Garazi Castaño

Gipuzkoako kostaldea eta Deba bailara zeharkatuta, Bizkaian sartu da Korrika

Giro eguzkitsurik ez da izan asteazken honetan, baina horrek ez du Korrikaren grina apaldu. Debagoieneko herri nagusietan euskaltzale mordoa batu da. Ermutik sartu da Bizkaira eta kostatik igaro ostean, Busturialdean egingo du gaua. Ostegunean Bilbon izango da hitzordu nagusia.

Euskararen aldekoek ez ezik, bestelako aldarrikapen batzuek ere izan dute tokia Korrika Eibarretik igaro denean.
Euskararen aldekoek ez ezik, bestelako aldarrikapen batzuek ere izan dute tokia Korrika Eibarretik igaro denean. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute ikasleek Eibarren.
Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute ikasleek Eibarren. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Zaldibarreko eskolaren kilometroan hainbat ikaslek egin dute Korrika.
Zaldibarreko eskolaren kilometroan hainbat ikaslek egin dute Korrika. (AEK)
Korrika, Soraluzera sartzen.
Korrika, Soraluzera sartzen. (AEK)
Arnaldo Otegik lekukoarekin batera egin du bidea Elgoibarren, EH Bilduren kilometroan.
Arnaldo Otegik lekukoarekin batera egin du bidea Elgoibarren, EH Bilduren kilometroan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Nor ote dago mozorroaren azpian?
Nor ote dago mozorroaren azpian? (AEK)
Eibar gurutzatu du Korrikak asteazken honetan.
Eibarko beste irudi bat. (Monika del Valle | FOKU)
Ikuspegi paregabea aldamenean, Mutrikutik igaro da Korrika.
Ikuspegi paregabea aldamenean, Mutrikutik Debara egin du Korrikak. (Jon URBE | FOKU)
Deban ere irudi ederra utzi du Korrikak.
Deban ere irudi ederra utzi du Korrikak. (AEK)
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako langileek hartu dute lekukoa.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako langileek hartu dute lekukoa. (Jon URBE | FOKU)
Ondarroan ere jende handana batu da Korrikara.
Ondarroan ur ertzetik ibili da Korrika. (AEK)
Markinan ere jende ugarik egin du Korrikarekin bat.
Markinan ere jende ugarik egin du Korrikarekin bat. (AEK)
Markina atzean utzi eta Ziortza-Bolivarrera bidea hartu dute korrikalariek.
Markina atzean utzi eta Ziortza-Bolibarrera bidea hartu dute korrikalariek. (AEK)
Bilboko Venezuelako Kontsulatuak hartu du lekukoa Ziortza-Bolivarren.
Bilboko Venezuelako kontsulak hartu du lekukoa Ziortza-Bolivarren. (AEK)
Lekeitio ilunduta harrapatu du Korrikak.
Lekeitio ilunduta harrapatu du Korrikak. (AEK)

Zarautzen 1396. kilometroan ekuadorrera iritsi ostean, asteazken honetan Urola Kostatik eta Deba bailaratik segitu du aurrera Korrikak. Elegetatik Ermura salto egitean lehen sartu-irtena egin du Bizkaian. Jendetza batu da eta kaleek gainezka egin dute Eibarren. Kostara pasa da lasterketa eta Mutriku eta Ondarroa zeharkatu ditu ditu bazkalostean. Lea-Artibai osoan zehar euskaltzaleek harrera beroa egin diote Korrikari. 

Etenik ez duen haria

Korrikak egiten duen ibilbidearen mapa eskuartean hartuz gero, Euskal Herria bere osotasunean josten duen hari moduko bat irudikatzen duela ikusi dezakegu. Jira eta bira egiten du, txirikordatu egiten da, punta batetik bestera doa... baina bakarra da eta ez du etenik. Euskalgintzaren alderaketa edo irudikapen polita izan liteke.

AEK sostengatzeko eta euskalduntzean egiten duen lanaren balioa azpimarratzeko ekimena da Korrika. Baina bada askoz gehiago ere. Asteazken honetan Ermuan Euskal Birusa Euskara Elkarteak hartu du, beste askoren artean, lekukoa. Korrikak birusik ez, baina euskaltzaletasunaren hormonarik aktibatzen ote duen ikertzea ez legoke soberan. Hamaiak eguneko ‘txute’ hori non isuri eta nola bideratu izango da ziur aski pisuzkoa den galdera.

Korrika abiatu aurretik, lan handia egiten du AEK-k egitasmoaren balioak eta aldarriak hedatu eta sustatzeko. Ikastetxeetan egiten den lanketa horren adibide argia da. Besteak beste, unitate didaktikoak sortzen ditu ekimena hasi aurretik ikasleekin lantzeko. Korrikaren zain harrapatu ditugu, txaranga eta guzti, Elgoibarko Arreiturre institutuko ikasle eta irakasleak. Jon Cuende zuzendaritzako kideak NAIZi azaldutako moduan, Korrika aitzakia ona da «euskararekiko sentsibilitate gutxi duten ikasleen artean hurbilpen bat emateko». 700 ikasle inguru ditu zentroak eta, Cuenderen hitzetan, sumatu du ikasleen artean «egunerokoan euskara ez erabili arren, modu batera edo bestera, atxikimendu bat sortzen dela halako ekimenekin». Bide guztiak ez dira errazak euskarara iristeko, baina horiek urratzen hasteak badu bere garrantzia.

Kontxa Laspiur, euskararen aldeko borrokaren lekuko

100 urte beteko ditu Kontxa Laspiur Bergaran jaiotako eibartarrak. Etxe euskaltzalean jaioa, bizi osoa eskaini dio euskararen aldeko borrokari. Frankismo betean euskara irakasten aritu zen eta ostean, anaiak bultzatuta, gau eskolan hasi zen AEK sortu zen arte. Erretiroa hartu arte bertan izan zen herrikideak euskalduntzen. Asteazken honetan, 1520. kilometroan, bere etxe parean itxaron dio lekukoari. Hirugarrenez hartu du, baina betiko ilusio eta grinarekin gozatu du uneaz.