Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Julio Soto Ezkurdia
Nafarroako bertsolari txapelduna

«Lehen bertsotik argi sumatzen nuen nire burua, erne eta presente»

Oso kontentu dago txapeldun berria. Seigarren txapela duen arren, aldiro berria da bertsolariaren azala. Argitasunetik kantatzen duen bertsolaria topatu du txapelak oraingo txandan, inguratzen duen munduari hitzak zorrotz josten dizkiona.

Julio Soto, igande goiz honetan Gorritin.
Julio Soto, igande goiz honetan Gorritin. (Iñigo Uriz)

Plaza izugarrian kantatu izanaren gozoarekin, zortzikoteak gauza ederrak egin zituela sentituta, eta txapela buruan. Biharamun gozoa, gorritiarrarena. 

Zorionak, Julio. Nola lo egin duzu Nafarroako seigarren txapelarekin?

Egia esan, ez dut lorik egin. Goizeko laurak aldera iritsi nintzen etxera, ohatzera sartu eta ezin izan dut lorik hartu, buelta eta buelta, burua ez zen gelditzen.

Ez du erraza izan behar final baten ondoren bertsoa burutik itzaltzea.

Oso zaila da. Oholtzan sekulako alerta egoerara ohitzen da burua, oso azeleratzen da, emozio zurrunbilo horretan oso gora etortzen da bat. Eta hortik jaistea zaila da.

Finalean lehen bertsotik ikusi zen entxufatuta zinela.

Poz handiena horrek ematen dit, lehenbiziko bertsotik argi sumatzen nuen nire burua, bideak aukeratzerakoan, bertsoak egiterakoan, erne eta presente sentitzen nintzen. Askotan ez da horrela izaten final egunetan. Larunbatean bestelako tenplea egokitu zen, nahiz eta lau ordu eta erdian eustea ere egokitu zitzaidan. Baina, oro har, hasi eta bukatu, erne eta argi sentitu nintzen. Horrek betetzen nau gehien.

Nakba, intifada, Capravo, Etxarriko lan istripua... Errimetan aberats, begiradan zorrotz. Etxeko lanak bistaratzeko aukera izan zenuen.

Bai, azkenean egun argia duzunean, egindako lan hori errazago ateratzen da. Gaiek ere lagundu egin behar dizute. Gai batzuek beste batzuek baino gehiago zeharkatzen zaituzte, eta batzuetan lexikoa hurbilagoa zaizu. Bertsolari denak igotzen gara oholtzara lan handia eginda. Atzo, egindako lan horren zati bat ateratzeko suertea izan nuen, eta horrelako plaza baten aurrean ederra da aukera hori.

«Azalean badirudi gero eta gizon berdinzale gehiago daudela, baina kezka ematen dit ez ote garen itxurakeria ariketa intelektual batean uzten ari egin beharreko aldaketa. Ez dago soberan gure gizon horri kantatzea»

Finalaren aurretik esan zenuen pikardia ateratzea gustatuko litzaizukeela. Hori ere lortu zenuen.

Gogo hori banuen, bai, gaiak aukera ematen zuenean irribarre erdi hori edo pikardia ateratzekoa, hor ere ausartu eta gozatzekoa. Euskal Herriko azken txapelketan aldarte horretatik nahiko gertu ibili nintzela uste dut, eta oraingoan ilusio hori neukan. Jende askok esan dit urte batzuetan ilunago egon naizela eta kopeta beltzegiarekin kantatu izan dudala. Uste dut berriz ere aldarte egokiago batetik ari naizela bertsotan, behar denean sakon eta behar denean jolasti. Poz handia ematen dit berriz ere oholtzan aldarte argitik ari naizelako.

Pikaro eta zorrotz. Adibidez, azken ganbarakoan, komunean masturbatzen ari zen nerabearen azaletik, jendeari barre txikia piztu zenion, baina baita gogoeta ere.

Ariketa horretan asebeteta geratu naiz gaiari ikusi nion zirrikitu horretatik segitu nuelako. Ez nuen umoretik hartu nahi, baina bai gozo. Iruditu zitzaidan esateko asko zeukala egoera horrek, itxuraz egoera irrigarria eman zezakeen arren. Problematika handi bat da; gurasoek eta hezitzaileek sexualitateari buruz hitz egin behar diete gaztetxoei, baina kostatu egiten zaigu. Horrek arazoa dakar, eta isla dauka sexu praktiketan eta zenbait bortizkeria kasuetan. Gozotik ibili nintzen, baina zerbait esateko esperantzan.

Zortziko handian Sarai Roblesekin aritu zinen. Berriz ere lehen lerrora ekarri zenuen gizontasunaren gaia.

Gaiak bide hori nahiko aukeran jartzen zuen, gizonak libre uzten ez zuen emakume bat aurkezten zuen. Gizonok zer pentsa eta zer hausnartu behar handi-handi bat dugu. Badirudi baietz, baina uste dut ez garela egiten ari. Azalean badirudi gero eta gizon berdinzale gehiago daudela, boterearen mapan posizio horretatik urruntzen ari direnak, baina kezka ematen dit –neure burutik hasita– ez ote garen hitz eta itxurakeria ariketa intelektual batean uzten ari egin beharreko aldaketa. Kezkatzen nauen gaia denez, gaiak aukera ematen duenean, ez dago sobera gure gizon horri kantatzea.

Zortziko txikian Eneko Lazkozekin zure lehengusu Joseba Ezkurdiaren izena agertu zen. Zerbait esango zizun...

Gauza gutxi (barrez). Elkar besarkatu genuen bukaeran, eta gutxi gehiago. Gaia entzun nuenean, Joseba lehengusua etorri zitzaidan burura, baina erabaki nuen ez aipatzea, akaso jende askok ez zuelako jakingo lehengusuak garela. Enekok (Lazkoz) aipatu zuen eta ez nuen beste erremediorik izan Joseba oholtzara ekartzea baino. Baina uste dut pertinentea izan zela, eta polita.

Txapela buruan, oso hunkituta ikusi zintugun. Esanahi handiko txapela da, ezta?

Hunkitu egin nintzen. Malko horiek zer esan nahi zuten ez dakit seguru nik ere. Azken urteetan txapelketa asko izan dira segidan. Ez da erraza. Horrelako egun gozoa egokitzen zaizunean eta txapelarekin etxeratzeko suertea duzunean, emozio asko pilatzen dira.