Amaia Ereñaga

Etxanoberekin bildu ostean, «kea saltzen digutela» dio Guggenheim Urdaibai Stop-ek

Guggenheim Urdaibai Stop! herritar plataformak museoa Urdaibaira zabaltzearen aurkako jarrera berretsi du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin bildu ostean. «Proiektu hori inongo diagnostiko barik proposatutako okurrentzia bat besterik ez da», baieztatu du plataformak. 

Muruetako ontziola, proiektu honen ‘hanka’ bat.
Muruetako ontziola, proiektu honen ‘hanka’ bat. (NAIZ)

Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak asteazken honetan bilera egin du Elixabete Etxanoberekin, Bizkaiko ahaldun nagusiarekin. Harekin hitz egindakoak ez die, ordea, proiektuaren inguruko ideia aldarazi. «Gaur konbentzituago gaude, proiektu hori inongo diagnostiko barik proposatutako okurrentzia bat besterik ez dela eta lege eta araudiak tolestu eta moldatuz, urratsez urrats bideragarri egiten saiatzen diren bitartean, kea saltzen digutela», aipatu du plataformak ohar batean.

Era berean, hilaren 9an Murueta eta Gernika lotzeko aurreikusita dagoen egitasmoaren kontrako helegiteak aurkeztu ditu plataformak, bai Madrilgo Trantsizio Ekologikoko Ministerioan bai Lakuako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailaren aurrean ere.

Erantzunik gabeko galderak

Eskatutako bilerari baietza emateagatik eskertuta agertu diren arren, Etxanobek batzarrean bertan emandako argudioek ez dituzte plataformaren zalantzak argitu. Esaterako, Guggenheim Urdaibai museoak eskualdeari ekarriko omen dizkion onurak goraipatu dituen arren, Etxanobek zera aitortu die ere: «Proiektua ez dagoela erabat definituta, ezta erabakia, eta hainbat direla oraindik administrazioetan eman beharreko urratsak proiektu hori bideragarria egiteko», plataformaren esanetan.

Beraz, Juan Ignacio Vidartek, Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak, NAIZi esandakoarekin bat dator Etxanobe.

Izan ere, proiektu falta hori izan da Etxanoberen argudio nagusia plataformak proiektuaren aurrean egiten duen oposizioa kritikatzeko. «Argi dago ez ditugula begi onez ikusten ez jarraitzen diren helburuak ezta egiteko moduak ere –erantzun du plataforamk–. Benetako prozesu parte-hartzaile publikoen falta, eskualdeak dituen beharren inguruko diagnostiko konpartitu bat ez izatea, alternatiba ezberdinen planteamendurik eza… Hauek ezinbestekoak dira gobernantza eredua egokia izan dadin, inposizio bakoa», aipatu dute.

Bestalde, beste kezka bat ere adierazi dute: «Guggenheim Bilbao Fundazioaren interes pribatuek ezin dute eskualde oso baten etorkizuna kolokan jarri».

Proiektuaren inguruan plataformak luzatu dizkion galderek ez dute erantzunik jaso –«galderek duten kutsu teknikoa kontsultatu beharrekoa dela» argudiatu du ahaldun nagusiak, esan dutenez–, baina egutegi baten proposamena egiteko eskatu du plataformak.

Mareen inguruan

Bestalde, Zain Dezagun Urdaibai, Mutriku Natur Taldea, Lurgaia Fundazioa, Lanius,  Ekologistak Martxa eta Eguzkik museoaren proiektuaren aurkako ekimen bat ere iragarri dute. 18.30ean izango da.

‘Denona delako’ izenburuarekin, eta marea bizi handien inguruan, Errenterian, Urbietan, Munagarrin, Telleria eta ontziolaren inguruetan argazkiak eta bideoak hartzera eta sare sozialetan  argitaratzera deitu dute.

Hilaren 18, 19 eta 20rako, Kantabriako Institutu Hidraulikoak iragarri baititu «historian eman diren marearik handienak».