NAIZ

Brasilen deforestazioarekin lotura izatea leporatu die GKE britainiar batek H&M eta Zarari

H&M eta Zara ‘fast fashion’ multinazionalak seinalatu ditu Britainia Handiko Earthsight gobernuz kanpoko erakundeak. Ikerlan baten bidez ondorioztatu duenez, kotoia eskuratzeko Brasilen deforestazioan laguntzen dute.

Cerradoko sabanatik gertu dagoen nezakaritzarako sail bat.
Cerradoko sabanatik gertu dagoen nezakaritzarako sail bat. (Nelson ALMEIDA | AFP)

Earthsight Britainia Handiko GKEak H&M eta Zara ehungintzako enpresei Brasilen legez kanpoko baso-soiltze jarduerekin, lurra bereganatzearekin, ustelkeriarekin eta azpikontratisten kotoi-landaketaren indarkeriarekin «lotuta» egotea leporatu die.

Satelite-irudietan, erabaki judizialetan, produktuen bidalketa erregistroetan eta isilpeko ikerketetan oinarrituta, Earthsight-ek ostegun honetan txosten batean argitaratutako datuak bildu eta aztertu ditu: ‘Moda krimenak: Brasilgo kotoi zikinarekin lotutako modaren erraldoi europarrak’.

GKEak esan duenez, 816.000 tona kotoiren ibilbidea jarraitu du, Brasilgo nekazaritza-industriako bi enpresa handienetakoak –SLC Agricola eta Horita taldea–, Bahia estatuko mendebaldean.

Ustiategi hauek dituzten familia brasildarrek «prozesu judizialen, ustelkeriagatiko zigorren eta legez kanpoko deforestazioagatiko isunen historia astuna dute», salatu du GKEak.

Gainera, jarduera Cerrado eskualdeko zati batean egiten dute, bere fauna eta floraren aberastasunagatik ezaguna den sabana.

Jasangarria, baina hutsuneekin

Kotoi tona horiek, gero, Asiako zortzi ehun-fabrikatara iritsi ziren, Zara espainiarra eta H&M suediarra hornitzen diren tokira. Earthsoght-en arabera, kotoi hori guztia «jasangarria» zen Better Cotton (BC) irabazi-asmorik gabeko erakundeak ziurtatuta.

«Kotoia iturri etiko batetik datorrela bermatzeko, bi enpresak Better Cottonek, munduan gehien ezagutzen den kotoi jasangarria ziurtatzeko sistemak, ziurtatutako nekazariek emandako kotoian oinarritzen dira», baina hutsune «sakonak» ditu, deitoratu du Earthsightek.

«Oso serio hartzen ditugu Better Cottonen aurkako salaketak, bere baldintza pleguan zorrotz debekatzen dituelako lurren usurpazioa eta baso-soiltzea», adierazi dio AFPri Inditexek, Zararen enpresa nagusiak, eta esan du ikerketa independentearen emaitzak «ahalik eta lasterren» eskatu dituela.

Era berean, H&M-ek AFP agentziari adierazi dionez, «Earthsight-en txostenaren ondorioak oso kezkagarriak dira eta oso serio hartzen ditugu. Suediako enpresa «kotoia 100% organikoa, birziklatua edo jatorri jasangarrikoa erabiltzen hasi zen lehenetarikoa» eta ziurtatu dute «ikerketaren ondorioak jarraitzen» ari direla, Better Cottonekin elkarrizketa estuan.

Better Cotton etxeak Earthsight-i adierazi dionez, «auditore independente baten esku utzi dute egiaztapen-bisitak egiteko lana», GKEaren txostenaren ondoren.

Martxoaren erdialdean, Kontseilu Europarreko estatu kideek «zaintza betebehar» bat sortzen duen legeria baliozkotu zuten, EBko enpresei ingurumena eta giza eskubideak babesteko betebeharra ezartzen diena mundu mailako ekoizpen-kateetan.