Manex Altuna

Muniainen agur-ekitaldia San Mamesen, eta Sancet eta Galarreta min hartuta

Athleticeko kapitainari omenaldia egingo diote datorren maiatzaren 13an, astelehena, arratsaldeko 19.00etatik aurrera. Sarrera doakoa izan arren, erreserba egin beharra dago. Bestalde, gazteen taldeak Mallorcaren aurka jokatuko du Txapeldunen Kopan.

Iker Muniainek joan den astean iragarri zuen Athletic utziko duela denboraldi amaieran.
Iker Muniainek joan den astean iragarri zuen Athletic utziko duela denboraldi amaieran. (@AthleticClub)

Athleticek San Mameseko ateak irekiko ditu maiatzaren 13an Iker Muniaini agur esateko. Arratsaldeko 19.00etan abiatuko den omenaldian kapitain zuri-gorriaren ibilbidea ekarriko da gogora, eta gonbidatu bereziak egongo dira. Besteak beste, Kopako txapeldun izandako taldekideak.

Klub bilbotarrak azaldu duenez, herri harmaila kokatzen den tokian egingo da ekitaldia. Sarrera doakoa izango da, baina erreserba egin beharra dago. Maiatzaren 3tik 7ra artean bazkideen txanda izango da, eta ondoren zale guztiei emango zaie aukera.

Muniainek joan den astean iragarri zuen ez duela Athleticen jokatuko hurrengo sasoian. Hamabost denboraldi egin ditu talde zuri-gorriaren lehen taldearekin, eta Kopa altxatu ostean hartu du erabakia. 31 urte besterik ez dituen arren, azkenaldian gero eta gutxiago jokatzen ari zen, eta beste bide bat hasteko hautua egin du.

Kapitain zuri-gorriaren asmoa atzerrian jokatzea da, eta Argentinako River Plate taldea izan daiteke aukeretako bat. Hamar zenbakiaren talde kuttuna da, eta Kopako ospakizunetan ezagun egin duen Athletic famatuaren kanta talde argentinarraren zaleek abesten duten kanta baten moldaketa da. Horrez gain, Estatu Batuetan, Mexikon edo Brasilen ere jokatzeko proposamenak izan ditzakeela zabaldu da komunikabideetan.

Ostiralean Getaferi bisita

Talde zuri-gorria gaur goizean itzuli da lanera. Klubak astelehen iluntzean jakinarazi zuenez, Galarretak eta Sancetek min hartu zuten Metropolitanon eta ez dute taldekideekin batera entrenatu. Athleticek zabaldutako mediku-txostenaren arabera, giharretako lesio arinak dituzte ezker hankan. Horregatik, astean zehar izaten duten bilakaerak erabakiko du ostiralean Getaferen aurka jokatu ahalko duten.

Galarreta eta Sancetez gain, Yuri ere lesionaturik dago Granadaren kontra orkatilean jasotako kolpe gogor baten ondorioz. Joan den astetik ezin izan du taldekideekin batera entrenatu. Bestalde, Vivianek bere kabuz egin du lan-saioa. Klubak ez du mediku-txostenik atera; beraz, ez dirudi ezer larririk daukanik.

Azkenik, Bilbao Athleticeko jokalariak diren Hugo Rincon eta Jauregizarrek lehen taldearekin entrenatu dute.

Galarretak eta Sancetek min hartuta amaitu zuten Metropolitanon jokatutako azken partida. (@AthleticClub)
Galarretak eta Sancetek min hartuta amaitu zuten Metropolitanon jokatutako azken partida. (@AthleticClub)

Mallorcaren kontra, gazteen Txapeldunen Kopan

Athleticen gazteen Ohorezko mailako taldeak liga irabazi zuen joan den asteburuan, eta Txapeldunen Kopa jokatzeko sailkatu da. Hala, Mallorcaren kontra neurtuko ditu indarrak final-laurdenentan. Joaneko partida maiatzaren 12an jokatuko da Lezaman, eta itzulerakoa hilaren 19an Mallorcan. Kaporaketa gainditzen duen taldea lauko finala jokatzeko sailkatuko da. Athleticek gazteen taldea txapeldunordea izan zen orain dela bi urte, eta iaz finalerdietan kaleratu zuen Betisek.