Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Urtezaharra, behin betiko existitzeari utzi dion toki batean

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? (I)

(Iker MORENO)
(Iker MORENO)

1841. urtea izotzetan harrapatuta bukatu zuen «Erebus» ontziak. Lau urte geroago, munduko beste muturrean desagertu zen belaontzia; gaur zortzi azalduko dugu nola. Ordura arte, portuz portu ibiliko gara bidaia luze batean, koronabirusak eragindako lurrikara ulertu nahian.

Nola iritsi gara honaino? Zer gertatu da bukatu berri dugun 2020 honetan? Zehatzago, zer gertatu zaigu? Gure bizitza kolektiboko Eguberririk arraroenean gaudela, zaila da zer etorriko den aurreikustea; izan ere, azken hilabeteetan zer gertatu zaigun ulertzeak nahiko lan eskatzen du, posible bada halakorik ulertzea. Gauza asko gertatu dira denbora oso laburrean, aldi berean. 2020. urtea ez da kabitzen denbora lerro lineal batean; akabo kronologiak, agur timeline-ak.

Pandemiak ez dira azaltzeko gauza erraza, ohikoak ez diren tresna narratibo batzuk eskatzen dituzte hurbiltzeko. Zeintzuk? 1918ko gripea ikertu duen Terence Ranger historialariak badu proposamen bat, Hegoafrikako emakumeei ikasitakoa, antza: «Gertatutakoa deskribatzen dute, eta gero zirkuluak marrazten dituzte deskribatutako horren inguruan, horretara behin eta berriro itzuliz, zabalduz eta iraganeko oroitzapenak zein etorkizuneko iragarpenak gehituz». Zirkulu batzuk marrazten saiatuko gara hurrengo egunetan orriotan.

Hitzaurre gisa, errepaso aski ezagun baina badaezpadako bat, testuingurua ongi kokatzearren: 2019 bukaeran zoonosi bat gertatu zen Txina hegoaldean. Birus batek –oraindik ez dakigu zein animaliatik– gizakira egin zuen jauzi. Patogenoa SARS-CoV-2 izen ortopedikoarekin izendatu zuen OMEk, nahiz eta kalean koronabirus izen generikoa gailendu den. Birus horrek covid-19 deitu dugun gaitza eragiten du gizakietan; arnas aparatuari erasaten dio gehien bat, baina ez bakarrik, oraindik ikertzen ari diren afekzio askoz gehiago ere eragiten baititu. Epe luzeko ondorioak jasaten dituzten pertsonen kasua da adibiderik garbiena.

Patogenoa erraz kutsatzen da, ez du hilgarritasun tasa bereziki altua, eta infektatuta dagoenak sintomak azaleratu aurretik kutsa dezake. Birusaren ezaugarri horiek erraztu egin dute mundu osoan hain modu errazean hedatzea. Horretarako, ordea, birusak bide zabal bat topatu du: mundu globalizatu eta interkonektatua, mundu mailako eta gizarte bakoitzaren barneko desorekak, osasun zerbitzu eskas eta murriztu batzuk eta erantzun instituzional lausoa leku askotan, besteak beste.

Koronabirusak 80 milioi kutsatutik gora utzi ditu 2020. urtean, eta 1,8 milioi hildako. Laburtuta, mundua hankaz gora jarri du, gure ahulezia eta miseria asko gordinki azaleratuz. Ile baten lodieraren diametroan 1.000 SARS-CoV-2 partikula sartzen dira. Nola da posible hain gauza ñimiñoak horrelako triskantza eragin izana? Orain bai, has gaitezen zirkuluak marrazten, erantzunen bila.

​Pinguino gorotzez betetako uharte bat

Zirkulu polar antartikoak lagun diezaguke lehenengoa marrazten, baina horretarako koronabirusa burutik kendu behar dugu istant batean. Kokatu gaitezen 1842. urtearen hasieran eta joan gaitezen 66º 32’ S latitudera eta 156º 28’ W longitudera, John Davisen “New Year’s Day, 1842” akuarelaren deskripzioan irakur daitekeenaren arabera. Erebus eta Terror itsasontzi britainiarretako tripulazioak ikusten ditugu marrazkian, urteari ongi etorria ematen elurraren gainean, izotz antartikoak ontziak harrapatuta dituela. Pub bat eta guzti atondu dute hormaren gainean; “Ozeanoko erromesak” izena jarri diote.

