NAIZ

Sake-errestoan aldeak irekita, Elordi eta Zabaletak garaipen azkarra lortu dute

Elordi eta Zabaletak 22-12 garaitu zuten egoerak behartutako bikote baten aurka, Zabala eta Bikuñaren aurka alegia. Sukarrarekin dauden Altuna eta Aranguren ordezkatu dute. Elordi-Zabaletak seigarren puntua batu du.

Aitor Elordi, pilotakada bat ematen.
Aitor Elordi, pilotakada bat ematen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Berrogeita hamar minutu eskas eta 353 pilotakadako partida azkarra irabazi dute igande honetan, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, Elordi eta Zabaletak. Bikote arerioa berria eta esperientzia gutxikoa izan dute, Altuna eta Arangurenen ordez aritu baitira Javi Zabala –iaz sasoi txukuna osatu zuena– eta Bikuña, elitean oso gutxitan jokatu duena. Igarri zen eskarmentu falta, bai eta egoerak behartutako bikotea osatu dutela.

«Lehiatzeko gogoarekin sumatu ditugu baina segurtasun apur bat falta izan zaie eta hori baliatu dugu guk. Saiatu naiz aukerak aprobetxatzen eta partida on bat egin dugu», adierazi du Aitor Elordik, dema bukatu eta segituan.

Mallabiarrak soilik lau egindakorekin bukatu du partida baina bere sakeak protagonista izan dira. Pilotakada bakarrarekin zazpi tanto lortu dituzte gorriek, horietatik sei Bikuñak sake errestoan erakutsitako ezinaren ondorioz. Hain zuzen ere, Elordik sakean asmatu duenean –pilota apur bat gehiago kokatuz ezker paretean– igarri da bikoteen arteko aldea, ordura arte, Zabala oldarkor batek bikote urdina partidan bizirik mantendu baititu.

Lehen erdian, Zabaleta deseroso batekin, markagailuan aurreratu dira Zabala eta Bikuña (4-5 eta 5-6) baina gorriek pilota aldatu eta erreskadan sei tanto egin dituzte, horietatik lau sakean, Zabala eta Bikuñak ezin eramanda. Erreakzio txiki batekin –gorrien akatsak tarteko–, gerturatu dira markagailuan (15-11) baina irudipena besterik ez da izan, beste 7-1eko partzial azkar batekin, seigarren puntua eskuratu baitute Elordik eta Zabaletak.

«Partida tranpak dira, badirudi titularrak ez dutelako jokatzen errezagoa izango dela. Zentratua egon behar zara, gauzak oso ongi egin behar dituzu», adierazi du Zabaletak, zeinak urduri egon zela onartu zuen. Txapelketa ona egiten daudela onartu du eta Elordik azpimarratu bigarren posturako egingo dutela borroka.

FITXA TEKNIKOA:

ELORDI-ZABALETA 22

ZABALA-BIKUÑA* 12

Partidaren iraupena: 49:10 minutu. Pilotakadak: 353 pilotakada. Sakez egindakoak: 1 Elordik eta 0 Zabalak. Jokoan egindakoak: 4 Elordik eta 2 Zabaletak; 4 Zabalak eta 0 Bikuñak. Galdutakoak: 3 Elordik eta 5 Zabaletak; 4 Zabalak eta 12 Bikuñak. Markagailua: 01-0, 1-1, 4-1, 4-4, 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 7-6, 12-6, 12-7, 13-7, 15-7, 15-8, 15-11, 16-11, 22-12.  Gertaerak: Binakako txapelketako bederatzigarren jardunaldia, Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatuta. Lehen sakea, gorri. Altuna eta Aranguren, biak sukarrak jota, ordezkatu zuten Javi Zabalak eta Iñigo Bikuñak.