Beñat Zaldua

Beldur al da armiarma adarbakarraren adarretik ateratako hautsarekin?

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? (III)

(Iker MORENO)
(Iker MORENO)

Mikrobioek gaixotasunak eragiten dituztela aurkitzeko (eta onartzeko) bidea ez da laburra izan. Birusak, adibidez, ikusezinak izan ziren XX. mendeko bigarren herenera arte.

Armiarra harrapatzea erraza izango zen. Ez dakigu nork lortu zuen, ordea, adarbakarraren adarra. Ezta nondik atera zuen ere. Berdin dio: gure protagonistak prest zeuden esperimentua egiteko. Aspaldiko sinesmena zen adarbakarraren adarretik ateratako hautsez inguratutako armiarma bat blokeatuta gelditzen zela, nora jo jakin gabe, erabat harrapatuta. Adarraren hautsarekin lurrean borobil bat marraztu, eta hantxe jarri zuten armiarma, hark zer egingo. Armiarmak, jakina, bidea libre ikusi bezain pronto ospa egin zuen.

Aipatutakoa 1660. urtean gertatu zen Londresen, Invisible College elkartearen bilera erdiklandestino batean. Filosofo eta zientzialari talde batek osatzen zuen elkartea, eta orduko sinesmenak errealitatearen galbahetik pasa nahi zituzten, errealitate horren funtsaren bila. Hortik ibili ziren bueltan Isaac Newton, Robert Hooke eta beste hainbat aitzindari. Bi urte geroago, elkarte erdiklandestino hark erregearen onespena jaso zuen, eta horrela jaio zen Royal Society, itzal handiko erakundea, hurrengo hiru mendeetan Benjamin Franklin, Charles Darwin eta Stephen Hawking bezalakoen etxea izanen zena. Metodo zientifikoa bere hastapenetan zegoen, eta armiarmaren esperimentuak ongi islatzen du aurretik zeukaten lan eskerga.

Garai berean, Herbehereetan, Anton van Leeuwenhoek gaztea oihalen negozioa ikasten ari zen Amsterdamen, lehen aldiz lupa bat ikusi zuenean. 1654an Delft sorterrira itzuli zen, bere saltokia ireki, eta sobran zuen denbora guztia lupekin jolasten pasatzen zuen, modu obsesiboan. Bere kabuz ikasi zuen beira lantzen, eta mikroskopioak egiten hasi zen. Lehenengo, oihalen kalitatea aztertzeko, baina laster hasi zen harrapatzen zuen edozein gauza edo izaki handipen handiko lupa horien iragazkiekin begiratzen.

Eta egun batean, animalia desberdinen odola, hazia eta ehunak aztertzean, hara sorpresa! Bizi-bizirik ikusten ziren izaki txiki-txikiak topatu zituen herbeheretar xuhurrak. Mikrobioak ikusi zituen lehen pertsona izan zen Anton van Leeuwenhoek. Bere aurkikuntzak Royal Society prestigiotsuarekin partekatu arren, inori ez zion bere mikroskopioen sekretua azaldu, eta, behin hilda, mikrobioekiko interesa bi mendeko loaldian murgildu zen. 1950. urtera arte inork ez zuen lortu, XVII. mendeko metodoekin, hain mikroskopio zehatzik eraikitzea.

Louis Pasteur eta robert Koch aurrez aurre

XIX. mendearen bigarren erdira jo behar dugu zientzialariak berriz ere mikroskopio batetik arretaz begiratzen aurkitzeko. Historiografiak Louis Pasteur frantsesa dakarkigu, eta bere ondoren (denboran, ez merituan), Robert Koch alemana. Gerra franko-prusiarraren garaia zen, eta edozein esparrutan lehiatzeko prest zeuden bi herriak, baita zientzian ere. Kasu honetan, ordea, lehiak ez zuen hildakorik utziko, kontrakoa baizik. Pasteurren eta Kochen aurkikuntzak dira gaur egungo mikrobiologiaren oinarria.

