Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Kanpinera garamatza Goiatz Labandibarrek 12 ipuin biltzen dituen ‘Zoo’ lan berriaren bidez

«Fenomeno soziologiko interesgarri eta liluragarri» gisa ikusten ditu kanpinak Goiatz Labandibar idazle oiartzuarrak eta bere lan berrira eraman ditu. ‘Zoo’ ipuin-liburua 12 istorio laburrez osatuta dago, bertan aurkitzen dugun «fauna» ezberdina umoretik begiratuz.

Goiatz Labandibarrek ‘Zoo’ lan berria aurkeztu du.
Goiatz Labandibarrek ‘Zoo’ lan berria aurkeztu du. (Gorka Rubio | FOKU)

Paraje urruneneko kanpin galduenera bakardade bila doan familia, igerilekuko monitore gisa sos batzuk atera nahi dituen ikaslea, parranda asmotan dabilen gazte-taldea, tribu osoa inguruan biltzen duten matriarkak, autokarabanak elkarri erakutsiz lehiatzen diren bikoteak, lehenbiziko musua, lehenbiziko ‘ligea’, lehenbiziko adar jartzea probatuko duena... Ekosistema berean, hau da, kanpinean, gertatzen diren 12 istorio bildu ditu Goiatz Labandibar idazle oiartzuarrak ‘Zoo’ ipuin-liburuan.

Donostiako Elkarren aurkeztu du gipuzkoarrak bere lan berria. Azaldu duenez, kanpin ezberdinetan gauzatzen dira istorioak eta ‘Zoo’ izenburuak bakoitzaren barruan aurkituko dugun «faunari» egiten dio erreferentzia. «Garai batean langile jendearen oporleku ziren kanpinak. Gaur egun, aldatu da eremua», adierazi du. «Fenomeno soziologiko interesgarri eta liluragarri» gisa definitu ditu kanpinak Labandibarrek, «istorio asko elkartzen direlako».

Fauna horren barruan irakurleak «lagunak, lankideak, lehengusuak eta akaso bere burua ere» topatuko duela iritzi du idazleak. «Ikusten da kanpinak ondo ezagutzen dituela», gehitu dio Xabier Mendigurenek, Elkar argitaletxeko editoreak.

Adin-tarte ezberdinetako pertsonaiak topatu daitezke liburuan zehar. «Gure gizarte hau txikira eramana dago, ekosistema txiki batera. Kanpinek markatzen dute adin-tarte bakoitzarentzat zer den kanpina. Haurrak, gazteak lehenbiziko aldiz gurasorik gabe, bikoteak lehen aldiz, familiak...». Eta gauza bera esan daiteke kokapenei buruz. Zehazten ez badira ere, idazleak aitortu du gazte koadrila «Saturraranen edo Lizarrako kanpinean» imajinatu zuela. Beste batzuk, aldiz, Landetan edo Mediterraneoan.

Horrez gain, Labandibarrek «literatura errealista» egiten duela nabarmendu du Mendigurenek. «Begirada zorrotza du erreparatzeko gizakion makurdurei. Baina ahulgune horiei begiratzen die begirada atsegin, ironiko baino goxo batekin. Eta horrekin batera, umorea. Irribarre batez irakurtzen duzu ipuin bakoitza», adierazi du.

Umoretik

Zentzu horretan, idazleak onartu du tonuan umorea eta ironia nagusitzen direla. «Aurreko narrazioekiko alde nabarmenena hau da, tonua. Idazketa prozesua dibertigarria izan da eta espero irakurleak dibertsioaren pertzepzio hori asmatzen jakingo duela», gehitu du Labandibarrek.

Idazteko prozesua edo modua bera ere desberdina izan da. «Konpultsiboki idatzi nuen, denak bata bestearen segidan. Normalean idazketa pausatuagoa izaten dut. Baina oso azkar eta segidan egin nuen hau, uda baten ondoren». Izan ere, «bada opor giroko liburu bat, aproposa opor girorako, hondartzarako».

Istorio bakoitza «ideia argi» batekin abiatu zuen idazle oiartzuarrak, baina gero «uzten diot istorio bakoitzari bere bidea egin dezan, sortzen joan dadin». Izenburuak berak ere, badu horretatik zerbait. «‘Zoo’ izenburua du, eta ipuin guztietan daude erreferentziak animaliei, nahiz eta hasieran ez zen zerbait kontzientea izan».