Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Nola ari garen maitatzen gogoetatzeko gonbita da Karmele Jaioren ‘Maitasun Kapitala’ nobela

Emakumea zer da maitasunik gabe? Nola ikasi dugun maitatzen eta maitasunak nola eman dion zentzua gure bizitzari irakatsi diguten moduan, maitale bezala eta zaintzaile bezala. Horra ‘Maitasun kapitala’ nobelaren funtsa. Normaltasunak estaltzen dituen gauza asko azaleratzen ditu Karmele Jaiok.

Karmele Jaio, Donostiako Udal Liburutegian, nobela berria aurkezten.
Karmele Jaio, Donostiako Udal Liburutegian, nobela berria aurkezten. (Gorka RUBIO | FOKU)

Maitasuna deitzen diogu, batzuetan, sexu erakarpen edo desioari. Bakarrik egoteari diogun beldurrari ere bai. Norberaren autoestimurako bitamina baten beharra ere ezkutatzen da maitasunaren atzean, ederrago ikusteko ispilu bat bilatzea. Karmele Jaioren ‘Maitasun kapitala’ (Elkar) gonbidapen bat da irakurleak bere buruari galdetzeko ea bere maitasunaren azpian zer dagoen.

Idazle gasteiztarrak Donostiako Udal Liburutegian aurkeztu du nobela berria, Xabier Mendiguren Elizegi editorea lagun. Kontatu duenez, hileta batekin hasten da trama. Bere maitalea izandako Martinen hiletan dago Olga. «Ez da kasualitatea; maitatzeko modu baten bukaera eta beste baten hasiera aldarrikatzen du. Protagonistak disekzionatu nahi du bere maitasuna eta ikusi zergatik, adibidez, sentitu den menderatua edo galdua maitasun baten baitan, zergatik sentitu den batzuetan txiki, zergatik onartu duen batzuetan gaizki tratatua izatea, dena maitasunaren izenean».

Atzerapauso hori egiten du, begiratu nola maitatu duen, eta maitatzeko modu berri baten bila hasi, noski, zailtasun askorekin. Unibertsitateko Literatura irakaslea da Olga eta ikasle baten tesia zuzentzen ari da, maitasunari buruzkoa. Teoria feministari esker izena jarriko die sentitzen dituen gauza askori. Bi adiskide ere izango ditu ondoan, bi emakume.

Ireki nahi ez dugun Pandoraren kutxa

Emakumeen maitasunean zentratu du liburua iruditzen zaiolako badagoela kasu askotan gainditu gabeko zerbait. «Pauso handiak ematen ditugu eremu publikoan, aktibismoan, rol eta estereotipoen kontra egin dugu, botere harremanen aurrean matxinatu gara, baina badago Pandoraren kaxa moduko bat ez duguna askotan ireki nahi: maitasunarekin eduki dezakegun kontraesana. Zer zaila den lehenik eta behin onartzea maitatzeko erakutsi dizuten modu hori barneratua daukazula, baina bereziki maitasunean suposatzen da dominatzaileak eta dominatuak elkar maite dutela eta horrek asko zailtzen du horri aurre egiteko aukera. Beste zailtasun bat da plano oso intimoan gertatzen dela».

Zerk lagunduko dio Olgari horri aurre egiten? «Konturatzeak bere maitasuna ez dela berea bakarrik, sozialki eraikitako zerbait dela». Intimoaren eta sozialaren intersekzio hori interesatzen zaio idazleari, maitasunak politikarekin, ekonomiarekin, denarekin duelako zerikusia. Hortik izenburua.

Batetik, kapitala da emakumeontzat, erdigunean jarri zaigulako. «Maitasunik gabe ez garela ezer esan digute. ‘Ez egin hori, bestela bakarrik geratuko zara’ mehatxatu gaituzte txikitatik». Bestalde, kapitala da merkatuaren legeak agintzen duen gizarte batean bizi garelako. Horrek maitatzeko moduetan zer eragin duen hausnartzen du Jaiok. «Tinderren garai honetan maitasuna elkarbanatu baino gehiago maitasuna kontsumitzen ari gara? Gailuek bezala, pertsonek ere zaharkitze programa dute? Gero eta indibidualistagoa den gizarte batean gure maitasunak ez dira gero eta berekoiagoak, nartzizistagoak?».

