Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Korrelazioa eta kausalitatea nahasita, gezurra garaile

Orokorrean, ez naiz gai politikoei buruzko bideo laburren kontsumitzailea. Bizi garen munduan ikusleen arreta mantentzeko eta haien artean mezu argi bat zabaltzeko asko laburbildu behar dutela ulertzen dut. Horrexegatik, demagogikoak iruditzen zaizkit eta ez naute erakartzen. Aldi berean, okerrak iruditzen zaizkidan ikuspegiak indartzen dituzte, ez hainbeste edukiengatik, baizik eta sustatzen dituzten arrazoibideengatik.

Duela gutxi, lagun batek bideo horietako bat erakutsi zidan. Hiru minutu pasatxotan Palestinako egoera azaldu nahi zuen, urriaren 7ko gertaeren testuinguruan. Lagunak nire iritzia jakin nahi zuen, kazetaria naizelako, eta gatazka horri buruz ezagutza minimo bat eta jarrera argiak ditudalako. Bera, aldiz, eszeptiko dabil. Oro har, ezkerreko balioak ditu, baina aspaldi politikarekin desliluratuta dago. Interesgarria zen esperimentua, nik ez baitaukat material horiek eskuratzeko aukerarik -ez ditut bilatzen eta ez dizkidate bidaltzen-, eta bera, funtsean, horrelako bideoen bidez informatzen baita. Nik irudiak ikusten nituen bitartean, lagunak nire erreakzioei begiratzen zien.

Uste nuenaren kontra, bideoak ez zuen gezur bakar bat ere esaten, baina ez zuen tesi argirik planteatzen ere. «Ez digute dena kontatzen», «nik, ordea, ez zenekizkien gauzak esango dizkizut» eta «klase politikoak eta kazetaritza ofizialak ezkutatzen dizuten hori jakiteko iturria naiz ni» ideien nahasketa bat zen.

Oinarrizko manipulazio-mekanismoa korrelazioaren eta kausalitatearen arteko nahasketa zen. Ziur asko, egun hartan burtsan akzio jakin horien prezioak gora -edo behera- egin zuen; hilabete batzuk lehenago, herrialde jakin bateko goi-ordezkari batek bisita ofizial bat egin zuen, egia da; nazioarteko egunkari batek segurtasun-zerbitzuen iturri baten adierazpenak jaso zituen; hiru hamarkada lehenago eskualde hartako hiri batean argitu gabeko atentatu bat egon zen; eta inkestek gobernu honi buruz hau, hori edo hura esan zuten... Horrela, hiru minutuz, gatazkaren eta diplomaziaren irudiekin, iturririk gabeko grafikoekin, efektu bisualekin eta narrazio «logiko» batekin, kate-forma hartzen duten gertakari independenteen arteko erlazioa ezartzen da. Anbiguotasuna erabakigarria da: ez dute ezetz esaten, ezta baietz ere.

Pentsatzen dugu fake-news delakoei aurre egiteko lehentasuna planteatzen dituzten ideia okerrak eztabaidatzea dela, testuinguruan jarriz, egiazkotasunez eta balioekin banan-banan eraitsiz. Bada beste dimentsio bat, are garrantzitsuagoa ere izan daitekeena: eskema mentalak azaltzea, arrazoitzeko moduak hobetzea, pentsamendu «zuzena» sustatzea, ez ikuspuntu moraletik, baizik eta logikaren aldetik.

Nire laguna pertsona heldua, argia eta onbera da, eta ez nuen jakin hau guztia nola azaldu, aurkako efektua eragin gabe. Okerreko pentsamolde horien arazoetako bat da pedagogia delikatu batera behartzen gaituela, fondoko melodia soziala «ni ez naiz ergela» denean. Kasu honetan, bideoak Palestinako kausaren aldeko iritzia indartzen zuen. Kezkatuta nago, ordea, erreakzionarioa den eta konspiraziorako joera duen pentsamolde hori, finean, pentsamendu eta indar askatzailearentzat oztopoa delako. •