Trumpen aurka kalera, Luther King-en omenaldi egunean
Donald Trumpen kargu hartzeak ezustekoa izan du eguraldiagatik, eta Kapitolioan egin beharko du ekitaldia bihar, jarraitzaileen etsipenerako. Daten kointzidentziak Martin Luther King-en eguna aurreratzea ekarri zuen, eta hori baliatuta milaka lagunek egin zuten protesta presidente berriaren aurka.

Washington hirian paseatzea atsegina izan da astean zehar. Joan den asteko elurtearen arrastoak nongura daude, baina termometroak 0-tik zerbait igota, neguko egun eguzkitsu ederrak izan dira, beroki on batekin hirian paseatzeko. Bisitari gehienek, zelan ez, National Mall monumentuen guneaz gain, Etxe Zuria eta Kapitolioraino doan Pennsylvania etorbidean ematen dute denbora gehiena. Egunotan, hesiak eta hesiak altxatzen ikusi dituzte. Milaka, inoiz baino gehiago, dakitenek diotenez.
Etxe Zuriaren atzean amaitzen da L2 autobus linea. Geltokian bertan dakarrenez, gaurtik asteartera ez da autobusik ibiliko. Metroa ere ez da geldituko inguruko geltokietan. Elur arrastoen eta hesien artean, baina, turistak eta turistak Lafayette plazan, Etxe Zuriko ohiko irudiaren ordez obrak egon arren. Halako batean, hesiaren alde batetik urruntzeko agindua zerbitzu sekretuak: auto beltz ugari, zurrumurruak... Joe Biden St John’s eliza txiki distiratsuan dago.
Aginte hasieran ere tenplu protestante dotore honetan izan zen, bere aurretik beste presidente asko legez. Bigarren presidente katolikoa da Biden, Kennedyren ostean. Irlandar arrastoa gertu dago hemen ere; aldameneko kaleko Bobby Van’s Steakhouse erretegian Sinn Féin-en AEBko adarrak liburu aurkezpen bat egin zuen berriki.
Gainerakoan, turista zuriak eta tarteka latinoak ziren nagusi. Trump jartzen duten biserez eta neguko txanoez dabiltza batzuk baino gehiago. ‘MAGA’, ‘Egin AEB berriz ere handi’ dioen txanoa 20 dolarretan saltzen du kale saltzaile beltz batek. Erosle guztiak zuriak dira. Irudi bera nagusitzen da Pennsylvania etorbidean, Kapitolioa dotore ageri dela aurrez, bide bazterreko hesi beltzez ahaztuz gero. Mugikorretan mezu bat zabaldu zen ostiral eguerdian: luzaroan prestatutako eta iragarritako planak bertan behera utzi dira (horrelako ekitaldietan beti daude B eta C planak, noski), gaurko eta biharko iragarri den elurteagatik eta hotzagatik. Kapitolioaren barruan zin egingo du kargua Trumpek.
Mugikorretan mezu bat zabaldu zen ostiralean: luzaroan prestatutako planak bertan behera utzi dira iragarri den elurteagatik eta hotzagatik. Kapitolioaren barruan zin egingo du kargua Trumpek
«Benetan ezingo dugula presidentea zuzenean ikusi? Ez dut maite hori», diotso Ken-ek telebista bati. «Horretara etorri gara Oklahomatik. Etxean geratu eta telebistaz ikusiko genuen!» Aldamenean, Harry, Trumpen biserarekin bera ere, abeltzaina dela eta etxaldeak dituztela dio.
Ordu gutxian inaugurazio ekitaldirako asmoak goitik behera aldatu dira. Ez da ekitaldi barruan egingo den lehen aldia: Ronald Reaganek ere hala egin zuen 1985ean, motibo beragatik. Gaurko iragarritako elurteaz gain, bihar termometroak amiltzea espero da. Eguerdian -5 edo -6 gradu zin egiten duenerako, baina goizaldean -10 edo -12 izan litezke, eta ekitaldirako oso goiz joan behar dute bai bisitariek, bai eta bertan egon beharreko milaka langileek ere.
