NAIZ

Lau urteren ostean, unibertsitatera egingo du salto Ikama antolakundeak

Lan eremua zabalduko du Ikama (Ikasleria Martxan) antolakundeak eta bigarren hezkuntzatik unibertsitatera salto egingo du. Lanbide Heziketan ere jardungo du aurrerantzean, baina erritmo lasaiago batean hemen. II. Kongresuko ponentzia aurkeztu dute larunbata honetan.

Ikamak kongresuaren ponentziaren berri emateko Durangon egin duen ekitaldia.
Ikamak kongresuaren ponentziaren berri emateko Durangon egin duen ekitaldia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Unibertsitatera eta Lanbide Heziketara ireki du eremua Ikama antolakundeak. Pandemiaren ostean sortu zenean landutako Bigarren Hezkuntzatik unibertsitatera eta Lanbide Heziketara salto egin du, bigarren honetan erritmo lasaiago batean lan egingo badu ere.

Larunbata honetan Durangon egin du ekitaldia antolakundeak bere lehenengo kongresuaren berri emateko. Besteak beste, helburu nagusi bezala Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa lortzea definitu dute eta antolakunde ezkertiar eta independentistatzat izendatu dute bere burua.

Ponentzian bildu dituzte ideia hauek, baita Euskal Herriko hezkuntzaren eta ikasleriaren egoeraren analisi sakona ere. Ahulgune bezala, curriculum propiorik ez izatea eta Estatu espainolaren eta frantsesarenak «inposatzen» direla, hezkuntza sistema «irauli ezean» euskal kultura eta euskara «arriskuan» jarraituko dutela eta sistema patriarkala eta autoritarioa dela aipatzen du Ikamak, besteak beste.

Antolakundeak testuinguru soziopolitikoa aztertu du ere. 2008az geroztik «krisia besterik ez dugu ezagutu Euskal Herrian», diote, «kapitalaren beharrari erantzuteko» politikak garatu direla azaltzeko, bai eta hezkuntzan ere. Demografiaren aldetik, ume gutxiago egonik, sistema «birplanifikatzeko» beharra ikusten dute eta «gertutik begiratuko» duten arazoa dela diote. Faxismoaren gorakadaz, honakoa diote: «Euskal Herrian indarrik ez du, baina ezin dugu egongo ez balitz bezala jokatu».

Gazteek pairatzen duten zapalkuntza

Ikasleei dagokienez, gazte izateagatik zapalkuntza jasaten dutela deitoratzen du Ikamak. Bigarren Hezkuntzaren kasuan, irakaslea eredu gisa hartzen denez, ikasleei ez zaie subjektu politiko gisa aitortzen, beraien aburuz. Unibertsitatean, aldiz, ikasleak jatorrizko herri edo hirietatik lekualdatzeko beharra seinalatzen dute eta honek dakarren ikasketen garestitzea eta lan prekarizatuetaz baliatu beharra. Lanbide Heziketan zikloak laburrak dira eta «antolatzeko baldintza egokirik ez dago».

Funtsean, hiru helburu nagusirekin egingo du lan Ikamak aurrerantzean: ikas baldintza duinen alde borrokatzea eredu propioa eraikuz, ikasleria independentista izatea sustatzea eta ikasleria burujabeago eta kritikoago izatea sustatzea.

Zentzu horretan, «ikasle estrategian aurrera pausuak emateko ikasleriari balore aurrerakoiak garatzeko eta helburuak lortzeko tresnak emango dizkiogu». Feminismoa, sozialismoa, independentismoa, euskaltzaletasuna, transmaribibollo borroka, internazionalismoa eta antiarrazakeria izango dute oinarri.

«Errealitateak aldatzea»

Beraien xedea «ahalik eta ikasle gehienen errealitateak aldatzea» den heinean, «errealitate materiala eta subjektiboa zapaldua duen ikasle orori» zuzenduko dira.

Horretarako proiektu politikoak ondorengo ezaugarri nagusi hauek barne biltzen ditu: nazionala, «gure kultura, hizkuntza eta lurraldearen biziraupena eta garapena» bermatzeko; komunitarioa, hezkuntza «herriaren mesedetan» egon behar duelako; publikoa, doakotasuna eta ez diskriminatzea aldarrikatzen dituztelako; feminista, berdintasunean hezteko eta genero-rolekin amaitzeko beharra ikusten dutelako eta euskalduna, euskal hizkuntza, jakintza eta kulturaren transmisioaren alde.

Horri, aldi berean, zenbait ardatzetatik helduko diote: proiektu politikoaren lanketa, ikas-baldintza duinak, borroka feminista, euskararen aldeko borroka, independentziaren aldeko ikasle aldarria, koiuntura eta kanpo aldarrikapenak, borroka ekologista eta transmaribibollo borroka.

Lan dinamikoa

Lan egiteko moduari dagokionez, funtzionamendu dinamikoa nabarmentzen dute. Horrela, militantziaren «hiru erpinak» kontuan hartu behar direla zehaztu dute: norbanakoa, taldea eta proiektua, «militantzia norbanakook osatzen dugun talde batek proiektu bat erdisteko ibilbide gisa» ulertzen dutelako.

Barne funtzionamendua hobetzeko, formakuntzarako tresnak eta erabakiak hartzeko mekanismoak, kongresuak, bozkatzeko aukerak edo Bilgune Nazionala, kasu, jarriko ditu martxan antolakundeak. Kongresua lau urtean behin egingo du, bi urtean behin hurrengo biurtekora begurako plan politikoa osatuko da eta ikasturte bakoitzerako plangintza ere egingo dute.

Antolakuntza kudeatzeko Aparatu Nazionala sortuko dute, barnean lantalde desberdinak izango dituena, bakoitza zeregin batera bideratuta egongo dena. Herrialdeko aparatua delakoa ere osatuko dute, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egongo diren ordezkariekin, bi asterik behin bilduko direnak. Tokian tokiko plangintzarako, Lokaleko aparatua izango dute, ertaineko taldeekin, kanpuseko koordinazioekin eta kanpuseko taldeekin.