
Iaz Bilboko EHUko Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa fakultatean egin bezala, aurten ere hainbat esparrutako dozenaka emakume feminista eta subiranista bilduko dira Gasteizko Armentia ikastolan, Talaia Feminista Unean. Ariketa kolektibo zabal batek emandakoarekin osatuko dituzte aurtengo azterketaren ondorioak eta gomendioak, eta euskal jendartearekin, erakundeekin eta eragile sozialekin partekatuko dituzte. Izen ematea zabalik dago lotura honetan.
2025. urtea aztertzea helburu duen Talaia Feminista Unea martxan da jadanik; Euskal Herriaren koiuntura eta trantsizio feminista begirada feminista eta subiranistatik partekatzen duen urteroko zita da. Duela lau urte abiatu zuen bidea Talaia Feministak, eta ordutik urteroko azterketak egiten dabil. Gertakariek emakumeongan eta jendarte feminista eraikitzeko bidean izandako inpaktua jorratzen du. Analisi feminista egiteaz gain, Euskal Herriaren trantsizio feministan eragiteko akuilu ere izan nahi du.
Azken hilabeteetan talde sustatzailea bete-betean aritu da edukiak osatzeko lanean. Prekaritate prozesua, erreakzio patriarkala, eskuineratze prozesuak eta burujabetza lehia aztertu dituzte. Datorren astean emango dute eduki nagusiaren berri, baina hausnarketarako galdera batzuk utzi dituzte jada.
Bizitzaren prekarizazioa
Talaia Feministak adierazi duenez, prekaritate garaiak bizi ditugu, baita prekaritatearen aurkako borroka garaiak ere, Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko greba deialdiak erakusten duen bezala. «Prekaritatea ‘bakarrik’ da ala bizitzaren sostenguaren krisi sakonagoa da? Zein biziraupen- edota erresistentzia estrategiarekin egiten diogu aurre? Nola eragiten du modu desberdinean? Zein gorputzek zaintzen dute bizitza prekarietatearen aurrean?», galdegin du.
«Eraiki nahi dugun Euskal Herri feministan, zer itxaropen edo espektatiba bermatu beharko genituzke kolektiboki? Nola egingo genuke merkatuetatik (kapitalistak) eta familietatik (heteropatriarkalak) kanpo?», hausnartu du.
Erreakzio patriarkalak
Adierazi duenez, munduan nabarmena da eskuin muturraren gorakada, eta harekin batera «eskuin eta ezker» hedatzen ari dira «posizio erreakzionarioak». Gainera, «feminismoaren azken urteetako lorpenen ondotik, horien kontrako erreakzioa ari da zabaltzen».
Talaia Feministaren iritziz, gogoeta sakona eskatzen du erreakzio patriarkal internazionalak, horregatik galdetzen du: «Non eta nola ari dira lurreratzen Euskal Herrian eskuin muturraren diskurtsoak? Eskuin muturra, faxismoa eta eskuineratze prozesuak bereizten badakigu? Bereizi behar ditugu? Zein leku du erreakzioak mugimendu sozialetan? Zeintzuk dira mugimenduetan faxismoari bidea ireki diezaioketen pasabideak? Nola egiten diogu aurre Euskal Herriko feminismotik oldarraldi patriarkal eta faxistari? Nola garatuko dugu marko feminista antifaxista propio bat?»
Burujabetza lehian
Bestalde, «2025. urteak erakutsi digu herrien eta bertako jendearen burujabetza lehian dagoela eta euskal feminismoak zeresan handia du horretan». Adibidetzat jarri ditu Palestinako genozidioa eta «eraso inperialista Venezuelako baliabideak espoliatzeko». Baita euskararen normalizazio politiketan esku-hartzea eta nazio aitorpena lortzeko gizarte eskaera.
Horren aurrean, honako galderak paratu ditu: «Boterea eta erabakitzeko eskubidea gauzatu al ditzakegu bizi baldintza duinak ziurtatu gabe? Estatua eta publikoa pribatizatzeko eta burujabetza materiala eta estrategikoa galtzeko prozesuan murgilduta al gaude? Euskal soberanista gisa posizionatuz, zeintzuk dira menpekotasunaren eta subiranotasun formalaren gabeziaren kostuak?».

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

