barruan ondo utzita eta 13-6koa horma-bikoz. Hala ere, kantxan Erkiaga izan zen jaun eta jabe, errebotez ezker hormara ondo baztertu du 14-6koa eta bederatzi tantuko aldearekin amaitu zuen lehen joko hau (15-6).

Bigarren seterako itxaropentsu ziren Gernikara hurbildu ziren mutrikuarrak, hasiera on batekin bikote arrosa estu hartuko zituztela pentsatuz. Lehen sakean, baina, Arberen sakera sartu zen Erkiaga eta ikutu zuen lehen pilota hori hormabikoz amaitu zuen ispastertarrak (1-0). Mancik ez zuen set honetan hutsik egin baina 4-1 hasi ziren, oraingoan ere arrosak aurretik. Laranjak tanto batera urreratu ziren, 4-3 baina berriz egin zuten ihes Erkiagak eta Ibarluzeak (6-3, 12-4 eta 15-5). Pilota bizitu ahala, errebotean ere min egin zuen Erkiagak.

Erkiagak eta Ibarluzeak B multzoko lidergoa sendotu dute. Oraindik ez dira matematikoki finalerdietan baina 7 puntu dituzte alde eta berdinketa kasuan, oso aldeko tanto-averagea (+29 tantu). Johanek eta Lopezek puntu bat dute(-10); Arbek eta Mancik 0 puntu (-19); oraindik lehiaketan estreinatzeko daude Ludovic Laduche eta Gorka Sorozabal.

Olharanen ordez, Cosme Aguirre

Datorren asteleheneko partidan aldaketa dago, ez baita Jean Olharan izango. Bearnotarrak egun batengatik ez du jokatzerik izango, hilaren 28an jasoko baitu alta Capbretongo CERS kirol-zentro ospetsuan. Azaroaren 7az geroztik dago bertan internatuta. Goi mailako kirolarientzako zentrua da eta ez dute gauez etxera joateko baimenik.

Olharanen ordez Cosme Aguirre zumaiarrak jokatuko du. Pro Am-eko finalista eta txapelketa honetan, ordezko lehen aurrelaria. Eusko Label Winter Serieseko 5. jardunaldia izango da, A multzoari dagokion partida.