Eszena liluragarria islatzen du margolanak. Gizon talde bat munduaren mutur ezezagun batean, izotzetan harrapatuta, urte berriari ongietorria egiten jai giroan, kezka berezirik gabe. Eszena errepikaezina, bidenabar; izan ere, 1841ean izotzak bi itsasontzi harrapatu zituen puntu geografiko horretan egun topa dezakegun izotz finak nekez geldiaraziko baitu gaur egungo ontzi moderno bat.

Zer egiten zuten bertan bi itsasontzi haiek? Gizakia inoiz ez zen hain hegoaldera iritsi, eta haizeak mugitutako belaontzi bat sekula ez da, gaurdaino, hain urrun joan berriz. Zeren bila zebiltzan? Hego polo magnetikoa bilatzen ari ziren, eta bide batez, Victoria erreginaren ondasunak zabaltzen. Edonon, edonola. James Clark Rossek gidatutako espedizioko kideek ikusi zuten lehenengo aldiz Antartikako lurra; haiek baieztatu zuten kontinentea existitzen dela, ez dela izotz puska bat.

Ontzietako masta handienean Union Jack zeramaten eskegita. AEBen galera gaindituta eta Europan Napoleon behingoz garaituta, hamarkada “baketsu” batzuk izan zituen Londresek munduaren jaun eta jabe izateaz gozatzeko. Armadak ontzi asko zituen eta gerra gutxi, eta horrek bidea ireki zion esplorazioaren urrezko aroari. Munduko hamaika portutan topa zitekeen garai hartan Union Jack trapua. Britainiar Inperioarena da, inorena bada, XIX. mendea.

Beraiek globalizatu zuten mundua, Karibetik Australiara, Indiatik Antartikara, eta Hong Kongetik Egiptora. Inperioa zabaltzen ari zen, eta inperioarekin batera, ekonomia globala. Kolonia horien arteko distantzia txikiagotu egin zen mende hartan. Erebus ontzia Tamesisera itzuli zenean, baporezko makina bat jarri zioten. Hamarkada bat lehenago, tren batek lehenengo aldiz lotu zituen Manchester eta Liverpool hiri industrial potenteak. Mundua interkonektatzen ari zen, lotzen, hurbiltzen. Globalizazioaren hastapenak ziren.

Globalizazio haren funtzionamendua aski ezaguna da: bere egiten zuen edozein lur puska hura ikusten zuen lehenengo europarrak. Horretarako bandera baino ez zuen jarri behar lurzati horretan, eta hala egin zuen Rossek gidatutako espedizioak: pinguinoen gorotzak inbaditutako uharte batean, zehazki. Robert McCormick espedizioko medikuaren kronikak ez zuen ezkutatu eszenaren glamour eskasa: «Kolonia honi darion usaina ez da, preseski, gozoki arabiar batena». Baina jende praktikoa zen Victoria erreginaren omenez uharte kakaztu horretan jerez batekin topa egin zuena, pinguinoekiko begirunerik gabe lur puska hura ostu ziena. Ostu eta zerbait gehiago, McCormicken kronika irakurtzen jarraitzen badugu: «Pinguino zoragarri bat, goxo-goxoa, enpanada moduan prestatu zuten eta ez zuen arrain zaporerik, jan ditudan beste batzuek bezala».

Ahalegin inperialistak jositako sare protoglobalizatu horrek helburu bat zuen: merkataritza. Adam Smithek idatzita zuen jadanik “Nazioen aberastasuna” (1776), eta britainiarrek ikasita zuten lezioa: zertarako galdu indarra eta dirua lurralde bat kontrolatzen, bertara sartu eta bertatik ateratzen dena kontrola badezakegu? Merkataritza librearen hastapenak ere baziren, britainiarren merkataritza librearenak, noski. Inperioak ikasia zuen kolonia klasikoak baino askoz ere interesgarriagoa zitzaiela puntu gutxi batzuk bereganatzea, salerosketa oro bere mesedetan jartzeko: lurralde bat okupatu gabe, bertan zer sartzen zen eta zer ateratzen zen kontrolatzea. Opioaren gerra irabazi eta gero, britainiarrek ez zuten Txina konkistatu. Hong Kong delegazio gisa ezarri eta nahiago izan zuten Qing dinastia merkataritza akordio drakoniarrak sinatzera behartu.

