Garazi Aranguren Alberdi

Estufa Fria, berotegi hotza

Estufa Fria negutegi-gune bat da, Lisboaren bihotzean kokatua. Izen hori darama ez duelako inolako klimatizazio-sistemarik erabiltzen, egurrezko marko finko bat baizik, zeinaren parrillak neguko tenperatura hotzetik eta gehiegizko beroetatik babesten duen. Hau da bere historia.

Estufa Friaren irudi bat; alegia, Lisboaren bihotzean kokatutako lorategi, urmael, landare eta zuhaitzak dituen negutegiarena.
Estufa Friaren irudi bat; alegia, Lisboaren bihotzean kokatutako lorategi, urmael, landare eta zuhaitzak dituen negutegiarena. (Garazi Aranguren AlberdiGetty Images)

Estufa Fria (berotegi hotza), Lisboako Eduardo VII.a parketik gertu dagoen 1,5 hektareako berotegi eta itzalpe gune bat da, munduko txoko ugaritako landaredia exotikoen erakusketa jasotzen duena. XIX. mende hasieran basalto harria ateratzeko meatze bat zegoen bertan. Baina XX. mendean ur-kanal batekin topo egin zuten, eta horrek ateratze lanak gelditu eta harrobia itxi beharra eragin zuen.

Batzuen zoritxarra besteen zorion bihurtu zen, ordea. Eguzkiztapen eta aireztapen paregabeak eta ur-iturria integratuak zituen kokapenari probetxua ateratzeko asmoz, lorezain batek orubea bereganatu eta landare-haztegi bihurtu zuen. Mundu osoko espezie botanikoak bildu zituen bertan, horiek tamaina egoki bat hartzean ‘Avenida de Liberdade’ berria apainduko zuten itxaropenez. Tamalez, handik gutxira Lehen Mundu Gerra hasi, plana geldiarazi eta landareak zeuden tokian bertan sustraitu ziren.

Urte batzuen buruan, harriz eta hondarrez beteriko espazioa lorategi aberatsa bihurtu zen, eta Raul Carapiha pintore eta arkitektoaren interesa piztu zuen. Espazio honen potentziala ikusita, eremua egokitzeko proiektu bat abiarazi zuen, 1933an ‘Estufa fria’ izenarekin inauguratu zena.

ESTUFA QUENTE ETA ESTUFA DOCE

Espazio berri honek arrakasta handia izan zuen, eta hurrengo urteetan hainbat hedatze eta eraldaketa jasan zituen. 1940an laku bat, sarrera bat eta areto bat gehitu zizkioten, azken hau udal-antzoki eta zeremonia-gela moduan erabili zena urte askoan. Beranduago, 1975ean Estufa Quente (berotegi beroa) eta Estufa Doce (berotegi gozoa) ireki ziren, Pulido Garcia ingeniariak diseinatuak, landare tropikal eta ekuatorialen erakusketak ere bildumara gehituz. Berotegi bakoitzaren izena beren barnean sortzen diren baldintza klimatiko ezberdinetatik dator, arkitektura sistema pasiboak erabiliz lortzen direnak.

Baina denborak ez dio ezeri barkatzen. Paradisu txiki hau babesten zuen egitura pixkanaka degradatzen joan zen, azkenean kolapso-arriskuan sartu zen arte.

Orduan, itxitura-inguratzailea berritzeko proiektu bat jarri zen martxan. Degradazio maila aurreratuak eta bete beharreko gutxieneko segurtasun neurriek berreskuraezina bihurtzen zuten jatorrizko egitura, eta erabateko diseinu berria eskatzen zuen.

Horrela, 2013. urtera iristen gara, Joao Pedro Falcao de Camposen eta Appleton & Domingos Arquitectos bulegoek elkarlanean eginiko interbentziora.

Horien esku-hartzean hartutako erabakiek hobekuntza asko ekarri zituzten. Sabaia altxatzeari esker landare-espezieak hazten jarraitzeko beharrezko espazioa lortzen da. Gainera, estalkiak altuera berean jartzean, multzo osoaren unitate izaera indartzea lortzen da, aurrerago egin nahi izan litezkeen zabalkuntza eta berrikuntza posibleei bidea errazten baitzaie. Kanpora begira ere, eraikinak bere inguruko parke eta hiriarekin duen artikulazioa hobetzen da fatxada berriari eta inguruko bideen zainketari esker.

Egitura berria kokatzean jatorrizko zutabeen oinarriak aprobetxatzen dira, landaredia guztia ahal den gutxien molestatzeko. Pilare metaliko lerden berriek eta horien gainean zabalduriko habe-erretikuluaren proportzioek espazioaren eskala irakurtzea zailtzen dute, infinitura luzatzen den itxura emanez. Azken azala, estalkian nahiz fatxadan zehar zabaltzen den zurezko xaflez osatua, antzinako egurrezko pertsiana biribilgarrietan oinarritzen da. Listoi-sistema hau bertako klima mota erregulatzeko modu aparta da, landareak neguko euri eta haize bortitzetatik eta udako gehiegizko eguzki eta berotik arrakastaz babesten baititu.

Amaitzeko, kolorearen aukeraketa zainduak eta zurezko panelen erabilerak esku-hartze arkitektonikoa ikusezina bihurtzen dute; barneko giroaren ezaugarriak indartzen dituzte eta lorategia multzo osoaren protagonista bihurtzen dute.

Interbentzio berri honi esker, ausaz sorturiko museo honetan aldi baterako arte-instalazioak erakustea ahalbidetu da, eta, hala, landare-erakusketa finko eta aldi berean etengabe aldakorra are gehiago aberasten da.