Asier ROBLES

Euskal selekzioaren partidan ofizialtasuna aldarrikatzeko deia egin dute

Euskal selekzioak Uruguairen aurka martxoaren 23an izango duen partidura joateko deia egin dute Gure Eskuk eta Gu Ere Baik: «Gure ikurrak astintzeko unea da, herri harrotasuna lau haizetara zabaltzeko unea da».

Gure Esku eta Gu Ere Bairen agerraldi bateratua Bilbon.
Gure Esku eta Gu Ere Bairen agerraldi bateratua Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA)

Gure Eskuk eta Gu Ere Baik agerraldi bateratua egin dute astearte honetan euskal selekzioak Uruguairen aurka martxoaren 23an izango duen partidara joateko deia egiteko euskal herritar guztiei. Era berean, Euskal Herriko kirolariak, klubak, zaletuak, instituzio ezberdinetako arduradunak, hedabideetako profesionalak eta eragileak batuko dituen dinamika nazionala behar dela aldarrikatu dute.

Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak nabarmendu duenez, hitzorduz beteriko asteak datoz Euskal Herrian, «horrelakoa baita gure herria, dinamikoa, bizia...». Horren adibide gisa jarri ditu asteburu honetan, mendi federazioek Euskal Herriko luze zabalean antolatu dituzten mendi irteerak, hainbat kulturgilek herri palestinarrari elkartasuna adierazteko Donostian antolatu zuten manifestazioa, eta nola ez, ostegunetik hona Euskal Herria zeharkatzen ari den Korrika.

«Herri harrotasuna bolo-bolo dabil gure kaleetan, eta horrekin batera, gure herriaren ikurrak», azpimarratu du.

Bide horretan, herri gisa erronkei aurre egiteko unea dela uste du Gure Eskuk. Gogoratu duenez, «nazio aniztasunaren inguruko eztabaida modu publikoan ireki da, eta gure ardura da nazio aitortzaren gaia erdigunean kokatzea». Horrek, besteak beste, ofizialtasunaren bidean «urrats egokiak» ematea ahalbideratuko duela adierazi du Etxaburuk.

Ideia berari buruz hitz egin dute Patxi Gaztelumendi eta Oihana Azkorbebeitia Gu Ere Baiko bozeramaileek, eta nabarmendu dute «herri honek euskal selekzioen ofizialtasuna behar duela, nazioartean Esukal Herriko kirolariak aritzeko eta mundu mailan garapen osoa izan dezagun. Gure herria nazioartean libre ezagutzeko modua ere bada».

Hori dela eta, euskal selekzioak martxoaren 23an izango duen partidura joateko deia egin diete euskal herritar guztiei: «Gure ikurrak astintzeko unea da, herri harrotasuna lau haizetara zabaltzeko unea da».

Zailtasunak bidean

2020an Costa Ricaren kontra Eibarko lpurua futbol zelaian izan zuen gizonezkoen euskal selekzioak azken partida, eta gerora emakumeen bi agerraldi izan dira Zubietan eta Mendizorrotzan.

Baina, euskal Selekzioaren alde egin, animatu eta ofizialtasunaren aldeko bide honetan, «hutsuneak» ere egon direla salatu dute Gu Ere Baiko kideek: «Euskal Futbol Federazioak 2018ko asanbladaren aginduak (Durangon aho-batez onartu zirenak) betetzeko aukera izan duen arren, baina Federazioak ez ditu aginduak bete, ez du eragile sozialekin orain arte inolako hartu-emanik eduki nahi izan eta nazioartean hasitako bidea zokoratu baino ez du egin, hori bai, inolako azalpenik eman gabe».

Era berean, espainiar Federazioa egungo egoeraren erantzule egin dute, «ofizialtasunaren aurka jarduteagatik, eta diren traba eta tranpa guztiak jartzeagatik».