Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Julio Sotok Nafarroako seigarren txapela jantzi du

Julio Soto Ezkurdiak jantzi du seigarren aldiz Nafarroako txapela. Iruñeko Anaitasunan jokatu zen atzo arratsaldez finala, 2.350 bertsozalek berotutako plazan.

Julio Soto eta Alaitz Rekondo.
Julio Soto eta Alaitz Rekondo. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Eneko Lazkoz eta Julio Soto. Ordena alfabetikoan eman zituzten buruz burukora pasatuko zirenak. Soto pasilloetako eta komunetako kiniela ia denetan zegoen. Lazkozen izena apalxeago zegoen, eta Xabat Illarregirena ozenxeago. Baina puntuazioak ikusita, Lazkozek ariketa guztietan puntuei goitik eutsi zien eta Xabatek baino 30 puntu gehiago zituen buruz burukorako txartela erosteko.

Soto nahiko seguru jotzen zen buruz burukorako oso argi ibili zelako saio osoan, gaiei helduleku zehatzetatik eutsiz, lurrera ekarriz, gaurkotasunez.

Buruz burukoa ederra izan zen. Ez alferrik eskarmentu handia daukate Sotok eta Lazkozek Nafarroako finaletan, eta asmatu zuten saioa errematatzen.

Seiko motzean, Euskal Herriko ereserkiaren bila jarri zituen gai-emaileak. «Gu bila ari garena da ereserkiarena / ez pentsa gero lantegi errexa denik hitzarena / izarra da Leterena / txoria Laboarena / bertso bat hobe igual Maialen Lujanbiorena», ireki zuen bidea Sotok. Eta, Lazkozek, «Jo Julio ba argi da / zure esanen harira / ados nago ni ze Maialenek badauka distira / beste kantok zaharrak dira / ta aspertua naiz tira / beti aurrera egin beharraz atzera begira».

Eta bide beretik jarraitu zuten, euskal musikagintzako abeslari eta taldeen izenak errepasatzen, zehaztasunez.

Buruz buruko ganbarakoan hauxe izan zuten gaia: Masailak gorritu zaizkizu. Ariketa horretan Sotok apartatzeko moduko lana osatu zuen. «Nik hamalau urte bete nituen lehengo urtean / haragidun gorputz bat dut kalteko edo suertean / haragiak haragia eskatzen baitu trukean / gaurkoa ohikoa zela diot nik nire ustean / komunean nengoela goxo intimitatean / krisketarekin ez dago ordea gure atean/ ta espero ez nuela zer ta aita bapatean / ta hortxe harrapatu nau eskua hanka tartean». Hori lehen bertsoa. Eta, hirugarrena: «Ni soilik naiz nerabe bat ez bikario ez gotzai / baina komun barru hontan dantzatu ditut bi kanpai / bukatzear nengoela juxtu momentu hortan ai / aita zertako sartu da ez naizen entenditzeko gai /prakak gora igo ditut hor nago izerditan blai / atera naiz pasillora noski bera ez dago zai / nik uste une hontatik patxadaz ta lasai lasai / badudala zer hausnartu ta nire aitak ere bai».

Lazkoz ere nerabe baten azaletik aritu zen bakarkako horretan, institutuko lehen maitasunari kantatu zion. Hauxe, hirugarrena: «Aritz eder bat hartua dugu gu biontzako aterki / ta bere hitzak nire belarri ertzean ze ereserki/ nik ere erantzun nahiko nioke / baina sentitzen naiz nahiko torpe / eta zer esan baneki / dakidana da ez naizela egon inoiz gaur baino hobeki/ bere ondoan ere lasaitzen hasi naizela emeki / ez dakit nora helduko garen baina milesker gaurkoan hemen zerbait didazu ireki / ta oroituko zaitut beti».

BERTSO ARRATSALDE BIZIA

2.350 pertsona bildu ziren Iruñeko Anaitasunan, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaz gozatzeko pronto. Giro beroa egon zen hasieratik, publikoak etengabe goratu zituen oholtzara igo ziren zortzi bertsolariak. Eta sortzaileek bertsoz erantzun zioten olatuari, ariketa guztietan sortuz apartatzeko moduko unerik.

Nafarroako bertsolaritzaren loraldiaz asko hitz egin da azken asteotan, eta oholtzan aritu ziren bertsolariek erakutsi zuten forma onean daudela.

Zortziko nagusian lehen olatua Xabat Illarregik eta Saioa Alkaizak harrotu zuten. Adineko bi lagunen azalean jarri zituen gai-emaileak. Egunero bezala kafea hartzen ari dira tabernan, albisteei begira. Kezkatuta daude azken asteotan eskuin muturra zabaltzen ari den mezuekin eta jarrerekin.

Xabat Illarregik honako perla bota zuen lehenengoan: «Besaulki baten bi adineko hortzak zorrozturik zerraz / ikusten dugu nola mugitu diren Madril eta Ferraz / gu lehen mugitzen ginen garaian dena lotzen zuten gerraz / batzuoi dena zail utzi zaigu / ta beste batzuei erraz».

Xabat oso bizi eta fin aritu zen saio osoan. Akaso puntuazioak ez zuen islatu nola eta zenbatetan iritsi zen plazara. Zortziko txikian Joanes eta Xabat Illarregi elkarrekin egokitu ziren eta une oso ederra piztu zuten. Nabaria izan zen bi anaien arteko konplizitatea eta igarri ziren elkarrekin egindako bertso orduak. Joanesek, aldiz, ez zuen haizea alde izan eta ez zen nahi adinako distirarekin aritu. Halaxe aitortu zuen berak azken agurrean.

Saioa Alkaizak sinadura propioko aleak utzi zituen, bere-berean duen zorroztasun diskurtsiboarekin. Aste hau oso gogorra izan da sendian izandako kolpe latz baten ondorioz eta nahikoa indar bildu zuen oholtzara igotzeko, «gaur kantari bizitzari» abestu zuen lehen agurrean.

Iker Sanjurjok ere duin defendatu zuen finalistaren aulkia, marka propioa utziz ariketa batzuetan.

Eta Saats Karasatorrek eta Sarai Roblesek, finalista berrien zapatekin, urrats tinkoz zapaldu zuten finaleko oholtza.

Anaitasuna bertsoaren topagune biribila bihurtu zen atzo arratsaldez.