Hiri progresista
Pennsylvania etorbidearen erdian hiriko eraikin garaiena dago (Washingtonen monumentuaren ostean): 1899ko Old Post Office eraikina Waldorf Astoria hotela da egun. Asteburu honetan gelarik ez dago libre. 1.200 dolar da datorren asteburuan etortzea. 2021era arte Trump hotela izan zen eraikin hau, urtarrilaren seiko gertaeren ostean saldu behar izan zuen arte. Hiri honetan botoen ehuneko sei baino ez zituen lortu hautagai errepublikanoak, ehuneko 90ek Kamala Harrisen alde bozkatu zuten.
Trumpek hori badaki, noski, ez alferrik zingira deitzen dio, eta zingira drainatu, lehortu beharraz mintzo dira errepublikanoak (draine the swamp), ur txarrak atera beharra. Horretarako, Etxe Zurira egitasmo ugari dakartza Trumpek, hiriko milaka funtzionario beste norabait bidaltzeko asmoz, eta bere sokako jende gehiago ekartzeko. Baina ‘DC’, erdiguneko bulegoetatik harago, herritar beltzen hiria da nagusiki.
Washington afroamerikarrak, musikaz eta kolorez beteta, hotzari aurre egin eta kalera jo zuen atzo Congress Heights eta Anacostian, hiriaren ekialdean. Martin Luther Kingen eguna gogorarazteko martxa izen bereko etorbidea Malcolm X abenidarekin elkartzen den lekuan hasi zen. Dozena batzuk hasieran, ehunka gero, auzunean behera kolektibo gehiagok bat egin ahala. “We shall overcome” kantu biblikoak (irabaziko dugu), 60ko hamarkadan eskubide zibilen mugimenduak Alabaman eta beste hainbat lekutan kantatutako doinuak esangura berezia hartu zuen atzo. «Bakerik ez justiziarik gabe» edo «polizia arrazistarik ez» leloekin batera, auzoko taldeen dantzak, akrobaziak eta erakustaldiak izan ziren, eta beltzen biziak ardura dutela gogorarazi zuten berriz ere, bestelako aldarrikapen sozial, ekonomiko eta politikoen artean. Urtarrileko hirugarren astelehena Martin Luther King Day jai egun federala da, baina aurten presidentearen kargu hartzea izanik, larunbatera aldatu zuten martxa jendetsua. Erabakirik onena, eguraldia zelan gaiztotu den ikusita.
Ez zen atzoko ekitaldi bakarra izan. Hiriaren erdigunera metroz joanda, erraz nabari ziren bi estetika desberdin: neska gazteak zein emakume helduak taldean, gizon gutxiago baina batzuk bai, berehala koka zitezkeen Trumpen aurkako protestan. Lauzpabost neska gazteren kuadrilla batek solasa, umorea, erritmoa eta, halako batean, abortu eskubidearen alde etxean egindako afixa. Parez pare bagoian, Trumpen aldeko parafernalia zeraman turista bikotea.
Milaka lagun Trumpen aurka
‘People’s March’ edo Herriaren Martxa deitu zuten ezkerreko hainbat kolektibok atzo. Lau zutabe irten ziren zehazki hiriko zenbait gunetatik, National Mall-en elkartzeko. Parkean oraindik metatutako elurra eta II. Mundu Gerrako monumentua eta Lincolnen Memoriala elkartzen dituen urmael luzanga erabat izoztuta zeudela, jendetza elkartu zen alde bietan eta oroitarri erraldoiaren oinetan. Deitzaileek 50 mila lagunentzako protesta iragarri zuten. Ez da gutxi, iaz Palestinaren alde egindako manifestazio jendetsuen antzera ibili zen, baina duela zortzi urteko martxatik oso urrun. Orduko hartan milioi erdi lagun bildu ziren Washingtonen eta beste milioi asko protestan irten ziren AEBko beste hiri askotan.
