NAIZ
Gasteiz

Alokairuak mugatu eta Araban etxebizitza parke publiko bat eraikitzea proposatu du Sumarrek

Inkestek gehiengo absoluturik gabeko legigintzaldi bat aurreikusten dutela adierazi du Sumarrek eta lor ditzakeen eserlekuak «ezinbestekoak izan daitezkeela». «Gobernua presionatuko dugu etxebizitza politika aurrerakoiak, bidezkoak, eta ez espekulazioan oinarritutakoak onartzeko».

Jon Hernandez, Sumarren Arabako zerrendaburua, gaurko ekitaldian.
Jon Hernandez, Sumarren Arabako zerrendaburua, gaurko ekitaldian. (Sumar)

Jon Hernandezek, Sumarren Arabako zerrendaburuak, konpromisoa hartu du «alokairuen prezioak mugatzeko, etxebizitza erabilgarrien kopurua handitzeko eta alokairu sozialeko etxebizitzen parke publiko bat garatzeko, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko».

Hernandezek etxebizitzari buruzko hauteskunde ekitaldi batean parte hartu du astearte honetan, Gasteizko Zabalgana auzoan, Rosa Martinez Eskubide Sozialen espainiar Estatu idazkariarekin batera. Sumarreko hautagaiak defendatu duenez, «arabar guztiek etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea beteta dutela bermatzea da Arabarako gure programaren ardatzetako bat eta herritarren kezka nagusietako bat».

Era berean, Lakua «etxebizitza politikak egiteko bi legerekin, euskal legearekin eta Estatuko legearekin, ezer egiteko gai izan ez izana» salatu du. «Ezta lege horiek ahalbidetzen dituzten tresnak garatu eta aplikatzeko ere», gaineratu du.

«EAJ eta PSE izan dira etxebizitza negozio bihurtzeko babesle nagusiak. Herritarrei bizkarra eman diete, Euskadiko Etxebizitzaren Legea 2015etik tiradera batean sartuta utzita. PSE ez da gai izan Eusko Jaurlaritzak Estatuko Etxebizitza Legearen aurka helegitea jar dezan saihesteko, eskumenak aitzakiatzat hartuta. Lotsagarria, aitzakiak besterik ez dira», esan du.

Zona tenkatua

Araban etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko, eta bereziki Gasteizen eta Dulantzin, «alokairuaren prezioa mugatzea eta etxebizitza erabilgarrien kopurua handitzea» proposatu du Sumarrek. «Gasteiz eta Dulantzi gune tentsionatu izendatzea bultzatuko dugu, alokairuen prezioetan esku hartzeko helburuarekin, bizitoki larrialdiko egoeran gaudelako. Gainera, Etxebizitzaren Legearen aplikazioa ahal den udalerri guztietara zabalduko dugu», adierazi du Hernandezek.

Sumarreko hautagaiak konpromisoa hartu du «hutsik dauden etxebizitzen kanona eta OHZren errekargua aplikatzeko». «Helburua da etxebizitza izateko eskubidea bermatzea eta, azkenean, etxebizitza parkea dinamizatzeko politika eta neurri eraginkorrak martxan jartzea, jenderik  gabeko etxerik eta etxerik gabeko jenderik egon ez dadin», gaineratu du.

Hernandezek gogorarazi du Gasteizko alokairu pribatuaren batez besteko prezioa 1.000 euro ingurukoa dela hilean, «astakeria horrek gazte asko emantzipatzea eta beren bizi-proiektua gauzatzea eragozten du.

Neurri horiekin batera, Sumarrek «lehentasunez alokairu sozialeko etxebizitzen parke publiko bat garatzearen» aldeko apustua egin du, «espekulazioaren eta Araban orain arte izan dugun negozioaren zerbitzura dauden etxebizitza politikekiko aldea markatzeko».

Gehiengo osorik gabe

Bestalde, Rosa Martinez Eskubide Sozialen espainiar Estatu idazkariak adierazi duenez, «inkestek diote gure eserlekuak ezinbestekoak izan daitezkeela gehiengo absoluturik gabeko legegintzaldi batean». «Ziur egon argi daukagula zertarako erabiliko ditugun. Gobernuari presioa egingo diogu etxebizitza politika aurrerakoiak, aurreratuak, bidezkoak, eskubideetan oinarritutakoak eta ez espekulazioan oinarritutakoak onartzeko», ziurtatu du.

Martinezek adierazi duenez, «alokairuak soldata baxu eta ertainetarako eskuragarriak ez diren bitartean, Euskadin alokairuan bizitzea gero eta pertsona gehiagorentzako pobrezia eta bazterkeria faktorea izango da».

Gainera, azpimarratu duenez, «gaur egun, ez dago benetako gizarte politikarik etxebizitza eskubidetzat hartzen duen etxebizitza politikarik gabe, eta ez negoziotzat». «Euskadik batu beharra dauka Eusko Legebiltzarrean. Gure proposamenek Estatuko Etxebizitzaren Legea gidatu dute, eta Euskadin etxebizitza politikaren aldi berri bat ireki dezakete», amaitu du.