Iraultza artistikoa Uruguain

Badago herri bat Uruguaiko ekialdean, garai batean arrantzale herrixka izandakoa, Jose Ignazio. Bertan, diktadurak suntsitu zuen mugimendu artistikoa berpizten ari dira. Horrela, mundu osoko eliteentzat erakargarri bilakatu da, eta bertan igarotzen ditu oporraldiak gero eta jende gehiagok.

Jose Ignazio, airetik ikusita.
Jose Ignazio, airetik ikusita. (Santiago MAZZAROVICH | AFP)

Uruguaiko ekialdeko kostaldeko herri batean, turista dirudunak jendez lepo dagoen arte-azoka batetik paseatzen ari dira, lasai-lasai. Herrian bertan ekoiztutako ardo arrosa freskoa edaten dute eta inguru «magiko» horretako loraldi sortzaileaz hitz egiten ari dira ibili bitartean, oporraldiaz gozatuz.

Amaigabeak diruditen eta Atlantikora irekita dauden urre koloreko hondartzak, batetik, eta pertsona baino nahikotxo behi gehiago zeuden belardi zabalak, bestetik. Bi postal itxuraz kontrajarri horien artean dago Uruguaiko txoko txiki hau, artearen, kulturaren eta gastronomiaren gotorleku bilakatu dena.

Uruguaiko Kostalde Atlantikoan ezkutatuta, Jose Ignacio herria Hego Amerikako helmuga turistiko esklusiboenetako bat bihurtu da azken hiru hamarkadatan. Hondartza bareek, “shabby chic” estetikak eta dotorezia axolagabeak nazioarteko ospetsu ugari erakarri dituzte. Horrek ere lagundu du herriari bestelako kutsua ematen.

Lehorreko bide meharrak, itsasoko olatuek bakarrik eteten duten isiltasuna, ilunabar amaigabeak, itsasargiaren argia eta kaioen karranka: horrelakoa da Jose Inazio bizitza osoa bertan eman dutenentzat. Aspaldi ez dela, arrantzaleen herri lasaia zen, paradisu bat bakartientzat eta Ekialdeko Puntan noizbehinka paparazziengandik ihes egin nahi zuten famatuentzat. Baina azken urteotan, Jose Ignazio Latinoamerikako lekurik dotoreena bihurtu da, ia beti lasai ibiltzeko aukera ematen diena mundu osoko eliteei.

Toki bukoliko horretan daude Uruguaiko arte garaikideko museo nagusietako batzuk, baita galeriak ere. Bertan, zinema eta argazkigintza jaialdiak egiten dituzte azken hamarkadatan. Urtarrileko bigarren astean, esaterako, Jose Ignacio herria “Este Arte” nazioarteko azokaren hamargarren edizioaren egoitza izan zen.

«Hasi ginenean, hainbat pertsonarekin hitz egin nuen honetaz, eta gehienek uste zuten Uruguain ezin zela horrelakorik egin. Ez gara Argentina edo Brasil bezalakoak. Ez legoke erosle nahikorik», gogoan du Laura Bardier arte komisarioak.

Usteak ustel direla dio esaera zaharrak, eta kasu honen neurrira egindako baieztapena dirudi, jendeak pentsatzen zuenik ez baita bete.

Izan ere, ekitaldiak gero eta bildumagile gehiago erakartzen ditu, batzuk garrantzitsuak eta beste batzuk lehen urratsak egiten ari direnak. 300 eta 2,5 milioi dolar bitarteko piezak ekartzen dituzte, nahiz eta artelan gehienek 20.000 eta 50.000 artean balio duten.

New Yorketik bisitan doaz Rafael Ortiz neurozirujaua eta bere emazte Emille Agait dentista pediatrikoa. Artelan bat erosi dute Jose Ignacion, Hamptonsetan duten etxean jartzeko. Uda eta oporraldiak igarotzeko modan dagoen lekua da Hamptons, eta gero eta gehiago alderatzen dute Jose Ignaciorekin.

Agait bere lagun bildumagileei ezagutu berri zuen txokoari buruz hitz egiteko irrikaz zegoen, gehiago itxaron ezinda.

Artearen basamortua

«Erraza, lasaia, baina dotorea eta dibertigarria da. Mundu guztia da ederra», azaldu du sutsu Agaitek, inguruarekin guztiz liluratuta.

Hainbat hamarkadaz, Uruguaiko ekialdeko Punta del Este hiria Hego Amerikako elitearen udaldia igarotzeko lekurik gogokoena izan da, eta bere gau giro frenetikoak eta itsasoaren aurreko etxe orratzek eragin dute hainbatek Miami edo Montecarlorekin konparatzea.

Hala ere, toki itxuratiago eta diskretuagoak nahiago dituztenek ekialderago dauden herriak aukeratzen dituzte gaur egun oporraldia pasatzeko, Jose Ignaziora joan ordez.

