Elkarrizketa
Maddi Torre
Athleticeko jokalaria

«Mezuak izan behar du Barçaren aurka dena emango dugula, irabazten saiatuko garela»

Maddi Torre (Donostia, 1996) «etxera» itzuli da, azken lau urteak Realean eman ostean. Dena jokatzen ari da David Aznarrekin eta azken partidan garaipenaren gola sartu zuen, Levanteren aurka (1-2). Bartzelonaren aurkako finalerdian (gaur, 21.00etan, Johan Cruyff zelaian) «irabaztera aterako» direla.

Audio_placeholder

«Mezuak izan behar du Barçaren aurka dena ematera aterako garela, irabazten saiatuko garela»

Loading player...
Maddi Torre, San Mamesen.
Maddi Torre, San Mamesen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Donostiarra jaiotzez baina Sopelan hazitakoa, Maddi Torrek Athleticekin egin zuen debuta Lehen Mailan, 2016an. Aukera berrien bila kanpora atera zen eta dio «beti izan duela gogoan itzulera». «Inoiz ez da berandu», ziurtatu du. Argi hitz egiten du beti eta kasu honetan ere, mezu argia azaleratu du, Bartzelona ahalguztidunaren aurkako partida zailari begira (gaur, 21.00etan, Johan Cruyff zelaian). Kopako finalerdietako joanekoan, San Mamesen, 0-3 galdu zuten eta kanporaketa iraultzea zaila den arren, «dena ematera aterako garela» ziurtatu du zuri-gorriak, emaitza positiboren bat bilatu asmoz.

San Mamesen 0-3 galdu zenuten Bartzelonaren aurka, Kopako finalerdietako joaneko partidan. Zerbait baikorra esatearren, San Mamesen 23.000 zale bildu zirela, ezta?

Bai, hori da. Bilbotarrak horrelakoak gara, pixka bat eroak, nolabait esatearren. Emakumezkoen futbola betidanik asko babestu dute eta Bilbon horrela bizi da futbola. Gainera, ikusita gizonezkoak ere bolada onean daudela, nabaritzen da klubean sinergia hori eta zaleak nahi du emakumezkoetan ere Athletic urrutira iristea eta horrela ikusten da harmailan.

Levanten 1-2 irabazi zenuten, 1-0 atzetik joanda eta zure golarekin, 81. minutuan, garaipena eskuratuta. Nolakoa da hori?

Izugarria! Nekea hanketan, markagailuan atzetik, zegoen haizearekin... dena maldan gora geneukan. Aldagelan Davidek [Azkar, entrenatzailea] esan zigun hobeto geundela, beraiek jaurtiketa bakarra egin zutela lehen zatian eta gola izan zela, eta guk, aldiz, aukera gehiago izan genituela. Beraz, saiatu ginen egoera hori iraultzen eta ondo atera zitzaigun dena. Geldikako jokaldian sartu genituen bi golak eta sekulako poza izan zen, harro bukatu genuen.

Sekulako hauspoa emango dizue garaipen horrek, ze Levante hirugarren sailkatua da eta ligan bi partida soilik galdu dituzte, hain justu biak Athleticen aurka.

Bai, ez dakit kasualitatea den edo zer den, baina bai da datu objektibo bat. Gu ondo lehiatzen gara, egia da argi eta ilunekin gabiltzala, taldea oso gaztea delako, baina nik uste dut bigarren itzuli honetan erregulartasun hori bilatu behar dugula, eta nahiko bide onean gaude.

Ostegun honetan Kopako itzulerako partida izango duzue. 0-3ko markagailua Bartzelonari iraultzea oso zaila da, hala ere futbolean ez dago ezinezkorik eta zein helburu izango duzue?

Nik uste dut mezuak izan behar duela dena emango dugula, irabazten saiatuko garela. 0-3 irabaztea oso zaila izango da baina zergatik ez? Beraiek ere egiten dituzte akatsak eta saiatuko gara kanporaketa hau gainditzen, jakitun izanda oso oso zaila izango dela.

Arlo pertsonalean pentsatzekoa da pozik zabiltzala; partida guztiak oso-osorik jokatu dituzu eta, gainera, maila onean.

Oso-oso pozik nago, hasieratik. Denboraldi aurrean ere pozik nengoen eta oraindik ez zen txapelketa hasi. Ez da jokatzea edo ez jokatzearen kontua, jokatzeak asko laguntzen du baina nik hemen egon nahi nuen. Horrela adierazi nuen hasieratik eta poz-pozik nago dauzkagun baliabideengatik, taldeak nola lehiatzen duen ikusita, berriro ere etxera itzuli naizelako. Nire familia Sopelan bizi da eta Athleticetik hain gazte ateratzen den edonork dauka itzulera gogoan [20 urterekin Santa Teresa taldera joan zen]. Horrela izan da, 28 urterekin, eta pozik nago.