Adiskidetasunak pisua hartzen du

Bikotearen maitasunak duen zentralitate hori deszentralizatzen da nobelan, eta hor adiskidetasunak pisu handia hartzen du, baita sexuak eta desioak ere. Sexua karga asko dagoen eremu bat dela azaldu du idazleak. «Sexuaz gain beste gauza asko gertatzen dira gune intimoan, eta emakumearen gorputza gudu zelai bihur daiteke. Bestetik, gogoa nuen sexuaz idazteko. Desioari buruz, emakumea askotan izan da errepresentatua desio objektu bezala, baina emakumeen desioa ere agertzen da liburuan».

Azkenik, harreman intimo bat dago irakurlearen eta idazlearen artean. Elkartzen diren leku bat, maitasunean bezala.

Geruza ugariz osatutako trama

Olga da eleberriko protagonista. Banandua dago, maitale bat izan zuen, Martin, honek utzi egin zuen eta bere hiletan hasten da nobela. «Ematen du bere buruaz beste egin duela. Zergatik egin du? Badago trama bat horren inguruan, baina bitartean Olga neska gazte baten maitasunari buruzko tesi bat zuzentzen ariko da. Horrek lagunduko dio argi gehiagorekin ikusten Martinekin izan zuen harremana nolakoa izan zen. Bere bizitzaren gidaritza galdu zuen maitasun horrekin eta bere buruari galdetzen dio zergatik gertatu zen».

Traman geruza diferenteak daude, istorioena eta gogoetena, eta aurrera egin ahala indarra hartzen doaz ikaslearen istorioa, beste irakasle batena...

Normaltasunak estalitako gauza asko

«Olgak badauka kontraesan bat teoriaren eta praktikaren artean; teoria oso ondo daki. Fikzioaren bidez hobeto identifikatzen ditugu egoera batzuk teoria irakurtzean baino. Egoera batzuekin identifika gaitezke eta beste leku batetik ikusi», esplikatu du Karmele Jaiok.

‘Aitaren etxea’ bere aurreko nobelan bazegoen gogoeta bat maskulinitatearen eraikuntza nola egiten den. Kasu honetan, emakumean zentratzen da gehiago, nola erakutsi diguten maitasuna dela gure joko zelaia, irabazi ala galdu. «Nola ikasi dugun maitatzen eta nola maitasunak eman dion zentzua gure bizitzari irakatsi diguten moduan, maitale bezala eta zaintzaile bezala, maitasunaren izenean garelako maitale eta gara zaintzaile, askotan modu oso inkontzientean. Fikzioak laguntzen digu normaltasunak estaltzen dituen gauza asko ikusten eta azaleratzen. Nobelan gertatzen diren gauza asko oso normalak dira, baina ematen dute pentsatzeko».

Idatzi ahala deskubritzen

Jaio idatzi bitartean joaten da deskubritzen, hori da bere sortzeko modua, ez du aurretik garbi izaten zer idatziko duen. Interesgarria izan da beretzat Artearen eta Literaturaren historian egin duen bilaketa hori, garai bakoitzean maitasuna nola irudikatu den eta fokua non jarri duten jabetzea.

Harremanak izateko modua alda daiteke, baina emakume eta gizonek duten rola aldatu al da? Nola ari gara maitatzen?

Berdintasunaren eta emakumeen eskubideen lorpenen historian itxaropena eta sinestea izan dira gasolina, gasteiztarraren arabera. «Atzera begiratuta gauza asko hobetu dira eta hori ez dago zalantzan, baina datu kezkagarri asko daude. Askoz kontzienteago gara berdintasun ezaz eta ikusten ditugu lehen baino gauza gehiago. Txarrerantz goaz? Orain adi gaude zenbait jarreretara, joan zaitez 20, 50 urte atzera, gauza batzuk ez ziren identifikatzen ere», egin du gogoeta.