Aurkikuntzon tamaina ulertzeko, garaiko testuinguru pixka bat guztiz beharrezkoa da. Adarbakarrik ez zen aipatzen dagoeneko zientziaren munduan, baina medikuntzaren oinarria “Hipokratesen lau humoreak” ziren oraindik: odola –ausarta, itxaropentsua–, behazun horia –haserrekoia–, behazun beltza –depresiboa– eta flema –lasaitasuna, indiferentea–. Lau humoreen arteko orekak zekarren osasuna, eta gaixotasuna humoreren baten alterazioak azaltzen zuen. Horrekin batera, “Gaixotasunaren teoria miasmatikoak” jarraitzen zuen indarrean: gaixotasuna lur eta ur kirasdunetan sortzen zen, eta hortik ateratzen ziren gas ustelduak airearen bidez iristen ziren gizakiengana. Malaria gaitzaren izena, adibidez, hortik dator: “aire txarra”.

Mikrobio baten tamainako gauza ñimiñoek gaixotasun larriak eragin ditzaketela pentsatzea ez zen bakarrik irrigarria: pentsaezina zen. Harik eta Parisko Gobernuak Pasteur zeta-harrak kolpatzen zituen epidemia ikertzera bidali zuen arte. Pasteur bazen nor ordurako: hartzidura prozesu biologiko bat zela –eta ez kimikoa, uste zen bezala– aurkitua zuen, eta izena jarria zion dagoeneko gure egunetara iritsi den pasteurizazioari. Estatu frantseseko hegoaldeko zeta-harrekin lau urte eman zituen lanean, bi bizkarroik gaixotzen zituztela frogatu arte, onddo mota batek eta bakterio batek. Aurkikuntza haietatik abiatuta, “Gaixotasunaren teoria mikrobianoa” proposatu zuen.

Teoria horren arabera, eritasun infekzioso guztiek izaki mikroskopiko batengan dute jatorria. Proposamenak hautsak harrotu zituen, eta mesfidati ugari agertu ziren, baita zientzia munduan ere. Eszeptizismoa ez zen erabat ezabatu, nahiz eta urte batzuk geroago Koch berak teoria frogatu ahal izan zuen tuberkulosiarekin, kolerarekin, karbunkoarekin eta lupu beltzarekin, besteak beste.

Gripea, izarrekin dantzan?

Jada XX. mendean, 1918ko gripea iritsi zenean, teoria mikrobianoa onartuta zegoen zientzia munduan, baina ez zegoen oraindik erabat ezarrita eguneroko medikuntzan. Are, duela mende bat, birusak bere horretan existitzen zirenik ez zegoen frogatuta. Bakterioak eta onddoak bai, baina birusak –txikiagoak– inork ez zituen ikusi.

Laura Spinneyk grafikoki azaltzen du zein mundura iritsi zen gripe epidemia bortitz hura: «Autoa ezagutzen zuen mundua zen, baina mandoarekin askoz erosoago sentizen zena; teoria kuantikoan bezainbeste sinesten zuen sorginetan; batzuk etxe orratzetan bizi ziren eta telefono bidez hitz egiten zuten, beste batzuk Erdi Aroan bezala bizi ziren».

Gripearen izen unibertsalena, “influentza”, gaitza kutsatzeko izarren ustezko eraginetik dator. Zientziak, ordea, hori horrela ez zela susmatzen zuen. Kochen oinordeko batek, Richard Pfeifferrek, gripea bakterio batek eragiten zuela proposatu zuen –bere izena daraman baziloak, zehazki–, eta urte batzuetan horrela uste izan zen. Bakterio horren kontrako txertoak sortu zituzten, baina eraginkortasun oso txikiarekin.

1918ko gripeak gogor jo zuenean, susmoa zabaldu zen: eta ez bazen bakterio bat? Birusak gauza abstraktu eta ikusezina ziren oraindik ere. 1894an Charles Chamberlandek bakterioak baino txikiagoak diren zulotxoekin egindako zeramikazko iragazkia asmatu zuen, eta, horri esker, Dimitri Ivanovskik tabakoaren landareari erasaten zion gaitza birus bat zela iradoki zuen urte gutxien buruan. Baina birus bat, bere horretan, inork ez zuen ikusi mikroskopio elektronikoak asmatu ziren arte, 1931n. Mende hasieran, birusak arrazoiak sortutako izakiak ziren: ezagumenduak bere existentzia iradokitzen zuen, baina ez zegoen frogarik.