Atzoko energia oso beharrezkoa izango da Trumpek eta bere gobernukideek herritar zaurgarrienen aurka iragarri dituzten neurri gogorrak hasten direnean
Protesta mugimendu feministak gidatuta etorri zen, eta abortu eskubidearen aldeko leloak nagusi izan ziren. Horiekin batera izan ziren, baita ere, sozialismoak faxismoa garaitzen duela aldarrikatzen zuten afixak (baita ‘feministak faxisten aurka’ ziotenak ere), palestinar zapiak, larrialdi klimatikoaz ohartarazten zuten kartelak eta sindikatuen eta eskubide zibilen elkarteen ikurrak ikusi ziren. Beltzen eskubideen ordezkariek gogora ekarri zuten migratzaileen aurkako politikei aurre egiteko arrazismoaren aurkako mugimenduaren borroka aintzat hartu behar zela. Alderdi Komunistako kideek, berriz, deportazioen aurka elkarrekin borrokatzeko deia egin zuten.
«Jendea oso nekatuta dago», aitortu zuen Tamika Middleton Emakumeen Martxako zuzendariak (aurten Herriaren martxa deitu diote protestari), «neu ere hala sentitzen naiz, baina protestan irtetea, manifestatzea da egin dezakegun gutxiena».
Duela zortzi urte dozenaka kolektibo progresista elkartu ziren protestan, baita Trumpen aurkako errepublikano batzuk ere; orduan ere mugimendu feminista izan zen deialdiaren katalizatzailea. Haserre zeuden, eta oso motibatuta. Hautagai bozkatuenak baino hiru milioi boto gutxiago lortu zituen gizon misogino bat sartu berri zen Etxe Zurian, Barack Obamaren agintaldiaren ostean. Amorru hark etengabeko mobilizazioa ekarri zuen, eta, neurri handi batean, demokratek hari esker lortu zuten Ordezkarien Ganberaren kontrola 2018an.
Orain egoera aldatu da. Trump ez da outsider-a, denek ezagutzen dute, argi eta garbi esan du zertara datorren –asteartean bertan migratzaileen aurkako razziak iragarri dituzte, eta Chicago aipatu da bereziki–, eta herritar gehienek bere alde bozkatu zuten.
2016an metatutako indarra, berriz, apaldu egin da, gertatu berri denaren hausnarketan eta aurrera begira egin beharreko urratsak asmatu ezinik erabat. Atzoko energia oso beharrezkoa izango da Trumpek eta bere gobernukideek herritar zaurgarrienen aurka iragarri dituzten neurri gogorrak hasten direnean.
Washington progresistaren azken ekitaldia izan zen, Trumpek agintea hartu aurretik. Ibilbidean Trumpen aldeko kide batzuk ere ibili ziren MAGA txano gorriekin, jakin-minez, despistatuta edo probokazioan. «Trump ez, KKK (Ku Klux Klan) ez» oihu egin zieten manifestari batzuek, eta tentsio uneren bat izan zen abortu eskubidearen aurka ari ziren ultra kristauekin, baina aparteko istilurik ez.
Eguraldia gorabehera, gaur guztiz bestelako ekitaldia prestatu du Trumpen kanpainak: biharko kargu hartze ofizialaren aurretik ‘garaipenaren martxara’ deitu zuten. Litekeena da elurteak kaleko ekitaldiak aldaraztea. Capitol One Arenak, NBAko Washington Wizards taldearen kantxak, 20 mila aulki ditu. Trumpzalerik ikustea zaila izan ohi den hiri honetan ez da falta MAGA mugimenduaren jarraitzailerik egunotan, eta gustura entzungo diote liderrari, Elon Musk eta beste lagun asko ondoan dituela.
Donald Trump hegazkin ofizialean iritsiko da Washingtonera, oraindik presidente ez izan arren. Irtetear den gobernuak sartzear denarekin izan ohi duen kortesia da. Trumpek ez zuen halakorik izan Bidenekin 2021ean.

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
