Andoni Arabaolaza

‘Resistance Climbing’, Palestinako eskaladaren begirada ahaltsua

Reel Rock-en eskutik, Andrew Bisharaten dokumental horretan Zisjordaniako eskalatzaileek bizi duten biolentzia egoera eta egiten duten kirola elkar uztartzen dituzte.

Fotograma del documental  ‘Resistance Climbing’.
Fotograma del documental ‘Resistance Climbing’. (NAIZ)

Israelek azken asteotan Gazako Zerrendaren aurka indarrean duen genozidioak ‘Resistance Climbing’ dokumentala gaurkotu egin du. Gazak oso murru luzea du, hots, Israelek eraikitako zerrenda osoa inguratzen duena. Baina porlanezkoa da. Eskaladarako harkaitzezko hormak, berriz, ez ditu.

Bai, ordea, Zisjordaniak. Palestinako lurralde hori ere sionismo suntsitzailearen mende dago, baina, eskalatzaileek, bederen, murru natural horietan israeldarrek ezarritako muturreko biolentziatik aldendu eta oasia aurkitu dute. Hain zuzen ere, hori guztia da Reel Rock-en ‘Resistance Climbing’ dokumentalak jasotzen duena eta ekoizpen etxe horren webgunean doan ikusgai dagoena.

Badakigu Zisjordaniako herritarrentzat bizirautea dela eguneroko lan nagusia. Bizitza dute aldarri, israeldarren errepresio bortitzari aurpegia jartzen diote, baina, era berean, zinta horretan eskalatzaile talde txiki batek beste aldarrikapen batzuk egiten ditu: «Ezin dugu uneoro borrokan egon. Guk ere bizi nahi dugu. Eskalatu eta dantza egin nahi dugu».

Dokumental horrek gizartearen tolerantziaren geruza mehe hori esploratzen du, eta saiatzen da oreka ahul bati eusten. Andrew Bisharaten proposamen horrek, jakina, ez zuen batere erraza izan lanak aurrera eraman ahal izateko. Filmak irauten duen bitartean, tiro-hotsak eta israeldarren mehatxuak nagusi dira. Hitz gutxitan, Europako zein Ameriketako Estatu Batuetako eskaladaren izen handiekin alderatuta, ‘Resistance Climbing’-eko protagonistek aztarna sakona uzten dute. Erosotasunak, erraztasunak… ez dute lekurik.

Mendebaldeko eskalatzaileek ez bezala, Zisjordaniako eskalatzaile horiek bereizita dituzten auzoetatik hala nola irten eta kilometro batzuk oinez egin behar dituzte harkaitz horietara heltzeko: «Zaila izan da oso eskalatzaileen joan-etorriak grabatzea. Batzuek horma horietara iristeko, kolono judutarren kokaguneei zein soldaduen kontrolei iskin egin eta, ondoren, ordubeteko ibilaldia egiten dute tiro-hotsen artean».

Estalkirik ez

Dokumentalaren protagonistetako bat errefuxiatu eremu batean bizi da. Berez, 2000. urtean israeldar soldaduek hildako gazte baten izena hartu du: Faris Abu Gosh. Zendutakoa tanke israeldarrei harriak botatzen ari zen hamabi urteko haurra zen, eta, martiria bihurtu zenez, protagonistak haurraren izena hartu zuen.

Tawfiq izenekoak ere protagonismoa hartzen du. Zisjordaniako eskalatzaile indartsuena izateaz gain, baztertuta dagoen beduinoa da. Bisharat bera zur eta lur geratzen da Tawfiqek duen etxolarekin.

Bestalde, Urwah Askar eskalatzaileak lehen lerroan jartzen ditu soldadu israeldarrek bere herrian egiten dituzten miaketak eta konfiskazioak: «Goizeko hiruretan soldaduak herritarren etxeetan bortizki sartzen dira. Eta protesta egiten bada, atxilotuta eramaten zaituzte. Ez dakit etxetik ateratzen naizen bakoitzean bizilagun horiek ikusiko ote ditudan».

Oro har, ‘Resistance Climbing’ dokumentalak protagonistok egunero bizi dituzten egoera biolentoak eta arriskutsuak jasotzen ditu. Baina, era berean, eskaladan zentratzen da. Harkaitzetara egiten diren bisita bakoitzean, ordea, egoera ezberdina da oso. Izan ere, bineta berezi batzuetan eskalatzaileen arteko giro barea, haien arteko txantxak eta elkarrekin naturan igarotzen duten denbora jasotzen dira.

Zisjordaniako eskaladaren inguruko ekoizpen honen egileak, Bisharatek, bi hamarraldi daramatza eskalatzen eta kirol horren inguruan idazten. ‘Rock and Ice’ aldizkarian erredaktore lanak egin zituen, eta, egun, ‘Evening sends’ hedabide espezializatuan lan egiten du kazetari independente bezala.

New Yorken jaio zen, eta jatorri palestinarra du. Zisjordaniara itzuli eta ‘Resistance Climbing’ grabatu zuen: «Nire arbasoek 1948. urteko Nakba sufritu zuten. Israeldarrek Jerusalemen zuten etxea lapurtu zioten. 2014. urtean Zisjordanian eskalada bultzatzen ari zen Tim Bruns estatubatuarra ezagutu nuen. Timek eskatu zidan rokodromo baten eta Palestinako eskaladaren inguruan artikulu bat idaztea. Hasiera batean, haren asmoak ez nituen ulertzen: zer egiten ari ote zen Coloradoko ikasle bat Palestinan rokodromo bat zabaltzen?».

Baina Bisharat segituan ohartu zen Timek bihotz handia zuela eta bere motiboak oso gardenak zirela. Iaz, Tim eta Bisharat Palestinara joan ziren, eta Reel Rock konpainia zinematografikoak haien asmoen berri izan zuenez, dokumentala egiteko proposamena egin zien: «Bidaia hori oso pertsonala zenez, zalantza batzuk nituen proposamenaren inguruan. Baina azkenean onartu eta 2022.eko maiatzean hainbat aste egon ginen grabatzen. Oso harro nago hartutako erabakiarekin eta dokumentalaren emaitzarekin».