Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Inozentada handia jasatetik gertu egon da Bera Bera Rocasaren etxean urtea amaitzeko (24-24)

Lucia Pradesen 11 geldiketek puntu bat eman diete donostiarrei Kanaria Handietan. Rocasak 24-23koa egin du, penaltiz, lehia amaitzeko segundo gutxiren faltan, baina Karstenek berdinketa egin du denbora agortzear zela. Partida nola joan den ikusita, puntu banaketa bidezkoa dela esan daiteke.

Lucia Prades, Arrojeriarekin besarkatzen, erakustaldia eskaini du Telden.
Lucia Prades, Arrojeriarekin besarkatzen, erakustaldia eskaini du Telden. (Jon URBE | FOKU)

Inozente eguna izateagatik, larunbat honetan Kanaria Handietan jokatutako partida nahiko arraroa izan dela aitortu behar da. Eguna eta ordua ere ez dira normalak izan. Telden jokatutako partida Euskal Herrian 16.00ak zirenean hasi da eta Bera Bera inozentada handia jasatetik oso gertu aritu da. Segundo gutxiren faltan, 24-23 galtzen zihoan, baina Karstenek berdinketa ipintzea lortu du azken momentuan.

Lehenengo 30 minutuetan emandako markagailu txikiak (10-11) adierazten du bi taldeek ate aurrean izandako hutsak. Hutsak eta, Bera Beraren kasuan, Lucia Pradesen geldiketak ere aipatu behar dira, seirekin amaitu baitu lehen zatia eta 11rekin lehia. Markagailu txiki hori, 10-11koa, baloi galtze dezentetik etorri da eta, gainera, donostiarrek zenbait zutoin jo dituzte Silvia Navarroren aurrean lehen zatian.

Partida hasieran, etxekoek markagailua irauli behar izan dute. Hala, 3-4tik 7-4ra pasa dira jarraian sartutako lau goli esker, tartean Larissaren zenbait golatzar ikusi direla. Neurketa berdinduta joan da, erritmo askorik gabe, eta hutsek hartu dute protagonismoa.

Hori bai, azken segundoetan Bera Berak gol bateko aldearekin aldageletara joatea lortu du. Oso segundo arraroak bizi izan dira. Rocasak baloiaren jabetza zuela, epaileek Alba Menendez bi minutu kaleratu dute falta egiteagatik. Hala ere, etxekoek ez dute asmatu eta baloia galdu dute. Anne Erauskinek gola sartu egin du atea hutsik zegoela eta denbora agortzear zela (10-11).

Tentsioa azken unera arte

Jokalari bat gutxiagorekin hasi du Bera Berak bigarren zatia. Larissak bereak egiten jarraitu du 11-11koa ipintzeko, baina Erauskinek, Pradesek geldiketa batekin eta Karstenek berriro jarri dute Bera Bera aurretik (11-13).

Imanol Alvarezen jokalariek, ordea, ez dute aldea aprobetxatu eta Rocasako Almudena Rodriguezek min handia egin die, hiru golen bidez marakagailua 15-14 jarriz.

Lehiak lehen zatiaren erritmo bera mantendu du eta oreka nabarman izan da. Ez Rocasak eta ezta Bera Berak ere ezin zuten aldea handitu. Donostiarrek, gainera, huts dezente egin dituzte Silvia Navarroren ate aurrean, eta Rocasak aprobetxatu egin du 21-19 eta 22-20 aurretik ipintzeko.

Azken minutuetan tentsio handia egon da. Arrojeriak momenturik egokioena aukeratu du bere lehen gola sartzeko (22-23). Pradesek bere erakustaldiarekin jarraitu du 11. geldiketa eginda, eta beste atean Karstenek ez du asmatu penalti batean. Eider Polesek, ordea, bere bosgarren penaltia sartu du (24-23) segundo gutxiren faltan, eta Karstenek berdinketa eman dio Bera berarei azken jokaldian (24-24) urteari, behintzat, puntu batekin amaiera emateko.

PARTIDAKO FITXA:

24 - Rocasa: Navarro, Minguez; Almudena (5) Lang (1), Larissa (8), Jhennifer (1), Cobo (1), Poles (6) eta Bayonas (2).

24 - Bera Bera: Prades, Kostic; Elba (2), Arrojeria (1), Ogonovszky (2), Marie Louis (3), Alba Menendez (1), Laura hernandez (2), Maitane Etxeberria, Karsten (5), Tchaptchet (3), Anne Erauskin (2), Gavilan (2), Arroyo (1) eta Joao.

Epaileak: Victor Navarro Baquero eta Fernanda Espino Guerra. Bi minutu kaleratu dituzte Larissa (2) eta Cobo Rocasatik; eta Alba Menendez, Maitane Etxeberria eta Joao Bera Beratik.

Partzialak bost minuturo: 3-3, 7-4, 7-6, 8-7, 9-8, 10-11 (atsedenaldia); 12-13, 16-16, 18-18, 19-18, 22-29 eta 24-23 (amaiera).