Maddi Txintxurreta

Biharamunak gazitu du Donostiako ekimenaren arrakasta gozoa

Sentipen «gazi-gozoak» utzi ditu antolatzaileengan Kulturatik taldeak igandean Donostian deitu zuen ekimenaren biharamunak. Izan zuen arrakastarekin oso pozik dira, baina Gaza genozidioaren egunerokotasunera bueltatu dela ohartarazi dute.

Kulturatik taldeak igandean Donostian deitu zuen mobilizazioaren amaieran hartutako irudia.
Kulturatik taldeak igandean Donostian deitu zuen mobilizazioaren amaieran hartutako irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Sentipen «gazi-gozoak» utzi ditu antolatzaileengan Kulturatik taldeak igandean Donostian deitu zuen ekimenaren biharamunak. Ezin ezbaian jarri palestinarrei elkartasuna agertu eta Israel egiten ari den genozidioa ozenki salatzeko helburuak bete zituen mobilizazio ikusgarriaren arrakasta, baina ezin ezer ospatu, aldi berean, bonba israeldarrek Gazako ospitale eta errefuxiatu kanpalekuak jotzen dituzten bitartean.

Hala aitortu zion GARAri atzo Igor Otxoak, Kulturatik Genozidioari Stop egitasmoko kideak. «Alde batetik, balorazio ezin hobea egiten dugu, uste genuena baino askoz hobeto atera zen», balioetsi zuen. Bestetik, aldiz, ekimenaren biharamunak berriz ere «egunerokotasunera» bueltatzea ekarri zuen; eta, Gazan, «egunerokotasunak segitzen du izaten genozidioa, sionistek segitzen dute sarraskitzen», ohartarazi zuen.

Alderdi Ederretik abiatu eta Kontxako Pasealekua igaroz, Haize Orrazirako ibilbidea egin zuten igandean milaka herritarrek, bidean hainbat kulturgileren emanaldiekin topo eginda. Haize Orrazian, Gernika bonbardatu zutenean (1937ko apirilaren 26an) aditu zen sirena martxan zen bitartean, lurrean etzan ziren eta irudi ikusgarriak hartu zituzten antolatzaileek drone bidez. Euskal Herriko 300 kulturgile inguruk babestu zuten ekimena, Kulturatik taldearen deialdira eta komunikatura batuz. Mobilizazioa prestatzea ez zen lan erraza, baina igandera arteko «ibilbidea oso atsegina izan da», nabarmendu zuen Otxoak. «Sekulakoa izan da artista guztien erantzuna, masiboa, baita gizartearen gehiengo zabal batena ere, alderdi gehienena, sindikatu guztiena... Nabaritzen genuen zerbait handia zetorrela», adierazi zuen. Eta horrela izan zen.

Donostiako ekimen handi horren irudiek «munduari bira eman diote», Igor Otxoak esan modura, eta, modu horretara, «herri txiki honek» ahotsa altxatu du «ikus dezaten palestinarrekin dagoela», gaineratu zuen.

Sare sozialetan herrialdez herrialde zabaldu da Donostiako mobilizazioa eta nazioarteko komunikabide «pila bat» kontaktuan jarri da Kulturatik taldeko antolatzaileekin, irudiak bidaltzeko eskatuz. Gainera, informazio agentzia garrantzitsuek ere zabaldu zituzten Haize Orraziaren alboan hartutako bideoak eta argazkiak, Reuters, Asociated Press eta Agence France Press-ek, kasurako.

Igor Otxoaren ustez, gainera, bestelako itu bat ere bete zuen Donostiako ekimenak: palestinarrengana iristea. «Ezin dugu lokartu eta gertatzen ari denarekin ohitu. Ekimenak egin behar ditugu. Zeren, egoera horretan zaudela, ikustea munduaren beste leku batean gizarte batek erantzuten duela, beraientzat, nahikoa ez den arren, bada arrazoi bat jakiteko ez daudela bakarrik. Mohammad Farajallahk esan zigun hori oso garrantzitsua dela eta iritsi zaizkiola dozenaka mezu. Beste helburu bat zen hori, eta hori ere bete dugu», nabarmendu zuen.

Agintarien txanda

Donostian eginiko ekimen erraldoiak Israelen genozidioa aho batez salatu eta hurrengo egunean, sionistek bonbardaketak gogortu zituzten. Hor, bestondo gazia. «Jakitea orain, hitz egiten garen bitartean, bonbardaketek jarraitzen dutela, haurrak hiltzen ari direla... gorputz txarra uzten du. Eta berresten du jarraitzeko beharra dagoela. Atzo Mohammad Farajallahk aipatzen zuen bezala, jada ez dituzte hitzak behar, ekintzak behar dituzte», adierazi zuen Kulturatik taldeko kideak.

«Hori da eskatzen dieguna eragin pixka bat izan dezaketen horiei –azpimarratu zuen–, kasu honetan, gure gobernuei. Igandean, PSE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Sumarrek bat egin zuten komunikatuarekin, eta, hartan, gure politikariei eskatu genien berehala eten ditzatela harreman komertzialak eta diplomatikoak Israelekin. Hori da orain eskatzen diegun urratsa, pilota beraiei pasatu diegu».