Jon Ormazabal

Buruz Burukoarekin bakeak egiten hasteko dema Eibarko Katedralean

Joseba Ezkurdiak bere palmaresean falta zaion txapel bakarra nahi du, Iñaki Artolak, aldiz, duela hiru urte lesio baten erruz jokatu ezin izan zuen finala berreskuratu nahiko luke.

Artola eta Ezkurdia igandean jokatuko duten pilotak eskutan dituzteala.
Artola eta Ezkurdia igandean jokatuko duten pilotak eskutan dituzteala. (ASPEPELOTA)

Beti esan izan da Buruz Burukoa izaten dela txapelik preziatuena, dena eman eta dena ken dezakeen txapelketa eta igandean Eibarren lehiaketa honekin arantza bat sartuta duten bi pilotari arituko dira elkarren aurka; Joseba Ezkurdia eta Iñaki Artola, euren ibilbide dagoeneko luzean, kantxa osoan buruz buruz elkarren aurka sekula jokatu gabeak diren bi aurrelari. Arbizuarrak bost txapel irabazi ditu dagoeneko, bi Binakakoan eta beste hiru Lau eta Erdian, baina trilogia itxi ezinik dabil aspaldian, Buruz Burukoa falta. Duela bi urte finala jokatzera heldu zen, baina Unai Lasok eraman zuen gerriko gorria urtebetez janzteko ohorea. Alegiarrak, aldiz, bere palmaresa estreinatzeke dauka lehen mailan eta 2021ean finalera sailkatzea lortu bazuen ere, zorigaitzeko lesio batek bere bizitzako partida jokatu ezinik utzi zuen.

«Egia da arantzatxo hori hor daukadala eta badela nire helburuetako  bat arantza hori ateratzea, berriz ere finalen  batera heltzea», aitortu du Baikoko aurrelariak. Aspekoak ere onartu du jokoan dutena badela «ilusio berezia» egiten dion txapel bat, baina ez du itsutu nahi. «Txapela nahi duten pilotari asko daude, eta gauzak  oso ondo egin behar dira. Oso polita izango litzatekeela, dudarik ez, baina ez dago obsesionatzerik. Ondo prestatu dut, gauzak ondo egin ditut eta orain lehiatzera».

Aspaldi luzean, bere joko mailarik onena berreskuratu ezinik dabil sakandarra txapelketetan, baina Buruz Buruko hau nahi bezala prestatzeko modua izan du eta gogoz ekingo dio aurtengo saiakerari. «Ilusioz, gogotsu eta txapelketa handi bat egiteko ilusioarekin nago. Entrenamenduetan ongi nabil, ondo entrenatu dut, bai fisikoki eta baita frontoian ere. Iaz justu-justu heldu nintzen, denbora izan nuen, baina 20 edo 25 egun eman behar izan nituen geldirik lesio baten erruz eta justu eta larri, kezka handiekin ekin nion txapelketari. Aurten ez dago aitzakiarik, fisikoki ondo eta ilusioarekin helduko naiz eta ea baliatzen dugun», gaineratu du.

Erronka hirukoitza

Azken urtean txapelketatik kanpo, aurreko igandean itzuli zen Buruz Burukora Iñaki Artola eta Jon Ander Peña kanporatu zuen final zortzirenetako kanporaketan Beotibarren, bizilagunen arteko derbian. Orain Astelenan jokatzea egokituko zaio, Binakakoan kanporatu zuten pilotalekuan, bertan jokatzea zail egiten zaiola onartu duen kantxa batean. «Alde horretatik niretzat erronka bat da, den partidarengatik, Josebaren aurka delako eta frontoiagatik ere bati. Aurrekoan Tolosan jokatu nuen eta uste dut frontoi osoan, buruz buru, oraindik bertan irabazi gabe nengoela eta malefizio horrekin hautsi nuen eta ea oraingoan Eibarko frontoikoarekin ere hausten dugun».

Aparteko polemikarik piztu ez zen arren, Joseba Ezkurdiak ez du erabat gustura amaitu aukeratzeko jarri dizkioten pilotekin. «Nire pilota batekin gustura, graziakoa eta txispaduna zen, baina beste hirurak oso sosoak iruditu zaizkit, txispa falta bezala zuten hiru pilotek. Nire batek gehiago zuen eta azkarragoa da, besteak lasaiagoak eta txispa gutxikoak», adierazi du Ezkurdiak.

Iñaki Artola ez da bat etorri igandeko bere aurkariak esandakoekin. «Ez nuke hori esango, lau pilotak ere nahiko antzekoak iruditu zaizkit. Agian bere bat bai da biziagoa eta niri ere gustatu zait pilota hori. Hura da desberdinagoa baina pilota nahiko neutroak eta frontoi honetarako egokiak iruditu zaizkit».