Inperioak pentsaera globala ere bazekarren. Gehiegi disimulatu gabe, Rossek “Possession Island” izendatu zuen pinguino gorotzen uhartea, eta segituan bilatu zion erabilgarritasuna: «Gorotz hori guztia baliotsua izan liteke momenturen batean gure kolonia australiarretako nekazarientzat». Txanpon beraren bi alde, esplorazio miresgarria eta inperialismo gordina.

Baina Inperioa, zertarako? Britainia Handia industrializazio betean zegoen. Ingalaterra iparraldea fabrika handi bat bilakatzen ari zen, eta gose zen. Lehengaiz gose, erregaiz gose. Ikatza lehenengo, petrolioa gero. Erregai fosilen hastapenak ziren. Landa eremuetatik kanporatuta, lur komunalak pribatizatu ostean, fabrika handi horrek irensten zituen hirietara gerturatutako migrante gosetuak. Hirietan pilatu ziren eta edozein aurreikuspen urbanistiko ezinezko bilakatu zen. Klase sozial baten jaiotza zen. Engelsek 1845ean idatzi zuen “Langile klasearen egoera Ingalaterran”. Hiru urte geroago elkartu zen Karl Marxekin “Manifestu komunista” idazteko.

​Mundu berri baten hasiera

Zer zerikusi dauka horrek guztiak ia bi mende geroago mundua hankaz gora jarri duen koronabirus honekin? Ross eta tripulazioa lasai asko zeuden urteari ongietorria egiten izotzetan harrapatuta, birus bat zer den ere jakin gabe. Zapaltzen zuten horma 181 urte geroago nekez osatuko zela imajinatu gabe. Baina Erebus eta Terror ontziak munduaren amaierara eraman zituen bulkada eta engranajeak dira, neurri handi batean, gaur egun koronabirusa mundu honetako azken izkineraino iristea ahalbidetu dutenak. Orduan aldatzen hasi zen mundu baten oinordekoak gara gu, onerako eta, oraintxe bertan, txarrerako.

Gauza asko hasi ziren orduan. Eta beste asko amaitu. Ned Ludd kapitainaren izenean, makinak apurtu zituzten aldaketa horren galtzaileek. Alferrik, tamalez; ekonomia eta bizitza antolatzeko modu bat sortzen eta hedatzen ari zen. Hura gelditzeko saiakerak ez ziren gutxi izan XIX. mendean zehar: gauzak ez zeuden horrela predestinatuta, baina horrela gertatu ziren. Inperioa, kapitalismoa, globalizazioa, esplorazioa, merkataritza librea, industrializazioa, zientzia, teknologia berriak, aldaketa sozialak, desoreken gorakadak… Gaur egungo pandemian lehenengo mailako eragile asko dira Erebus eta Terror ontzietako belak puztu zituztenak. 1842aren hasiera alai hartan, izotzez inguratuta, ez zirudien ezer gaizki atera zitekeenik. Urte gutxiren buruan, ordea, amaiera tragikoa izan zuten bi ontziek, baina guk zirkulu asko marraztu behar ditugu oraindik horra iristeko. Hurrengoa bihar, zoonosiekin, kilometro batzuk iparraldera mugituta, Britainiar Inperiotik atera gabe, jakina.

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? ZORTZI KAPITULUAK:

(I) Urtezaharra, existitzeari utzi dion toki batean

(II) Jauzi egiteko tranpolin bat

(III) Beldur al da armiarma adarbakarraren adarrarekin?

(IV) Abrakadabra, ideia berri bat

(V) Desberdintasun handiagoak mundu txikiago batean

(VI) Hogei umezurtz portuz portu

(VII) Planeta bat, osasun bat

(VIII) Gu, Erebuseko marinelak