Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Indarkeria esplizituaren gorakada azpimarratu du Talaia Feministak

Talaia Feministak 2024 urteko dosierra aurkeztu du eta ondorioztatu du iaz «biolentziak areagotu zirela, indarkeria esplizitu eta sinbolikorako forma berriak erabiliz». Otsailaren 1ean Talaia Feminista Unea egitekoak dira EHUren Sarrikoko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean.

Gil de San Vicente, Jubeto, Zabala eta Perez Orozko, Bilbon egindako prentsaurrekoan.
Gil de San Vicente, Jubeto, Zabala eta Perez Orozko, Bilbon egindako prentsaurrekoan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Talaia Feministako talde sustatzaileak 2024 urtea aztertuta ondutako dosierra aurkeztu du. Datozen egunetan egongo da eskuragarri haien webgunean, eta edukien nondik norakoa aurkeztu dute gaur Bilboko Louise Michel Liburuak dendan egindako aurkezpenean. Webgunean bertan dago, halaber, otsailaren 1ean egitekoak diren Talaia Unean izen emateko aukera ere. Yolanda Jubeto, Begoña Zabala, Amaia Perez Orozko eta Kizkitza Gil de San Vicente Talaiako kideek hartu dute hitza. Honako ideia nabarmendu dute bai prentsaurrekoan, baita dosierrean bertan ere: «Egiaztatu dugu indarkeria sistemikoa berrantolatu egin dela, modu esplizitu eta lotsagabeenetara joz, eta indarkeria inplizitu eta sinboliko mota berriak erabiliz».

Jubetok jakitera eman du datorren hileko bilkura EHUren Sarrikoko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean egingo dutela eta unibertsitate publikoarekin horrelako ekimenak antolatzea «positibotzat» jo du. Hitzordu horri begira, aurreratu dute dosierrean jasotakoez gain, beste bi gai ere izango dituztela hizpide: berdintasun politika eta egitura publikoen egoera Euskal Herrian, eta osasun mentala. Era berean, kideek txostenaren inguruko azalpenei ekin orduko, zehaztu nahi izan du Talaia askotariko emakumeek osatzen dutela eta beraz, denek ez dutela bat egiten dosierrean jasotako baieztapen guztiekin.

Koiunturaren analisia azaltzeari ekin dio, jarraian, Zabalak. Adierazi duenez, gaur egun indarkeria normalizatzen eta ukatzen ari da. Halaber, biolentzia esplizitua nabarmen areagotu dela azaldu du, eta indarkeria sinbolikoa forma berriak hartzen ari dela. Aztertu beharreko auzi gisa aurkeztu du indarkeria matxistaren aurkako borroka instituzionalizatu izana. Izan ere, argi utzi nahi izan du ez dela «ezinbestean, txarra», baina instituzioek agertutako erantzuteko gaitasuna eta eraginkortasuna zalantzan jarri ditu. Halaber, mugimendu feministaren ahalmena azpimarratu du.

Gerraz eta emakumeengan duen eraginaz ere aritu da Zabala, auzi horri ere heldu diotelako dosierrean. Gatazka armatuen hazkunde globala nabarmendu du, baita, harekin batera, gastu militarra areagotzea, eta diskurtso militaristen normalizazioa ere.

Perez Orozkok lurraldeaz hausnartutakoak laburbildu ditu. Gogora ekarri ditu iaz izandako nekazaritza sektoreko mobilizazioak eta kezkarako arrazoi lez aurkeztu du krisi ekologikoari aurre egiteko modua megaproiektuetan oinarritu izana, «demokratikoki erabaki ez dena eta lurralde-indarkeria gisa har daitekeena». Kontrapuntu gisa, azpimarratu du erresistentzia antolatzen ari direla, «agroekologiatik, ekofeminismotik, makroproiektuen aurkako mobilizazioetatik eta energia kooperatiba eta komunitateak ugaltzetik».

Nekazarien mobilizazioek agerian utzitako etsipena aipatu du Perez Orozkok, eskuin muturra hazteko eta errotzeko baliatzen ari den tresna gisa. Adierazi du ezinbestekoa dela egon badagoela onartzea, baita Euskal Herrian ere, nahiz eta hemen badauden egiturak behar bezalako erantzuna emateko gaitasuna dutenak.

Osasun mentala eta berdintasun politikak

Gil de San Vicentek Talaia Unean lantzekoak diren beste bi kontzepturen inguruko zertzeladak eman ditu, hots, osasun mentalari eta berdintasun politikei buruzkoak. Edukia bera azaldu ordez, afera hauek aukeratzeko arrazoien berri eman du, jakinarazi baitu dagozkion eragile eta erakundeekin hartu emanean arituko direla otsailaren 1aren ostean, betiere bertan hitz egindakoen bueltan.

Berdintasun politikez eta egitura publikoez, azken 50 urteetan izan duten eragina azpimarratu du. Izan ere, adierazi du alor horretan egindako lanak badaukala zer ikusirik mendebaldean emakumeen eskubideak, oro har, aitortu izanarekin, desberdinkeria egon badagoela onartzearekin eta feminismoak lortu duen hegemoniarekin.

Osasun mentalaren inguruan, baieztatu du agerikoa dela jendartean «min eta sufrimendu ikaragarria» dagoela eta emakumeak gizonak baino neurri handiagoan daudela diagnostikatuta eta medikazioa hartzen. Gora baino ez doan joera izaki, zalantzan jarri du orain arte ildo honetan egin diren politiken eraginkortasuna. Horrela, hipotesia jarri du mahai gainean: «Sufrimendu honen atzean sistema baten porrota dago».