NAIZ

Oinarrizko euskara ikasi, eta euskaraz mintzatuz bilbotarrak txunditu ditu Xiaoma newyorktarrak

«Baduzu gazta euskalduna?», galdetzen du Xiaomak Bilboko merkatuan. «Zein da goxoena?». «A mí me gusta más ese», saltzaileak. New Yorkeko gazte poliglotak hizkuntzen oinarriak ikasi eta praktikara eramaten ditu bideoak grabatuz. Euskararekin egin du saioa, eta hamaika ikusle eta erreakzio izan ditu.

Xiaoma New Yorken bizi den gazte poliglota da. Hizkuntzen oinarriak ikasi eta dakiena praktikan jarri ohi du bideoak grabatuz. Oraingoan, euskararekin probatu du. Hiru astetan ikastaro trinko bat egin ondotik, Bilboko merkatu batean izan da. Ikustekoak dira bertako lagunen erreakzioak... irribarrea ateratzen dute, baina ez da urrun negargura ere.

Kike Amonarriz soziolinguistak txiokatu du albistea.

 

 

Bi astetan milioi bat ikusle izan ditu bideoak Youtuben, eta 1.500 erantzun baino gehiago. Harrituta eta eskertuta idatzi dio jendeak, zorionduz eta itzultzera gonbidatuz.

‘Zergatik egiten duzu euskaraz?’

Xiaomaren galderak: «Baduzu gazta euskalduna? Zenbat da?». Eta erantzuna: «¿Cuánto cuesta? Seis noventa». AEBetakoak, euskarari eutsiz, «zein da goxoena?». Eta euskal herritarrak: «A mí me gusta más ese».

«New Yorkekoa naiz, gutxi hitz egiten dut», desenkusatzen da youtuberra, eta Bilboko merkatuko saltzaile eta erosleek harrituta begiratzen diote, aho zabalik: «¿Por qué hablas euskara? ¡Sabes más que yo!», irriz.

«Fruta erosi nahi dut», saiatzen da beste postu batean, eta hemen ere gaztelaniaz hartzen dute. Euskaraz dakien saltzaile bat ikusten duenean, beregana jotzen du gazte poliglotak. «Bizkaieraz egiten dut batez ere», azaltzen dio merkatariak. Eta bisitariak Euskal Herria zapaltzen duen lehen eguna duela kontatzen dio. «Bertako jendeak baino gehiago dakizu», berresten du postukoak.

«Hiru astez ikasi nuen», Xiaomak.

«Harrituta nago. Amerikarra, euskara ikasten, hiru astetan», esaten die saltzaileak kideei. «Muy fuerte, tienes mucho mérito», baloratzen dute.

«Zergatik ikasi duzu?», berriro. «Gustatzen zaidalako».

New Yorken bizi dela eta hurrengo egunean itzuliko dela esatean bisitan joatearekin amesten dute merkatariek, barre artean.

«Es difícil, ya me da pena no aprenderlo», aitortzen diote erosle batzuek. Garai batean debekatua egon zela esplikatzen diote, eta horregatik ez dutela hitz egiten adineko askok. «Segi ikasten», animatzen dute.

Milesker

1.500 erantzunetik gora jaso ditu dagoeneko Xiaomak. Adibidez, hala idatzi dio Uxuek: «Zu bezalako jendeak, euskara hizkuntza bultzatzen dutenek, uste baino gehiago egiten duzue gure kulturarengatik. Milesker!».

Miguel Angelek gaztelaniaz erantzun dio, irriz: «Eres un campeón, digno de admirar. Seguiré apoyando tu canal porque es divertido e interesante. Un saludo cordial».

Ingelesezko mezu pila heldu zaizkio. Honakoa, esaterako: «The lady speaking to you in basque reminded me of my family a lot. Basque people have a unique way of talking and expressing themselves and you met a true basque lady there!».