Manex Altuna

Julen Agirrezabala, Kopako atezainak ezin izan zuen porrota ekidin Bernabeun

Errenteriako atezain gazteak denboraldi honetako lehen norgehiagoka jokatu zuen Ligan Real Madrilen aurka, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen Rodrygo brasildarraren golak oztopatzeko. Kopan, aldiz, geldiketa erabakigarriak egin ditu finalera iristeko.

Agirrezabala atezain titularra izan da Kopan.
Agirrezabala atezain titularra izan da Kopan. (@AthleticClub)

Athleticek ez zuen bere mailarik onena eman Bernabeun, eta galdu egin zuen Real Madrilen kontra. Dena den, talde zuri-gorria sekulako denboraldia egiten ari da, eta Kopako finalera iristea horren erakusgarria da. Ligan goiko postuetan kokatu da ikasturte hasieratik, eta Kopan ere ibilbide bikaina egin du. Hala, jokatutako zazpi partidak irabazi ditu, 18 gol sartu, eta hiru bakarrik jaso. Julen Agirrezabala izan da txapelketako atezaina. Minutu guztiak jokatu dituen jokalari bakarra da, eta geldiketa erabakigarriak egin ditu kanporaketak gainditzeko.

Joan den astean komunikabideen aurrean egindako agerraldian aitortu zuenez, «ilusio askorekin» dago titulua irabazteko. Bere esanetan, aldagelan oso argi daukate Mallorca aurkari gogorra izango dela, eta gogora ekarri zuen Reala eta Girona kanporatu dituela.

Azken orduko ezbeharrik gertatzen ez bada, La Cartujan titularra izango da. Horregatik, Ernesto Valverdek hasierako hamaikakoan sartu zuen Ligako azken jardunaldian, nahiz eta Agirrezabalak ezin izan zuen porrota ekidin. Agian, zerbait gehiago egin zezakeen Rodrygoren lehen golean, baina defentsak ere erraztasun gehiegi eman zizkion brasildarrari. Bestalde, bigarrenean salduta geratu zen, eta ezin izan zuen Rodrygo oztopatu.

Beste behin ere, Errenteriako atezain gazteak ez dela kikiltzen erakutsi zuen Bernabeu moduko zelai batean. 23 urte ditu, eta orain dela hiru denboraldi egin zuen debuta Lehen Mailan Marcelinoren eskutik. Entrenatzaile asturiarrarekin lehen taldearekin jokatu zuen Unai Simonek ezin zuenean, eta Bilbao Athleticera jaisten zen arabarra prest zegoenean. Hala ere, 9 norgehiagokatan parte hartu zuen. Joan den denboraldian Valverderekin, berriz, 15 partida jokatu zituen Liga eta Kopa tartekatuz.

Begi bistakoa da Athleticek maila altuko bi atezain dituela gaur egun, eta lehia bizi daukatela hamaikakoetan sartzeko. Aurten, Unai Simon bikain ari da Ligan eta gol gutxien jaso dituen atezainetako bat da. Agirrezabalari, berriz, Kopan jokatzea egokitu zaio eta meritu handiko geldiketak egin ditu partida guztietan. Gutxi jokatu arren, atezainak argi utzi zuen klubarengatik ondo baloratua sentitzen dela.

Azaldu izan duenez, ez da batere erraza gutxi jokatzen duzunean ondo moldatzea. Agian, Rubiren kontrako lehen kanporaketan urduritasun puntu hori igarri zitzaion. Partidaren hondarrean gola jaso zuen, eta azken minutuetan garaipena defendatzeko gehien sufritu zuen norgehiagoka izan zela esan daiteke.

Agirrezabalak Alavesen berdinketa oztopatu zuen San Mamesen jokatu zen kanporaketan. (@AthleticClub)
Agirrezabalak Alavesen berdinketa oztopatu zuen San Mamesen jokatu zen kanporaketan. (@AthleticClub)

Izan ere, hurrengo hiru kanporaketetan zuri-gorriek ez zuten golik jaso, eta bi gol baino gehiagoko errentarekin erdietsi zituzten garaipenak. 0 eta 3 irabazi zuten Cayonen aurka Sardineron, emaitza errepikatu zuten Ipuruan, eta bi gol eginda gailendu ziren Alavesi San Mamesen.

Agirrezabalak esku erabakigarriak atera zituen Eibarren aurka markagailua hutsean zegoenean, eta baita talde gasteiztarraren aurka ere. Alaves berdintzeko zorian izan zen, baina gola ekidin zuen. Bartzelonaren kontra, berriz, bi alditan zulatu zuten bere atea lehen zati ero batean. Jasotako lehen golean ez zen fin aritu gainontzeko atzelariak bezala, baina horrek ez zion urduritasunik eragin.

Atleticoren aurka ere antzeko egoera bati aurre egin behar izan zion Metropolitanon. Ez zuen baloi bat kornerrera joaten utzi eta ihes egin zion eskuetatik. Hala ere, segituan konpondu zuen akatsa. Era berean, segurtasun eta lasaitasun handiarekin erantzun zuen bigarren zati osoan zehar madrildarrek etengabe egindako erasoei. San Mamesen jokatu zen finalerdietako itzuleran ere hutsean mantendu zuen bere atea, eta ez zion inolako aukerarik eman Atleticori partidan sartzeko.

Villalibre, golegile nagusia

Defentsan lan ona egin du Athleticek, eta nabarmentzekoa izan da Vivian eta Paredesek atzeko lerroan erakutsitako sendotasuna. Agirrezabalaren ostean, gehien jokatu duten hurrengo jokalariak izan dira. Futbolean golak egiten dituenak jasotzen ditu laudorio gehienak, ordea. Asier Villalibre izan da taldearen golegile nagusia. Sei gol egin ditu, eta binaka sartu ditu Cayon, Eibar eta Alavesen aurka.

Gernikako aurrelariak beste gol bat gehiago egin du Ligan, baina ez du lortu hamaikakoetan egonkortzea. Gorka Guruzetak aurre hartu dio, eta ezinbestekoa bilakatu da talde zuri-gorriaren erasoko jokoarentzat. Aurrelari donostiarrak Bartzelona eta Atleticoren kontrako kanporaketan egin zituen golak.

Villalibrek sei gol egin ditu Kopako kanporaketak gainditzeko. (@AthleticClub)
Villalibrek sei gol egin ditu Kopako kanporaketak gainditzeko. (@AthleticClub)

Williams anaiak ere ezinbestekoak izan dira azken kanporaketak gainditzeko. Esaterako, Bartzelonaren kontra luzapenean egin zituzten garaipenaren golak. Iñaki Afrikako Kopatik heldu berri zegoen, eta txapelketako une gogoangarrienetako bat sinatu zuen. Atleticoren aurkako finalerdia Berenguerrek bideratuta utzi zuen Metropolitanon penalti puntutik egindako golarekin, eta San Mamesen Williams anaiek beste erakustaldi bat eskaini zuten.

Ezin daiteke aipatu gabe utzi, Malcom Adu Aresek Rubiren aurkako kanporaketan egindako bi gol garrantzitsuak, ezta Muniainek Ipuruan sartutakoa. Raul Garciak ere bere aukerak izan ditu, batez ere, maila txikietako aurkarien kontra. Era berean, harrobiko jokalariak diren Mikel Jauregizarrek eta Unai Egiluzek minutuak izan dituzte.