Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Des-desliluraren garairako, ‘Aztia’

Diskoaz harago,  ‘Aztia’ zuzeneko emanaldia ere bada. Zoriontasunaren inguruko mintegi bat omen da, Patrika Zabalegi autolaguntzaren guruak gidaturikoa. Hala definitzen dute azken lana Don Inorrez musika taldeak eta Metrokoadroka kolektiboak, umoretik, ironiatik eta barrutik erditutako proiektua.

Ubeda, Alberdi, Bertarbide eta Guillan, “Aztia” proiektuko lau kide.
Ubeda, Alberdi, Bertarbide eta Guillan, “Aztia” proiektuko lau kide. (Maialen Andres | FOKU)

‘Aztia’, hala izena du Don Inorrez musika taldeak eta Metrokoadroka kolektiboak elkarlanean osatutako proiektu berriak, «kontzertu dramatizatuak» beren hitzetan, musika, teatroa eta butoh dantzaren arteko zoriontasunaren mintegia. «Aztia izena du diskoak, baina aztiak izen-abizenak ditu: Patrika Zabalegi», argitu digu Imanol Ubedak, eta aztiaren magia argitzeko elkartu ditugu berarekin batera proiektuko gainontzeko Patrika Zabalegiak ere: Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide eta Oier Guillan.

Don Inorrez taldea bere hurrengo lanaren ehizan zebilen, baina Ubedak beti «helduleku» bat behar izaten du sortzeko, eta ez zuen topatzen. Garaian ‘Mr. Señora’ (Txalaparta, 2016) irakurtzen ari zen, eta azpimarrez josten, «dialogo teatral musikal» baterako potentzialitatea ikusten baitzion. Liburuaren idazle eta lagun duen Guillanekin elkartu zen bazkaltzeko, eta amua bota zion; «intuiziotik», esan du. Erronka polita iruditu zitzaion, eta baiezkoa erantzun zion, idatziko zuela bakarrizketa bat, ondoren hortik abiatuta diskorako kantuak sortzeko. «Ezohikotasunak piztu egiten gaitu», adierazi du idazleak.

Guillan ere «intuizioz» hasi zen idazten. «Oka» egin ohi duela kontatzen du: «Hitzein paisaia handi bat sortu nuen, hor jaio zen aztiaren ahotsa». «Aztiaren lehen bertsio zabal hura bidali eta hor hasi zen dialogoa; Imanolen zirriborro batzuk iristen hasi zizkidan, testuan azpimarrak egiten joan zen eta mugitzen zioten pasarteen gainean konposatzen eta niri bidaltzen. Magia izan zen».

Horra arte diskoa. Baina Beratarbidek kontatzen du Metrokoadrokan ohituta daudela formatu ezberdinetako lanak egiten, eta zuzeneko emanaldi baterako osagaiak bazituela ikusten zutela. «Era berean joan dira hazten diskoa eta oholtzakoa, elkar elikatze bat izan da», dio Ubedak; izan ere, oholtzara iritsi arte «asko kondentsatu, ekonomizatu eta ideiak argitu» behar direla iruditzen zaio Guillani. Eta, beraz, Beratarbide arduratu da diskoaren zein zuzenekoaren irudiaz, proiektuaren zuzendari artistikoa da. Eta Alberdi aktore-dantzari gisa, butoh dantzaren bidez heldu zen proiektura.

«Hitzein paisaia handi bat sortu nuen, hor jaio zen aztiaren ahotsa»



Talde lanari eta diziplina arteko lanari garrantzia ematen diote. Alberdi: «Gozagarria da zerbaiten parte txiki bat izatea, uste dudalako ardura partekatzen dela, ez nagoela bakarrik eta badagoela eusten nauen zerbait». Ezohikotasunaz, Ubeda: «Ez da ohikoena musika talde bat, rock talde bat adibidez, antzerki talde batekin elkartzea. Baina asko ikasten da taldean, baita zuk egiten duzunaz ere. Ez da prozesu ohikoa, baina abentura zirraragarria izan da».

Nor da Patrika Zabalegi?

«Patrika Zabalegi naiz / autolaguntzaren aztia», esaten du abesti batek, eta horri tiraka aurkeztu digu bere Patrika Ubedak: «Terapia guztiak menderatzen ditu, daudenak eta ez daudenak, nahiz eta ikasketarik ez eduki, denerako soluzioak eduki ditzake. Bufoi puntu bat ere badu, karikarizatu egiten du aztiaren figura, izan daiteke coach edo autolaguntzaren guru bat». Eta hain zuzen ere, emanaldietan «zoriontasunaren inguruko mintegi bat» emango du.

