NAIZ
Tutera

«Futbola, euskara eta baloreak» hitzaldia, NAIZen ikusgai

Agerraldiak eta Union Tuterak mahai baten inguruan bildu ditu ostegun honetan Jagoba Arrasate, Mikel Labaka, Tania Gonzalez eta Oleguer Presas.

Gonzalez, Arrasate, Urkiri, Labaka eta Presas, Tuteran.
Gonzalez, Arrasate, Urkiri, Labaka eta Presas, Tuteran. (Iñigo URIZ | FOKU)

Futbolaren bidez eraldatu daiteke gizartea? Lagundu dezakegu euskara? Bestelako baloreak eman daitezke? Galdera hauei erantzunez, Agerraldiak eta Union Tuterak hitzaldia antolatu dute ostegun honetan eta mahai baten inguruan bildu ditu Jagoba Arrasate, Osasunako entrenatzailea, Mikel Labaka, Realeko bigarren entrenatzailea, Tania Gonzalez, Union Tuterako kidea, eta Oleguer Presas, futbolari ohia eta La Caserna futbol eskolako kudeatzailea.

Mahai-ingurua, NAIZeko kirol erredakzio buru den Ane Urkirik gidatu du eta NAIZen zuzenean jarraitzeko aukera egon da.

«Euskara lehen planora ekarri nahi dugu, eta parte-hartzaileek futbol profesionalean gaur egun dagoen errealitatea azal dezatela, baita hizkuntza zein beste balio batzuk sustatzeko aukerak ere», azaltzen du Ibai Sueskun, Agerraldiko kideak. Era berean, Unión Tutera eta La Caserna (Oleguer Presas Barçako futbolari ohiak Sabadellen dinamizatzen duen futbol eskola herrikoia) proiektuen esperientziak zuzenean ezagutzeko balioko du.

Euskara eta futbol profesionala. Bi termino horiek elkarrekin lotuta dauden aldien ehuneko handi batean, eztabaida ugari sortzen dira, eta, horregatik, «normalizazioa» da Unión Tuteraren eta jardunaldien beste helburuetako bat.

Asteburuan, beste hainbat ekimenen artean, Union Tuterak eta La Casernak futbol partida bat jokatuko dute Erriberako hiriburuan.