NAIZ

Korrikaren amaiera festan NAIZ gune berezia izango da Baionan

Korrikarekin batera NAIZ gunea ere Baionara iritsiko da igande honetan. Egitarau zabala izango da Korrikaren azken festara hurbildutako guztientzat: jan-edana, musika eta NAIZ Irratiaren zuzeneko emisioa. Puntu ubela ere bertan izango da.

NAIZ gunea izango da igande honetan Baionan.
NAIZ gunea izango da igande honetan Baionan. (NAIZ)

Euskal Herriaren erdia zeharkatu du jada Korrikak, eta asko daude igandeko festa handira begira. Aste honetan aurkeztu dute Baionan ospatuko den festako egitaraua, eta bertan izango da NAIZ gunea ere, San Andres plazan, eskaintza zabalarekin.

Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertaratzeko deia egin zuten asteartean Korrikako kideek, eta NAIZek ere dei berezia egin du milaka euskaltzale elkartuko dituen festara batzeko. Urteak dira AEK-k eta NAIZek Korrikaren aldeko akordioa sinatzen dutela, eta 23.Korrika honetan ere hala izan da. Horri esker Korrikaren petoa kioskoetara heldu zen GARArekin batera, Euskal Herriko ehunka txokotara.

Musikaren presentzia handia izango da San Andres plazan kokatutako NAIZ gunean. Korrikaren iritsieraren ondotik hasiko dira musika doinuak. Ipar Euskal Herriko kultur eragileen parte-hartzea lehenetsi dute, eta horren adierazgarri izango da NAIZ gunea ere bai. 13:45ean Anje Duhalde izango da lehena oholtzara igo eta San Andres plaza kantuan jarriko duena.

Korrika 23ko NAIZ guneko egitaraua
Korrika 23ko NAIZ guneko egitaraua

16:00etan Xutik taldeak plaza dantzan jartzeko erronkari egin beharko dio aurre, eta jarraian, 18:15ean Xiberoots taldearen eskutik gozatuko ahalko da kontzertuaz. Jai handia borobiltzeko, 20:30ean SMF taldea izango da San Andres plazan.

Janariak eta edariak ere ez dute hutsik egingo NAIZ gunean egun osoan zehar. Eta puntu ubelak ere bertan izango du bere txokoa. AEK-k jakinarazi baitu berariazko protokoloa ezarri duela igandean eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin.

NAIZ Irratia, zuzenean

Hamaika egunez konexio bereziak egin ditu NAIZ Irratiak Korrikarekin, lasterketa jarraitzen izan baita Garazi Castaño kazetaria. 12.00etatik aurrera Euskal Irratien eskutik entzun ahalko da Korrikaren amaiera. Korrika Baionara iritsi eta korrika egiteari uztea ez da aski NAIZ Irratia isiltzeko, ordea, eta 15.00etatik aurrera zuzeneko emisioa egingo dute 20.00ak arte.

Iker Gurrutxagak gidatuko du saioa, eta hamaika gonbidatu berezi elkarrizketatuko ditu. Horietako batzuk Korrikan zehar herri ezberdinetan ibilitakoak, beste batzuk Korrika amaierako festako musikariak... eta igandeko giroa uhinen bidez Euskal Herriko etxeetara sartuko da.