J.S.
DONOSTIA

Petritegik sagardo apardunen gama berria merkaturatu du

Sagardo ekoizpenaren dibertsifikazioan pausoak ematen jarraitzen du Astigarragako sagardotegiak eta aurtengo berrikuntza nagusien artean sagardo apardunen gama berria nabarmentzen da, La Petri eta Petri Rose sagardo gozo eta freskagarriekin.

Ainara eta Argoitz Otaño, aurten saritutako sagardoekin.
Ainara eta Argoitz Otaño, aurten saritutako sagardoekin. (GARA)

Astigarragako Petritegi sagardotegiak milioi bat litro sagardo egin ditu aurtengo uztan, %80 sagardo naturalera bideratuta eta %20, gainerako produktuetara. Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan, sagardo desberdinak ekoitzi ditu bertako sagarrekin soilik.

Era tradizionalean, hau da, sagar mota desberdinak nahastuz, honako sagardoak prestatu ditu: Petritegi Euskal Sagardoa, Euskal Sagardoa Ekologikoa eta Euskal Sagardoa Premium. Sagar-bakarrak edo monobarietalak, hau da, sagar mota bakarrekin ekoiztutako sagardoak berriz, honakoak: Alai (Txalaka sagar mota), Jare (Urtebi Txiki sagar mota) eta Suhar (Goikoetxe sagar mota).

Ekoizpenaren dibertsifikazioarekin jarraituz, edizio txikiko sagardo gourmet-ak ere egin ditu Petritegik, hala nola era tradizionaleko sagardo apardunak (botilan bigarren hartzidura eta ontze prozesu luzeko sagardoak): Apardun Erreserba, Apardun Brut Nature eta Apardun Estra Lehorra; bermutak sagardoarekin, baita alkoholik gabeko erreferentziak ere, sagar zuku ekologikoa edo graduazio baxukoak, Sagar Krash Cider sorta horien artean.

Berrikuntza handiena, hala ere, sagardo apardunen gama berria da: La Petri eta Petri Rose. Sagardo gozoak eta freskagarriak dira, burbuila fina dute eta graduazio alkoholiko baxukoak dira. 2024ko irailean La Petri sagardo apardunak bere kategoriako lehen saria lortu zuen Gijonen ospatutako Sisga nazioarteko lehiaketan eta abenduan, OCUk egindako konparaketa batean, merkatuko sagardo apardunik onena aukeratu zuen La Petri.

Aipatzekoak dira ere 2024an sarituak izan ziren Petritegiko beste bi sagardo hauek: Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehiaketan Petritegi Euskal Sagardo Ekologikoak urrezko domina lortu zuen eta Gijongo Sisga nazioarteko lehiaketan, Petritegi Apardun Brut Naturek urrezko domina jaso zuen.

Errekonozimenduekin jarraituz, Petritegi upategiak iaz zabaldu zuen “Malum Rex” izeneko sagar taberna berriak Repsol Gidak eskainitako Solete bat jaso zuen, Otaño familiaren espiritu berritzailearen eta dibertsitate zein kalitatearen alde egindako apustua saritzeko. Bertan, munduko eremu ezberdinetan -Euskal Herrian barne- ekoizten diren sagardo mota ugariak (40 erreferentzia inguru) ezagutu eta dastatzeko aukera dago, ez botilan bakarrik, baita txorrotan ere. Esperientzia gastronomikoa osatzeko, bertako produktuetan oinarritzen den «karta haragijale-beganoa» ere eskaintzen dute.

Horrekin batera, kultur agenda zabala ere martxan jarri dute, ekitaldi ugari eskaintzen dituena, hala nola zuzeneko musika saioak, dastaketak, uztartze edo maridajeak, azokak, Dj-ak eta abar.

BOSGARREN MENDEURRENA

Petritegi dolare baserria 1526an eraiki zen Astigarragan. Horrela, baserriaren bosgarren mendeurrenaren prestaketa lanetan hasi dira. Otaño-Goikoetxea familiak, XIX. mendearen amaieratik sagardotegiaren jarduera zuzentzen duenak, 2026. urterako sagar kulturaren inguruko ekitaldi desberdinak antolatuko dituela iragarri du.