NAIZ

Basque Team Fundazioak 2023 urteko euskal kirolaririk onenak saritu ditu

Getxoko Olatua Itsas Estazioan egindako ekitaldian urtean zehar emaitzarik esanguratsuenak lortu dituzten kirolariak saritzeaz gain, Fundazioko kirolari onenen lana aitortu da eta 2024ko Joku Olinpiko eta Paralinpikoetarako dagoeneko sailkatu diren kirolariei ere aipamen berezia egin zaie.

2023an egindako lanagatik saritutako euskal kirolariak, Getxon.
2023an egindako lanagatik saritutako euskal kirolariak, Getxon. (@BASQUETEAM)

Basque Team Fundazioak euskal kirol elitea bildu du Getxoko Olatua Itsas Estazioan egindako ekitaldian, 2023. urteko kirolaririk onenak eta kirol lorpen nabarmenenak goraipatzeko eta saritzeko.

Sariak bloke ezberdinetan banatu dituzte. Hala, Basque Teamek eta euskal federazioek sustatutako goi mailako proiektuetan parte hartzen duten kirolarien emaitzei bideratuta egon da. Proiektu hauek parte hartze olinpikoa dute helburu nagusi abian den zikloan edo, salbuespen gisa, hurrengo ziklo olinpikoan.

Bada, Joseba Torres (golfa; Europako txapelduna taldeka), Ager Solabarrieta (tiro egokitua, karabina; Munduko txapeldun bikoitza 10 metro zutikako proban eta 10 metro etzandakoan; Zilarra 10 metro etzandako proban eta brontzea 10 metro zutikakoan, Europako txapelketan) eta Ander Cepas (mahai tenis egokitua; brontzea bikoteka Europako txapelketan) kirolariak saritu dituzte aurreneko bloke honetan.

Bigarren multzoan 2023ko Basque Team Fundazioko kirolari onenen lana aitortu da: Amagoia Arrieta (boccia), Iker Sastre (mahai tenis egokitua), Rakel Mateo (paratriatloia), Eukene Larrarte (pistako txirrindularitza), Agurtzane Egiluz, Naiara Rodriguez eta Laura Ugarte (gurpil aulkiko saskibaloia), Amaia Erbina eta Anne Fernandez de Corres (zazpiko errugbia), Aratz de Goicoechea (zazpiko errugbia), Aitor Francesena (surf egokitua), Iiñigo Peña (sprint piraguismoa), Maialen Chourraut eta Olatz Arregui (eslalom piraguismoa), Pau Echaniz (eslalom piraguismoa), Lucas Eguibar (snowboarda) eta Mikel Unanue, Oihane Otaegi eta Sergio Vez (curlinga) saritu dituzte hemen.

Paris 2024

Bestalde, ezin da ahaztu 2024an Parisko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak jokatuko direla eta hori izango dela urteko erronka nagusiena.

Nolanahi, fundazioaren interes orokorreko xedea «goi mailako euskal kirol ez-profesionala sustatzea» da, bai eta «euskal kirolarien parte hartzea handitzea» eta «nazioarteko goi mailako lehiaketetan emaitza hobeak lortzea» ere.

Modu honetan, ekitaldian dagoeneko plaza lortu dutenak saritu ditu: Salma Solaun (gimnasia erritmikoa), Higinio Rivero (sprint piraguismo egokitua), Nahia Zudaire (igeriketa egokitua), Iñigo Llopis (igeriketa egokitua) eta Asier Garcia (gurpil aulkiko saskibaloia).

Ekitaldiaren azken zatian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ander Elosegiri eman dio «Eguzkilore Zuria» saria, «euskal kirol olinpikoaren estandartea» dela iritzita. Ibilbide luze eta emankorrean, lau Olinpiar Jokotan finalerako sailkatzea lortu zuen Anderrek, horietako bakoitzean diploma bat bereganatu zuelarik: laugarren izan zen Beijingen 2008an eta Londresen 2012an; zortzigarren Rio de Janeiron 2016an eta baita zortzigarren Tokion 2021ean ere.

Zupiriaz aparte, sari banaketa hau burutzeko alor instituzionala honako hauek osatu dute: Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Amaia Agirre Getxoko alkatea, Joseba Urkiola EITB Mediako kirol zuzendaria eta Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzailea. Horiez gain, euskal federazioetako, enpresa munduko eta erakundeetako ordezkariak ere izan dira Getxon.