NAIZ

Ikastetxe publikoak integratzeko prozesua iragarri du Lakuak

Lakuako Hezkuntza sailak eskola-bereizketari aurre egiteko ekimena iragarri du. Denbora luzez landutako planteamendua dela ziurtatu dute, «hainbat ikastetxe publiko pixkanaka integratzea» helburu duena.

Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburua eta Imanol Pradales lehendakaria Zarauzko Orokieta ikastolan, ikasturte hasieran.
Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburua eta Imanol Pradales lehendakaria Zarauzko Orokieta ikastolan, ikasturte hasieran. (Jon URBE | FOKU)

Lakuako Hezkuntza sailak eskola-bereizketari aurre egiteko ekimena iragarri du, «hainbat ikastetxe publiko pixkanaka integratzea» xede, kalitatezko hezkuntza-proiektuak eta proiektu inklusiboak sortzeko. Ziurtatu dute planteamendu «sendoa» dela, azken bi urteetan hezkuntza-komunitateekin lankidetzan garatua.

Hezkuntza sailak hainbat ikastetxe publiko integratzeko prozesu bat gidatzen ari dela jakinarazi du, 2025-2026 eta 2026-2027 ikasturteetan modu mailakatuan ezarriko dena. «Azken urteetan planteatutako eskola-bereizketari» heltzeko ekimena dela azaldu dute eta adierazi dute prozesuan parte hartzen ari direla ikastetxeak, baita hezkuntza komunitatea ere. Besteak beste, norbanako orok «euskal hezkuntza-sisteman arrakasta izatea» ziurtatzea da helburua.

Halaber, Hezkuntza sailak «auzoen aniztasunaren aberastasuna» aprobetxatuko duten hezkuntza-proiektuak diseinatzeko nahia agertu du, «gure komunitateetako haur eta nerabe guztien garapen osoa» susatatze aldera.

Apurka apurka

Modu mailakatuan jarriko dute abian prozesua. Horrela, azaldu dute hausnarketa duela bi ikasturte sortu zela, «hezkuntza komunitate osoa inplikatuz plangintza informatua eta adostua zaintzeko». Bat-egite prozesuak 2025-2026 eta 2026-2027 ikasturteetan ezarriko dituzte.

Elkarrizketa horiek garapen-fase desberdinetan daudela adierazi dute, eta lehentasuna eman dietela ikastetxeen, familien, irakasleen eta beste hezkuntza-eragile batzuen arteko adostasunari. 2025-2026 ikasturteari begira, Gasteizko Aita Orbiso HLHI eta Umandi Ikastola HLHI; eta Portugaleteko Virgen de la Guía HLHI eta Zubeldia Maisua HLHI ikastetxeetan egingo dute. Integrazio horiek apurka apurka egingo dira bi urteko geletatik hasita, jakitera eman dutenez.

Halaber, nabarmendu dute hezkuntza-proiektu berriek «lidergo sendo eta berrituak» izango dituztela, oinarri izango dituztenak «hezkuntza inklusiboarekin eta etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa, ikastetxeetako egonkortasuna eta ikasle guztien eta hezkuntza-komunitate osoaren ongizatea».