1916an, Milton Rosenauk gripe arrunta birus batek sortua izan zitekeela proposatu zuen, baina Pfeifferren baziloaren defendatzaileek –Richard Pfeiffer bera buru– ez zuten oso ongi hartu. Rosenauk esperimentu batzuk egin zituen bere ustea frogatzen saiatzeko, baina orduko tresnekin ez zuen lortu, eta amore eman zuen zuen Pfeifferren jarraitzaileen aurrean. Arrazoi egokiengatik huts egitearen adibide.

Frantsesek ez zuten hain garbi, eta paraleloki, elkarren berri izan gabe, bi esperimentu abiatu zituzten. Dujarric de la Rivierek mediku lagun bat konbentzitu zuen kutsatutako soldadu baten odola injektatzeko. Odol hori Chamberland iragazki batetik pasa zuten lehenago, beraz, ezin zuen bakteriarik izan. Egun gutxiren buruan, Dujarricek sintomak garatu zituen, eta gripea birus batek sortzen zuela aldarrikatu zuen. Jakinaren gainean jarri zuen Emile Roux ospetsua, Pasteurren oinordekoa eta Pasteur Institutuko zuzendaria.

Egun bertsuetan, Rouxen mahaira beste txosten bat iritsi zen. Tunisian –kolonia frantsesa garai hartan– Charles Nicollek eta Charles Lebaillyk gaixo baten karkaxa injektatu zieten tximino bati eta bi pertsona boluntariori. Tximinoari begietan eta sudur hobietan txertatu zioten iragazi gabeko karkaxa, eta gripearen sintomak garatu zituen. Pertsona bati larruazalpeko injekzioa ipini zioten, baina kasu hartan karkaxa iragazita zegoen, bakteriorik gabe. Boluntario hura hurrengo egunean ohean zegoen, gaitzak jota. Aldiz, beste pertsonari iragazitako karkaxa zuzenean odolean injektatu zioten, eta ez zen gaixotu.

Rouxen nahasmendua imajina dezakegu. Bi esperimentu zituen mahai gainean, biek esaten zuten gripea birus batek sortzen zuela, eta ez bakterio batek. Baina batek ziurtatzen zuen odolaren bidez kutsatu zela, eta, besteak, berriz, zioen odol bidez ezin zitekeela kutsatu. Arrazoia, orain badakigu, Nicollek eta Lebaillyk zuten; Dujarric –bestela ere soldadu gaixoekin lan egiten zuena– ohiko bidetik kutsatu izan zela uste da. Rosenauren kontrako adibidea: arrazoi okerrengatik asmatzea.

Eta koronabirusa, nola transmititzen da?

Pentsa genezake iraganeko akats horiek gaur egungo teknikak gainditu dituela jada, eta gauzak askoz garbiago dauzkagula. Neurri handi batean, hala da. Ez gabiltza adarbakarren bila, badakigu zer den birus bat, eta ez zaigu otutzen gorotzak eta errefus organikoak ibaitik behera botatzea, urak eraman dezan miasma kutsakorra, XIX. mendeko Londres eta New Yorken egiten zuten bezala, non kolera epidemiak zeharo larritu baitziren ura kutsatuz. Azken bi mendeetan zientziak bizi izan duen garapena txundigarria da.

Baina ez dakigu dena. Are, birusei buruz oso gutxi dakigu, eta gaitz berri bat agertzen denean eztabaida biziak pizten dira. SARS-CoV-2 berarekin ikusi dugu, lehenengo maskaren harira, eta azken hilabeteetan aerosolen inguruan, adibidez. Debate zientifiko-logikoa dator lehenik, eta politikoa gero, ez beti hain logikoa. Bai maskarekin, bai aerosolekin, ikusi dugu nola mundu zientifikoan jada kontsentsua zena alor politiko-administratiboan kostata baino ez dela finkatu, eszeptizismoari hauspoa emanez. Zientziak muga batzuk ditu oraindik ere; gizakiak askoz gehiago.

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? ZORTZI KAPITULUAK:

(I) Urtezaharra, existitzeari utzi dion toki batean

(II) Jauzi egiteko tranpolin bat

(III) Beldur al da armiarma adarbakarraren adarrarekin?

(IV) Abrakadabra, ideia berri bat

(V) Desberdintasun handiagoak mundu txikiago batean

(VI) Hogei umezurtz portuz portu

(VII) Planeta bat, osasun bat

(VIII) Gu, Erebuseko marinelak