Alberdik, kolpean: «Nik gorpuztu, eta batez ere, dantzatzen dut izaki infinitu hori nonbaitera jaio dadin, baina oraindik deskubritzen ari naiz». Sormen prozesua «opari» bat izan da dantzariarentzat, egunero horrela bizi nahiko lukeela aitortzen du; Guillanek espazio bat aukeratzeko eskatzen zion, eta kantu bat jarri inprobisazioak egin zitzan. «Asteazkenean iritsi nintzen lilura, deslilura eta des-deslilurarena ulertzera. Oierren diskurtsoan guztiz konfiatzen dut, niretzako xaman puntu bat du, intelektualki batzuetan ez diot ulertzen, des-deslilura… Baina ni gorputzarekin noa. Atzo momentu batean ikusi eta koadernoan apuntatu nuen: ‘Liluratuta zaude, deslilura sumatzen duzu, eta gero des-deslilura litzateke berriro ere, baina deslilura hori barneratuta’, eta esan nuen: ‘Uau, ni hor nago eta bizitzan!’. Magia da. Patrika Zabalegi deskubritzen ari naiz, bizitzan gertatzen ari zaidanarekin batera».

Beratarbiderentzat «bakarra da, baina hiru dira; horregatik infinituaren sinboloa ere»; diskoaren azalean hiru Patrika ageri dira, mugimenduan. «Norberaren barruan egon daitezke nor horiek guztiak; batzuetan ilunak gorde egiten ditugu, eta argiak erakutsi. Niretzat, etengabe mugimenduan dagoena errepresentatzen du, dena erakusten du, erakutsi nahi ez duguna ere bai».

Guillanek «oka» egin zuen, eta «aztia baten forman» azaldu omen zitzaion barruan zeramana. «Des-desliluraren ideiarekin atzera egin nuen pandemiaraino. Egon zen halako eztanda bat, egon zen greba digitala, bat-batean kulturgileak ezinbestekoak ginen bizitzeko, ezin zen etxean egon kulturari lotutako ezer kontsumitu gabe. Eta beti prekaritateaz hitz egiten egon ginenok ikusten genuen hori bukatu egingo zela, ikusi genuelako jendartean ze paper betetzen zuen kulturak, ez bakarrik profesionalak, baizik eta sormenak berak bizitzetan. Baina buelta etorri zen, eta buelta deslilura bat izan zen, “normaltasunera” bueltatu ginenean; prekaritate estrukturalera itzuli ginen, agian are modu gordinagoan. Eta egon zen kultur politikekiko halako deslilura eta neke bat», hausnartzen du.

‘Aztia’ proiektuko kideak diskoaren aurkezpenean.
‘Aztia’ proiektuko kideak diskoaren aurkezpenean.

 

Eta hortik des-deslilurara? «Konturatu nintzen baneramala denbora bat deslilura horretan, baina jaiotzen ari zitzaidala des-desliluratzeko tenorea. Oso argi nuen ezin zela lilura berri bat izan, ezer gertatu ez balitz bezala, deslilura barne hartzen zuen des-deslilura bat izan behar zela», kontatu du Guillanek. Eta gehitu: «Pentsatu nuen gure garaian badagoela neke bat, deslilura bat, kostatzen ari zaiguna buelta ematea. Eta buelta horri erantzunez sortu da kontu hau umoretik, zeinak barre egiten duen gure buruaz ere; baina barre egitea ez da kontua, umorez hartzea da kontua».

Boterea utzi eta hustu

Botereaz ere mintzo da Patrika Zabalegi mintegian: «Aztiak ere sinbolizatzen du momentu hori, non zuk daukazun boterea norbaiten esku uzten duzun. Terapeuta baten itxura hartu du, baina izan daiteke kultur zinegotzi bat, alkohola, kuadrilla, pilula, familia artista… Aztiaren helburua bada probokazioa; segur aski terapeuta guztiek nahi dutena da berriro boterea hartzea pertsona horrek, ateratzea haserre mintegitik, baina zerbaitekin barruan eta akzio sentimendu batekin».

Alberdiren ustez boterea errekuperatzeko gakoa akziora pasatzea da: «Beti kanpora begira bazaude, jendeak zerbait egin dezan zu, kultura edo indibiduoa ongi joan dadin, norbaiti boterea ematen ari zara, eta ez duzu zuk hartzen».

Gainera, Patrika Zabalegi ez omen da errazkerian erortzen, autokritikatik ere ba omen du. Autolaguntzaren guru izan aurretik «kultur zeinagotzia» izan zen, eta kulturgileak «pastelzatistak» direla ere aurpegiratzen du. Kulturaz, botereaz, liluraz, desesperantzaz, desliluraz zein zoriontasunaz mintzatzen den pieza eszenikoa da ‘Aztia’, beraz. Ubedaren ustez, «atsegina, umoretsua, zer pentsatua» eragingo duena. Publikoari amu bat botatzeko eskatu, eta mahai bueltan dauden laurek osatu dute iragarkia: «Terapia egiteko modu merkea izan daiteke. Eta beharbada eraginkorragoa. Lagun bat gonbidatu dezakezu terapiara». “Aztia” diskoa jada kalean da, eta estreinaldia, otsailaren 8an, Donostiako Lugaritz aretoan.