Kazetaria / Periodista

Donald Trumpen «txantxa infinitua»

AEB-etako presidente berriaren azken burutazioa Ipar Amerika osoa elkartzea izan da, baina David Foster Wallace idazlearen ‘Infinite Jest’ eleberri distopikoan dagoeneko agertzen zen. Eta ez zen ideia ona...

David Foster Wallace eta Donald Trump.
David Foster Wallace eta Donald Trump. (Steve Rhodes |AFP)

Donald Trumpek gu harritzeko gaitasuna du beti, ideia bat duen guztietan. Azkenekoa benetan bitxia izan da: Ipar Amerika osoa elkartzea, Groenlandia ere batuta, lurralde bakar batean.

‘Make America great again’ leloa erabili du aspaldi (MAGA) eta, hortaz, Amerika great egiteko zer lurrak metatzea baino hobea? pentsatu omen du.

Burutazioen zakua ondo betea du beti ‘TheDonald’ek, baina kasu honetan ezin da esan ideia berria izan duenik. Amerika iraganean jada nolabait great izan baitzen, eta ez gara dinosauroen aroaz ari, eleberri bati buruz baizik. Nonbait Trumpen egitasmoa airean zebilen dagoeneko Trump politikagintzara heldu aurretik, David Foster Wallaceren ‘Infinite Jest’ maisulanean.

David Foster Wallace, «bere belaunaldiaren idazlerik onena» batzuen esanetan. Bere buruaz beste egin zuen, zoritxarrez, 2008an. Nahiko gaztea zen oraindik, 46 urte bakarrik zituen, baina aspaldiko partez bere mamuen aurka borrokatzen zebilen, depresio sakon batean.

Heriotzaren ondoren nekrofiliak bultzatuta-edo jende askoren interesa piztu zen. Nirea ere bai. Ezaguna zen, buruan zapi zuri bat eramaten zuela banekien, baina bukaera tragikoak arreta areagotzen du beti.

Hitz gutxitan, lau-bost urtez bere lan guztiak irakurriko nituen, ‘Infinite Jest’ hau barne. Hobe esanda, ‘Infinite Jest’-era iristeko bere beste saiakera lan eta eleberri guztiak irentsi nituen. Irentsi, bai, oso astunak eta korapilatsuak zirelako. Baina korapilatsuak bezain interesgarriak, arinak eta sakonak, absurdoak eta zehatzak aldi berean.

Gehien maite izan nituenak, ‘Consider the lobster‘ eta ‘A supposed funny thing I'll never do again’. Aholku gisa hartu, nahi baduzue. Eta zerrenda honen bukaeran, azken oztopo moduan, ‘Infinite Jest’, gazteleraz ‘La broma infinita’ itzulia.

Bi hilabetez-edo iraun zuen irakurraldiak. Normala da, 1.300 orrialdeko liburua da eta. Baina ez harritu, 1.000 inguru ditu berez eleberria denak eta beste 300 inguru «eleberriaren oharrak» dira. Ohar hauetako batzuek, gainera, beren barruko ohar propioak zituzten. Erokeria? Baliteke. Horregatik ‘Infinite Jest’ amaitu ondoren ez nuen libururik hartu bi astetan-edo.

Gogaikarri distopiko edo aurreratzailea?

‘Infinite Jest’ izenburua William Shakespeareren ‘Amleto’-tik (‘Hamlet’) dator, baina ez du zerikusirik ez Danimarkarekin eta ez printze batekin ere. Edozein kasutan, guztiz ezinezkoa da David Foster Wallaceren eleberria laburtzea, argumentuz betea delako, eta azpiargumentu mordoa ere badu. Orokorrean honela laburbildu genezake: menpekotasunari buruzko istorio bat da.

Ba ote du Trumpek ‘Infinite Jest’ irakurri? OTAN eta ONAN, Kanada eta Mexiko arazoak banatzeko gertu, publizitatearen nonahikotasuna, menpekotasunak, muturreko lehiakortasuna... hor dira

 

DFW-k, depresioa gainditzeko tratamendu oso gogor baten bitartean idatzi zuen maisulan hau. ‘Infinite Jest’-en protagonistak asko dira eda denak kartutxo baten bila dabiltza. Kartutxo hartan pelikula bat dago eta hori ikustea oso dibertigarria omen da. Aipa dezakegu pelikula hori, ‘The Entertainment’, benetako protagonista dela.

Amerika distopiko batean girotuta dago eleberria, 1996. urtean argitaratua. Eta etorkizunaren Amerika honetan urte bakoitzak babesledun bat du, marka batek ematen dio izana: gaztak, pixoihalak, edariak...

Eta nork nahi du ‘The Entertainment’ pelikula-kartutxoa? Jende piloak, besteak beste ‘Les Assassins des Fauteuils Rollents’, ‘Gurpilezko Aulkien Hiltzaileak’ taldeak. Talde hau separatista da, kanadiarrak dira baina kontua da eleberrian (eta orain iritsiko gara Donald Trumpen burutaziora) Ipar Amerika osoa Estatu bakar bat dela: Organization of North American Nations (ONAN, alegia). Horregatik, gerra batean eragiteko, ‘The Entertainment’ behar dute, aurkakoak indargabetzeko.

Helburu satirikoa du Foster Wallacek. ONAN hitzak antekotasun handia du OTANekin, bide batez. Kutsadura banatzeko batez ere nahi dute kontinente osoa batu AEBek, baina kanadiarrek ez, jakina.

Ba ote du Donald Trumpek edo bere gertuko kolaboratzaile batek ‘Infinite Jest’ irakurri? OTAN eta ONAN, Kanada eta Mexiko arazoak banatzeko gertu, publizitatearen nonahikotasuna, menpekotasunak alde guztietan, muturreko lehiakortasuna: hau dena badu ‘Infinite Jest’ eleberriak, orain itxuraz programa politikoa bihurtuta.

Baina azkenik, gaur egun norena da Groenlandia, Trumpek berarentzat nahiko lukeen lurraldea? Danimarkarena, Amleton bezala. «Alas, poor Yorick! I knew him, Horatio: a fellow of infinite jest»