Iraitz Mateo

Tanttaka teatroaren ‘Sexberdinak’ antzezlanak irabazi du XXIV. Donostia Antzerki Saria

‘Sexberdinak’ antzezlanak irabazi du 2024ko Donostia Antzerki Saria. Epaimahaiak landutako gaia, lantzeko modua eta erabilitako eszenografia saritu ditu. Pubilkoak itzulitako maitasuna eskertu dute taldekideek, eta gaia oholtzara eramateagatik pozik agertu dira.

‘Sexberdinak’ antzezlana Telmo Irureta eta Aitziber Garmendiak oholtzaratzen dute.
‘Sexberdinak’ antzezlana Telmo Irureta eta Aitziber Garmendiak oholtzaratzen dute. (Donostia kultura)

‘Sexberdinak’ antzezlanak irabazi du XXIV. Donostia Antzerki Saria. Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta dira aktore protagonistak, garun-paralisia duen kazetaria eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzailea gorpuzten dituzte, beren bizipen afektibo sexualak azaltzen dituzte oholtzan «inolako konplexurik gabe». Martxoaren 27an izango da sariketaren gala Victoria Eugenian.

Jon Insausti Donostiako Udaleko kultura eta euskara zinegotziak eman du irabazleen berri, eta Norka Chiappussok, Donostia Kulturako Antzerkia eta Dantza ataleko zuzendariak, azaldu ditu epaimahaiaren argudioak. «Oso modu egokian egiten da aniztasun funtzionalaren planteamendua eta, aktoreen, zuzendariaren eta erabiltzen diren baliabide eszenografikoen bitartez, emaitza bikaina lortu dela azpimarratu dute kide guztiek», adierazi du.

Antzezlanean plazaratzen duten gaia gutxitan landu izan dela gaineratu du eta antzezleek «konplizitate osoz, indarrez, umorez eta irudimenez beterik» taularatu dutela lana, «komedia eta drama uztartzeko gaitasun paregabea dutela erakutsiz». Horrez gain, eszenografiaren berezitasuna ere aipatu du: «Ikusleak gurpil-aulkietan eserita daudela, erdian geratzen den espazioak osatzen duen eremu eszenikoa oso baliabide eraginkorra da publikoarengana emozionalki iristeko».

Sarien poza eta indarra

Ostiral goiz honetako aurkezpenean Mireia Gabilondo antzezlaneko zuzendaria eta Kepa Errasti gidoilaria ere izan dira. Tanttakaren izenean Gabilondok eskerrak eman ditu, Tanttakak saririk jasotzen ez zuela 20 urte bazirela eta «poza» sentitzen dutela. Max saria ere irabazi zutela gogoratu du ondoren.

«Lan maitagarria» izan da ‘Sexberdinak’ Gabilondorentzat: «Arriagan lan bat egin genuen Telmok eta biok, maitemindu egin ginen eta zerbait gehiago egin nahi genuenez Zumaian elkartu ginen. Sexuari buruz hitz egin nahi genuen». Errasti eta Iruretak idatzi zuten.

Garmendiak irri artean aitortu du bere kideei begira: «Kontatu moskitera baten azpian jarrita idatzi zenutela antzezlana, Telmori euliek traba egiten ziotelako, nik estanpa marikita horren argazkia ikusi nuenean banekien hortik zerbait ona aterako zela». Iruretak testu serioagoa espero zuela kontatu du, eta segidan gehitu du: «Baina Keparekin elkartu… eta txisteak ateratzen zitzaizkigun». Errastiren iritziz «erraza» izan da idaztea, Iruretak lan asko «aurreratuta» zuelako: «Puzzle baten piezak izan eta puzzle bat osatzea izan da lana». Pozik daude egindako lanarekin.

Publikoan eragin, eta publikoaren eragina

Gabilondok azaldu du publikoaren kokapenari garrantzia berezia eman diotela. Izan ere, orain publiko zabalagoarentzat egiten ari badira ere, hasieran 60 ikusle soilik zeuden, eta hauek gurpildun aulkietan eserita. Hori egin ahal izateko, duela bi urte Udabiltzak emandako Geuretik Sortuak bekari eskerrak eman dizkiote. Baita ere beraien pieza zabaltzeko Euskal Herrian «toki alternatiboak» bilatzearen lana txalotu ere.

Jasotako erantzuna «oso positiboa» izan dela azaldu dute, inoiz pentsatu ez dugun gai bat izanik eta publikoa «estu xamar» hartuagatik ere erantzun ona jaso dutela. Iruretak azaldu du gurpildun aulkian dagoen publikoak «barre asko eta negar asko» egin duela antzezlanarekin, «baina bizitza hori da, momentu batzuk oso alaiak eta gero bajon». Garmendiaren iritziz «egi handienarekin» hurbildutako publikoa, antzezlaneko pertsonaien egoeran daudenena da, eta gaia umoretik hartu izana eskertu dietela ohar egin du.

Publikoa «estu hartzea» aipatzerakoan, antzezlanean zehar publikoari galdera zuzenak egiten dituztela esan nahi dute. Sexuaren inguruko galderak dira eta Garmendiaren iritziz herri txikietan bizi dituzte esperientzia politenak: «Guk galdetzen diogu publikoari ea aste horretan zenbat aldiz masturbatu den, eta esango ligukete, baina herri txikietan guztiak ezagutzen dira, eta ikusle bezala dagoen okinak ere jakingo du zenbat masturbatzen zaren, esperientzia politak sortzen dira». Gainera, publikoa oso gertu dago, lehen lerroetakoak argiztatuta, eta ikuslea anonimo izatetik ateratze hori ere gustuko du Garmendiak. Iruretari galderen momentua gustatzen zaio, inprobisatzeko aukera ematen dielako.

11.300 ikusletik gora

Martxoaren 27an jasoko du saria Tanttaka konpainiak, 12.000 euro eta Aitor Ruiz de Eginoren artelana, hain zuzen ere. Antzerkiaren Nazioarteko eguna baliatuz, 19.30ean Victoria Eugenia Antzokian egingo da ekitaldia, eta lan irabazlea eskainiko da ostean, doan.

Garmendiak aurrerapen bat egin du aurkezpenean: aurtengoan ere bera izango da ekitaldiaren aurkezle eta, hein batean, bere buruari eman beharko dio saria: «Polita bezain frikia izango da norbere buruari gala bat antolatzea, aktore baten egoa elikatzeko nik uste dut bide arriskutsu xamarra dela, baina saiatuko gara ahalik eta politena egiten».

Insaustik eman ditu 2023ko Donostiako antzerkiaren inguruko datuak. 20 antzezlan eskaini ziren Donostian eta 11.308 ikusle joan ziren eskainitako 44 emanaldietara, «bide oparoa» izan duela antzerkigintzak kontatu du. Baina zenbakietatik haratago, «kalitatea» dagoela azaldu du, eta batez ere antzezlan honek publikoaren «eragin bat sortzea» txalotzekoa dela esan du.