NAIZ Irratiak eta ‘Mediabask’-ek elkarlanean ekoitzitako ‘Bideak’ podcastak Rikardo Arregi Kazetaritza saria irabazi du asteazken honetan, Kazetaritza alorrean. Ion Telleria eta Goizeder Taberna kazetariek jaso dute saria bi hedabideen izenean. Larraitz Otazo eta Hegoi Belategi ere bertan izan dira.
‘Bideak’ podcasta ‘Mediabask’-ekin elkarlanean sortu zuen NAIZ Irratiak. Frantziar Gobernuak Euskal Herriko mugak itxi eta kontrolak gogortu zituenetik horrek migratzaileentzat izan dituen ondorioak ditu aztergai, zazpi ataletan: ‘Bide galduak’, ‘Bidegileak. Nori ixten dizkio ateak Europak?’, ‘Irun, harrera herria’, ‘Checkpoint’, ‘Dublingo bidea’, ‘Harrera Lapurdin’ eta ‘Bide berriak’.
Ohar batean antolatzaileek nabarmendu dutenez, «larritasun bereziko gaia jorratzen da ‘Bideak’ podcastean, askotan ikusten ez dugun edo ikusi nahi ez dugun errealitatearen berri ematen digu, migrazioarena. Irungo Santiago zubia igarotzean, baina baita egunerokoan zapaltzen ditugun karrika eta espazioetan ere begi bistan ditugun pertsona migratuak eta beren istorioak ikusezin bihurtzen zaizkigu, badirudi ‘betaurreko beltzekin’ ikusten ditugula».
«Podcastaren zazpi ataletan lekukotasun anitzak aurkezten dizkigute, hunkigarriak, askotan gure barnea mugiarazten dutenak, pertsonalak baina, aldi berean, guztiz unibertsalak. Egitura berak balio lezake idatzizko erreportajea ekoizteko, baina podcast formatuak ahalbidetzen du elementu biziagoak erabiltzea, euskarazko kazetaritzan egun jorratzen ari den bidetik. Sekuentziak ondo lotzen dira, forma biziz, eta atal bakoitzaren bukaerak bultzatzen zaitu hurrengoa ikustera», gaineratu dute.
Kazetaritza sarirako gainerako hiru finalistak hauek izan dira: ‘Geuria’ komunikabidearen ‘Zelan sentitzen zara?’ ale berezia, ‘Berria’-ren ‘Kinka’ podcasta eta ‘Urte batetik bertzera, mundu batetik bertzera’ Xabier Itzainaren kronika sorta dantzan.eus agerkarian.
«Lan berezia»
Telleriak azaldu duenez, «lan berezia izan da NAIZ Irratia eta Mediabaskentzat, gure izateko arrazoiarekin zuzenean lotzen delako. Euskal Herria da gure izateko arrazoia eta lurraldearen osotasunetik begiratzea eskatzen zuen proiektua zen hau. Bidasoaren bi aldetara gertatzen den kontu bat delako, gure herriaren izatea bera bezala».
Euskarari dagokionez, azpimarratu du egindako kudeaketa. «Euskaratik abiatuta gainerako hizkuntzetara ere gerturatzea. Euskarara ekartzen saiatu gara ahal zena, eta euskaratik entzuten gainerakoa», azaldu du, eta «komunitatea» goraipatu du.
«Gu egiten gaituena da. NAIZ Irratiaren sorrera GARAri EGINi egotzitako zorraren ezarpenak baldintzatu zuen. Altxa genuen burua eta begirada luzez aritzeko moduan altxatu ere. Sari honekin zorionak esan nahi diegu NAIZeko harpidedunei, bere buruari hitz egiten dion herri bat erakusten du gure komunikazio proiektuak eta bere buruari hitz egiteko gai izango diren herriak behar ditu mundu honek. Zorionak denei, beraz, eta bihar grebara», adierazi du.
Komunikazio saria
Komunikazio saria EITBren ‘Lore hostoak’ podcastak jaso du. Hauek ziren gainerako finalistan: EITBren ‘#10garrena’, ‘Muak et’ webseriea eta EITBren ‘Harpa jotzen’ podcasta dira.
Antolatzaileen esanetan, «musika eta kalaka uztartzen ditu ‘Lore Hostoak’ podcastak, EiTB-ren eskutik. Ekain Perezek gidatzen duen podcastean euskal musikari baten bizitza eta ibilbide profesionalean murgiltzen gaitu musikariak gustukoen eta erreferentziazko dituen musikaren bidez. Denboraren mugarriaren zamarik gabe, 60 saiotik gora daude entzungai une honetan. Ekainen ahotsak eta elkarrizketa eramateko erak komunikazio berezia lortzen dute kazetari eta musikariaren artean, entzulea aparteko unibertso batera eramaten duena. Hasiera batean egitura sinplea dirudiena, konplexua da benetan».
«Musikariek dituzten musika erreferentziak aurkezten dira saioak, eta horrek aukera ematen digu, saioz saio, euskal musikaren genealogia hobeto ezagutzeko. Bertan egungo proposamen berrienak garai bateko musikekin gurutzatu egiten dira. Kantutik kantura konpainia onean eramaten gaituzte aurkezleak eta gonbidatuak. Hori guztia, hostoz hosto», diote.
Aurtengo sari banaketa ekitaldian, Andoaingo Bastero Kulturgunean egin dena, gainera, Menane Oxandabaratz kazetaria omendu dute, ohorezko mugarri izendatuz.
2021eko saria
Duela bi urte Beñat Zaldua NAIZeko kazetariak jaso zuen Rikardo Arregi saria ‘Nola iritsi gara honaino’ artikulu sortarengatik.
‘Nola iritsi gara honaino’ artikulu seriea zortzi artikuluz osatutako lana da. Bertan koronabirusaren krisia klima aldaketarekin eta beste zenbait gertaerarekin lotu zituen Zalduak, ibilbide historikoaren bitartez ere josiz eta haren zergatietan sakonduz.