NAIZ

Eh, Mertxe! taldearen ‘Mugaezin’, aurtengo Araba Euskarazen abestiak, badu bideoklipa

2014ko Araba Euskaraz jaiaren kantak aurtengo edizioaren leloaren izen bera dauka: ‘Mugaezin’. Arabar Errioxako Eh, Mertxe! taldearena da, Ibai Landa irakasleak jarritako hitzekin. Bideoklipean Oiongo San Bizente ikastolaren sortzaile, irakasle, ikasle, guraso eta lagunek parte hartu dute.

Euskarak «mugarik ez duela» adierazteko, ‘Mugaezin’ kanta izango da aurtengo Araba Euskaraz jaia musikatuko duena, Eh, Mertxe! taldearen eskutik eta Oiongo San Bizente ikastolako komunitatearekin auzolanean sortutako bideokliparekin.

Asteazken honetan aurkeztu dute abestiaren bideoklipa, Lander Etxedona Oiongo ikastolako ikasle ohiak zuzendutako lana. Berarekin, irakasleek, ikasleek, gurasoek eta ikastolaren sortzaile eta lagunek parte hartu dute.

Abestiari hitzak jarri dizkiona Ibai Landa taldeko kidea eta irakaslea da. Letrak, batetik, aniztasuna islatu nahi du, «horrelakoa baita Oiongo San Bizente ikastola: jatorri ezberdineko kideez osaturiko komunitate bat, herri eta herrialde ezberdinetik iritsi eta guztiak ikastolan elkartzen diren kideez osaturiko komunitatea», azaldu dute antolatzaileek asteazken honetan egin duten agerraldian.

Bestetik, Arabako ikastolen elkartasunari erreferentzia egiten dio, elkarrekin Araba Euskaraz antolatzen duten hirugarren urtea izango delako aurtengoa.

Aurkezpen kontzertua

Ibai Landarekin batera, Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarri musikariek eta ikastoletako ikasle ohiek osatzen dute Eh, Mertxe! rock taldea, 2015etik oholtza gainean dabilena.

Abestiaren aurkezpen gisa, EHUren Arabako campuseko Unibertsitate pabiloian, Gasteizen, kontzertua eskainiko du taldeak, asteazken honetan bertan, arratsaldeko zazpietan, eta sarrera doan izango da.