NAIZ

ERC eta BNG EH Bilduk Iruñean antolatu duen Aberri Egunean izango dira

EH Bilduk Iruñean antolatu duen Aberri Egunean ERC eta BNG alderdietako ordezkariak izango diru. Hiru indar hauek Europako hauteskundeetara begira Orain Errepublika koalizioa aurkeztu berri dute. Honekin batera, EAk Aberri Eguneko adierazpena kaleratu du.

EH Bilduk iaz Iruñean antolatu zuen Aberri Eguneko manifestazioaren irudia.
EH Bilduk iaz Iruñean antolatu zuen Aberri Eguneko manifestazioaren irudia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bilduk Iruñean antolatu duen Aberri Egunean ERC eta BNG alderdietako ordezkariak izango dira. Ekitaldi nagusiak Golem zinemetatik abiatuko den manifestazioa (12.00etan) eta ondoren egingo den ekitaldi politikoa izango dira. Bertan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hitza hartuko du Antoniuttiko ekitaldi politikoan.

ERC eta BNG alderdietako ordezkariak ekitaldi hautean izango dira. Izan ere, ostegunean ekainaren 9ko Europako hauteskundeetara aurkeztuko den Orain Errepublikak koalizioa Bartzelonan aurkeztu zuten hiru alderdi hauek. Gauzak horrela, Diana Riba ERCeko eurodiputatua eta BNGko nazioarteko harremanetarako arduraduna eta zuzendaritza politikoko kidea Iruñean izango dira igandean.

EH Bilduk dei egin die euskal herritarrei Iruñeko Aberri Egunean parte hartzera, «ezkerreko subiranisten komunitatearen urteroko topagunean».

«Aberri Eguna energia guztia biltzeko eta askatzeko unea izango da, pertsona berdinak eta askeak izango dituen euskal errepublika eraikitzeko. Iruñean erakutsiko da Euskal Herria herri bizia dela eta bere etorkizuna libreki eta demokratikoki erabaki nahi duela», adierazi du EH Bilduk.

EAren adierazpena

Honekin batera, EH Bilduren kide den EAk adierazpena zabaldu du Aberri Eguna dela eta. «Euskal Herria Auñamendien bi aldeetan dauden zazpi lurraldez osatutako nazioa dela eta bertako biztanleok gure etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea dugula defendatzen dugun pertsona guztiontzat data seinalatua da Aberri Eguna», aldarrikatzen du bertan. 

«Aurten, gure herriaren zati batean, Aberri Eguna hauteskundeen kanpainaurrean ospatzen dugu. Euskal Autonomia Erkidegoak apirilaren 21ean egingo dituen hauteskunde autonomikoak aukera paregabea dira ziklo politikoaren aldaketa finkatzeko eta nazio eta gizarte eraikuntzan aurrera egiteko. Datorren legegintzaldiak, lortutako eskubide sozialak sendotzeko eta eskubide berriak lortzeko ez ezik, pultsio nazionala berreskuratuko den legegintzaldia izan behar du», gaineratzen du EAk.

Ildo horretan, Gasteizko Parlamentuko ponentzia berraktibatzea ezinbestekotzat jotzen du EAk. Nafarroari dagokionean, Hobekuntzaren erreformak «aukera paregabea eskaintzen digu Nafarroa Estatuarekin eta Euskal Herriko gainerako lurraldeekin izan nahi duen harreman mota erabakitzeko gaitasuna duen subjektu politikoa dela aitortzeko» dio.

Ipar Euskal Herrian hirigune elkargoa lorpen handia izan zela adierazten du. «Orain, aitorpen nazionalean eta eskumen-esparruan aurrera egiteko garaia da», dio Korsikan eman diren pausuak nabarmenduz

Hego Euskal Herrian EH Bilduk Iruñean deitu dituen ekitaldietan parte hartzeko deia egiten du EAk. Ipar Euskal Herrian, Uztaritzen Bagira ekimenak antolatuko ekitaldia sostengatzen du. Honekin batera, larunbatean, Euskal Herria Batera plataformak Bilboko Campos antzokian antolatu duen ekitaldi bateratuan ere parte hartuko duela iragarri du.