NAIZ

Beskoitzeko Herriko Etxeko bi hautetsi ikastolako gurasoekin elkartzeko prest agertu dira

Beskoitzeko ikastolako gurasoek protesta egin dute auzapezaren aurrean, uztailaren 6an ikastolarekin duen kontratua bertan behera utziko duela ofizialdu ondoren. Bi hautetsi prest agertu dira Ikastolarekin bilkura bat egiteko.

Beskoitzeko gurasoen protesta.
Beskoitzeko gurasoen protesta. (Guillaume Fauveau)

Beskoitzeko Herriko Etxearen aurrean ikastolako guraso, ikasle eta langileek protesta egin dute larunbat goiz honetan. Protesta egiten ari zirenean, bi hautetsi atera dira kanpokaldera eta bilkura bat egiteko prest direla esan dute, ez dute datarik zehaztu ordea. Gurasoek salatu dute urtebete igaro dela negoziazioak blokatuta daudenetik.

Lehenagotik ere, zenbait hautetsi Fabienne Ayensa auzapezak bultzaturiko deliberoaren kontra agertu ziren. Are, herriko kontseiluaren bileran Ayensa auzapezari «herritarrei emandako hitzari uko egin izana» egotzi ondoren, bere dimisioa eman zuen Marie-Jose Jocou zinegotziak.

Abenduaren 18an erabaki zuen Beskoitzeko Herriko Etxeak lurrak erabiltzeko Ikastolarekin duen kontratua bertan behera uztea, uztailaren seiko data darama lur saila uzteko aginduak. Pirinio Atlantikoen prefetari, Seaskako ordezkariei eta baita ikastolako arduradunei beraiei ere igorritako agiri baten bidez jakinarazi zuten erabaki ofiziala, horrela, 2014. urteaz geroztik baliatzen duen lur sailetik ikastola kanporatzeko prozedura.

Ikastola lortzeko lanak eta protestek aurrera jarraitzen dute, ordea. Abenduaren 26an protesta irudimentsu egin zuten, Olentzeroren laguntzarekin ikatza utzi zieten Beskoitzeko udal gobernua osatzen duten hautetsiei. Larunbat goizekoa ere, protesta zaratatsua izan da.