NAIZ

Labankadaz hil duten gizon baten gorpua atzeman dute karrikan, Baionan

Labankadaz hil duten gizonezko baten gorpua azaldu da, gaur goizean, Baionako erdigunean, zehazki Itsas ibilbidean. Jerome Bourrier fiskala bertaratu da polizia ikerketaren gainean lehenengo erabakiak bere gain hartzeko.

Baiona erdian gertatu da hilketa, Suprefeturaren egoitza kokatzen den Itsas ibilbidean.
Baiona erdian gertatu da hilketa, Suprefeturaren egoitza kokatzen den Itsas ibilbidean. (Guillaume FAUVEAU)

Gizonezko baten gorpua atzeman dute gaur goizean Baionan. Oraindik ere informazio handirik ez badago ere, gizonezkoak heriotza bortitza pairatu duela baieztatu dute.

Baionako erdigunean, zehazki Itsas ibilbidean azaldu da gorpua. Gizona labankadaz hil dute.

Baionako Auzitegian prokuradorea den Jerome Bourrier bertaratu du berahala martxan eman den polizia ikerketaren gaineko lehenengo erabakiak bere gain hartzeko.

Hilketarengatik behin-behineko ikerketa abian eman du Bourrierrek.

Informazio gutxi badago ere, France Bleu Euskal Herri irratiak hainbat xehetasun eman ditu. Bere erranetan hildakoa 30 urte inguruko gizonezkoa da.

Hedabideak gehitu duenez, jatorriz Afganistanekoa zen baina frantses nazionalitatea zuen. Lanera zihoala, bederatzi labankada jasan ditu eta erasoa gertatu den tokian bertan hil da gizona.

Goizean autozale anitzek hartzen dute Itsas ibilbidea lanerako eta haurrak eskolara eramateko. Ezinbestean Samuk burutu duen sorospen operazioak ikusmina eragin du.

Izan ere, sorosleek ezin izan dute ezer egin erasoa pairatu duen gizon gaztearen bizitza salbatzeko. Kalean bertan hil da eta bere gorpua aztertua izateko eraman dute.

Gazte bat hil zuten urrian ZUP auzoan

Denbora gutxi igaro da Baionan beste heriotz bortitz bat gertatu zenetik. Ipar Baionan, Gurutze Sainduaren auzoan (ZUP) izan zen.

Motor batean zihoan gizon gaztek beste gazte bati tiro egin zion. Urrian 14an gertatu zen eraso bortitzaren ondorioz hil zen Abdelkrim Kharbouch.

20 urteko gazte bat atzeman eta behin-behineko espetxealdian sartu zuten handik egun gutxira, gaztearen heriotzarekin zerikusia zuelakoan, Baionako Fiskaltzak baieztatu zuenez. Alta, tiroa jaurti zuen pertsona ez dute oraindik ere atxilotu.

Abdelkrim Kharbouch-ek 27 urte zituen eta denbora bat zeraman ZUP auzoan bizitzen.

Bere heriotzak zirrara handia eragin zuen auzokideen artean. Tokiko erakundeekin bilkura egin zuten urriaren 20an.

«Auzoko eragile guziak bildu dira eta errateko zutena entzuna izan da», adierazi zion bileraren karietara elkarte arduradun batek Mediabask hedabideari, auzoan ezarriko diren neurrien xehetasun gehiagorik eman gabe.