Turista bat Espacio O galerian (Santiago MAZZAROVICH / AFP)

Herrian badaude etxebizitza benetan garestiak eta jatetxe bikainak, lurrezko bidez inguratuta, urrunean mahastiak ikusten direlarik.

Laurogeiko hamarkadan, «Jose Ignacio hutsik zegoen... arrantzaleak eta bertako jendea baino ez zen bizi», gogoan du Renos Xippas galeristak. Eta duela hamarkada bat arte, eskualdea «artearen basamortua» zen.

Xippasen arabera, Covid pandemiaren ondorioz, atzerritar askok herritar oso gutxi zituzten Uruguaiko landa-eremuetan bilatu zuten aldi baterako bizitokia.

Gero, bertan geratzea erabaki zuten bisitari zirenek, bizi kalitateak erakarrita, seguruenik. Izan ere, Belgika baino sei aldiz handiagoa da herrialdea, baina biztanleriaren herena dauka.

Horrek artearen merkatua bultzatzen lagundu zuen edo, hobeto esanda, 1973tik 1985era herrialdea suntsitu zuen diktadurak hondatutako «tradizio oso zahar baten» berpiztea ekarri zuen.

«Uruguaitarrak oso jende kulturaduna eta lasaia dira», Xippasen arabera.

Ezereza eta isiltasuna

«Iraultza moduko bat egon da», azaldu du, era berean, Pablo Atchugarryk, Italian bizi den 69 urteko eskultore uruguaitarrak, forma ematen ari zaion marmolaren hautsez estalita. «Espazio hau iraultza horren epizentroa izan da», adierazi du.

Atchugarryk 2022an inauguratu zuen MACA inguru horretan bertan.

Uruguaiko arte garaikideko museo nagusia da gaur egun eta ezerezaren erdian kokatutako itsasontzi itxurako egitura erraldoia dauka egoitzak. Eraikina 40 hektareako eskultura-parke batez inguratuta dago.

Eskultoreak ingurua Uruguaiko Kosta Urdin antzeko bat bezala deskribatzen du. Hain zuzen ere, «erosteko ahalmen handia eta artearekiko interes kulturala» duen publikoa erakartzen du toki honek.

Atchugarryk eta beste artista batzuek herrialdeko txoko honen «energia magikoa» nabarmentzen dute, artearen oasi bilakatu izanaren arrazoia izan daitekeena.

«Argiak, espazioak, ezerezak eta lasaitasunak» erakarri zuten Heidi Lender argazkilari estatubatuarra inguru paregabera.

«Uste dut leku ezin hobea dela sortzeko», ziurtatu du artistak. Jose Ignaciotik 35 kilometro iparraldera dagoen Pueblo Garzon izeneko herri txiki bat hartu du bizileku Lenderrek.

Turista bat, argazkirako zoriontsu (Santiago MAZZAROVICH / AFP)

Han, Lenderrek irabazi asmorik gabeko erakunde bat zuzentzen du. Campo proiektuak, mundu osoko artistentzako egonaldiak antolatzen ditu.

Urte osoan zehar bertan bizi diren 200 biztanle baino gutxiago ditu Pueblo Garzonek. Aldiz, badauzka galeria mordoa, baita Francis Mallman chef argentinarrak zuzendutako jatetxe bat ere.

Kezka

Bisitari eta ekitaldi gorakada honek, ordea, kezka ere sortu du hainbatengan. Larrituta dauden horietako bat da Robert Kofler austriar arte-bildumagilea. Kezka eragiten dio higiezinen espekulazioak bere egin duen paradisu zatia hondatzeak.

Kofler boutique hotel baten jabea da. Bertan arte-instalazio bat eraiki zuen, Jose Ignacio «munduko mapan» kokatzen lagundu zuena.

James Turrell artista estatubatuarra konbentzitu zuen herrira bere Skyspaces bat ekar zezan. Marmol zuri hutsezko kupulak dira Skypace deituriko egiturak, zeinaren bidez bisitariek zerua behatzen duten ilunabarrean, argi artifiziala erabiliz koloreen pertzepzioa desitxuratzen dieten bitartean.

Koflerrek ziurtatu du etengabe ari dela hondartzako klubak edo etxe orratzak eraikitzeko saiakeren aurka borrokan.

«Zerk darama jendea 12 eta 14 ordu bitarteko hegaldiak egitera honaino etortzeko?», galdetzen dio bere buruari. «Edertasun hau da, energia, lasaitasuna eta geldotasuna», erantzuna ere berak ematen dio bere galderari.

«Ezagun duzunetik aldentzea da, Saint-Tropez, Monako edo Malibutik. Horregatik da hain garrantzitsua zaintzea», azpimarratu du.