Manex Altuna

Bilbao Athleticek maila igoera erdietsi dezake Zubietan jokatuko duen derbian

Zuri-gorrien bigarren taldeak berdinketa bat lortzea nahikoa izango du liga irabazi eta lehen postua ziurtatzeko. Izan ere, zortzi puntuko aldea dauka bigarren tokian dagoen Barakaldo taldearekiko, eta hiru jardunaldi besterik ez dira geratzen txapelketa amaitzeko.

Bilbao Athleticeko jokalariak Adama Boirok Naxara taldearen aurka egindako gola ospatzen.
Bilbao Athleticeko jokalariak Adama Boirok Naxara taldearen aurka egindako gola ospatzen. (@AthleticClub)

Bilbao Athleticek eskura dauka Lehen Federazio Mailara itzultzea. Carlos Gurpegik zuzentzen duen taldea nagusitasun osoz gailendu da Bigarren Federazio Mailako bere multzoan, eta azken hiru jardunaldietan puntu bat ateratzea nahiko izango du igoera ziurtatzeko. Era berean, liga garaipena erdietsiko luke. Bestalde, Barakaldok Alavesen bigarren taldearen aurka jokatuko dute jardunaldi honetan.

Esan bezala, talde zuri-gorriak larunbat arratsaldean izango du helburua betetzeko lehen aukera. 19.00etatik aurrera, Zubietan jokatuko du Realaren hirugarren taldearen aurka. Txuri-urdinak zazpigarrenak dira sailkapen nagusian, eta ez daukate ezer jokoan. Ezin dira igoera fasea jokatzeko sailkatu, eta dagoeneko ziurtatuta daukate maila mantentzea.

Lezaman jokatutako joaneko partidan erraz gailendu ziren zuri-gorriak (3-0). Egia esanda, denboraldi osoan zehar maila bat gorago egoteko jokalariak dituela erakutsi du Bilbao Athleticek. 23 garaipen, 6 berdinketa eta bi porrot bakarrik jaso ditu. Horrekin batera, 60 gol lortu ditu eta 16 egin dizkiote.

Izeta aurrelaria izan da minutu gehien jokatu dituen jokalaria eta gol gehien egin dituena. 17 sartu ditu 24 urteko Aiako mutilak. Iaz, neguko merkatuan iritsi zen Lezamara Amorebietatik, eta goragoko maila batean jokatzeko prest dagoela argi utzi du. Adinarengatik ezingo lituzke lehen taldea eta bigarrena uztartu. Beraz, ikusi beharko da Athleticek zein asmo daukan berarekin. Are gehiago, kontuan hartuta datorren denboraldiari begira Sanseko golegilea izan den Ekain Azkune ere talde zuri-gorrira etorriko dela.

Lehen taldearen deialdietan hainbat aldiz egon den Hugo Rincon izan da beste jokalari erabakigarrienetako bat. Eskuin lateral gisa aritzen da, eta 21 urte ditu nafarrak. Sei gol egin dituen Olabarrieta hegalekoak ere maila ona erakutsi du, lehen taldearekin debuta egin duen Mikel Jauregizar erdilariarekin batera.

Berritzeak eta lesioak

Athleticen epe ertainera begira ari dira lanean, eta komunikabideetan zabaldutakoaren arabera, etorkizuneko zelai erdia lotuta daukaten Lezamako arduradunek. Horren adibide, lehen taldearekin denboraldi-aurrea egindakoa den Gerenabarrenaren berritzea. Lekeitiokoa 2003an jaioa da. Urte bi gazteagoa den Peio Canalesek ere luzatu omen du kontratua zuri-gorriekin.

Tamalez, albiste txarrak ere egon dira. Izan ere, Junior Bita erdilariak belauna apurtu zuen azken jardunaldian. Canales bezala, 2005eko belaunaldikoa da eta denboraldi-aurrean Mexikon izan zen lehen taldearekin.

Junior Bitak belauna apurtu zuen azken jardunaldian. (@AthleticClub)
Junior Bitak belauna apurtu zuen azken jardunaldian. (@AthleticClub)