Andoni Arabaolaza

Euskal Herriko ehun gailur mendizaleen zain izango dira asteburuan

Alpinismoko Euskal-Nafar Federazioaren urteurrenaren harira, euskal lurraldean dauden 108 mendi elkartek ehun mendi igoko dituzte. Deialdia mendizale guztiei zabalduta dago.

Mendizaleak Aketegi tontorrean, Euskal Mendizale Federazioaren aurreko ekimen batean.
Mendizaleak Aketegi tontorrean, Euskal Mendizale Federazioaren aurreko ekimen batean. (EMF)

Maiatzaren 18an, Alpinismoko Euskal-Nafar Federazioak ehun urte beteko ditu. Eta data seinalatu horretan erakunde hori sortu zen herrian, Elgetan, festa handia ospatuko da. Bien bitartean, Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioak antolatuta, urtarriletik aurrera egitarau oparoa zein zabala aurrera eramaten ari dira.

Adibidez, heldu den astebururako ‘100 urte 100 mendi’ ekimena egingo da. Horretarako, Euskal Herriko 108 mendi taldek bat egin dute deialdiarekin. 38 Nafarroakoak dira, 30 Bizkaikoak, 25 Gipuzkoakoak, 14 Arabakoak eta 1 Iparraldekoa.

Elkarte horiek guztiek larunbaterako zein iganderako ehun irteera antolatu dituzte. Eta igoerekin batera, gailur bakoitzean urteurrenaren bandera zabalduko dute. Bi euskal federazioek baieztatu dute pozik daudela jasotako erantzunarekin: «Bikaina izan da mendi elkarteek erakutsitako jarrera. Jakin bagenekien jarduera polita dela, eta elkarteek ez dute eragozpenik jarri irteera horiek antolatzeko. Horregatik guztiarengatik, uste dugu asteburu ederra izango dela euskal mendizale guztiontzat. Banderarekin batera, Euskal Herriko tontor guztiak biltzen dituen mapa bat banatuko dizkiegu».

Garaienak

Mendizale erakunde horietatik argitu digute tontor altuenak hainbat mendi elkarteren artean banatu dituztela. Leioa eta Amezti, adibidez, Aketegi zain izango dute. Auñamendi, berriz, Artzamendira igoko da. Ganguren eta Juventus elkarteen helburua: Gorbeia. C.D. Navarrak Hiru Erregeen Mahaiaren irteera antolatu du. Erronka Bilak taldearen mendia: Okabe. Eta, azkenik, Argiantx eta Irati elkarteek Orhi igoko dute.

Bestalde, Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek honako eskaera egin die parte hartuko duten elkarte guztiei: «Eskarmentu eder hori ahal dugun hobekien jaso eta gorde nahi dugunez, eskatzen diegu ehun igoera horiek xehetasun guztiekin erregistratzea. Ekitaldi berezia da, ilusio handia eragin diguna, eta horregatik merezi du irteera horiek guztiak irudiekin eta bideoekin jasotzeak. Oroitzapen itzela izango litzateke!».