
Talaia Feminista 2024ko dosierreko mezu gakoak eta Talaia Unean jasotako ekarpenak plazaratzen hasi da eragile eta sindikatuekin. Hurrengo hilabeteetan berdintasun politika publikoen eta osasun mentalaren inguruan hausnartzen jarraituko dutela gaineratu dute, eta alderdi, eragile zein sindikatuekin hartu emanean arituko direla «bide posibleak» aztertzen.
Hasteko, 2024ko dosierrean koiunturaz egiten zuten azterketaren hainbat gako gogoratu dituzte. «Biolentzia areagotu den urtea» bezala kalifikatu zuten 2024a eta horretan berretsi dira EHU/UPVko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean egindako aurkezpenean. Bestalde, «biolentziaren kontzeptua konplexuagotzea» beharrezkotzat jo dute intersekzionalitatearen sakontzearekin eta «militante gisa akonpainamendu-, sendatze-, trebakuntza-, autodefentsa-, eta erreparrazio lanen ardura» hartzearekin batera.
Gerra, gatazka armatuak, eskuin muturra, indarkeria matxista eta lurraldeen auzia «estuki lotuta» daudela ondorioztatu dute, eta zentzu horretan, dimentsio guztietan lantzeko beharra azpimarratu.
2024ko dosierrean, koiunturaz gain bi gai landu zituzten sakonki: berdintasun politika publikoak eta osasun mentala. Aurreratu dute bi gai hauetako lan taldeek urte honetan ere martxan jarraituko dutela, ondorioak partekatu eta konponbide edota neurrien bila.
Berdintasun politikei dagokienean, pasa den otsailaren 1ean, Talaia Gunean aurkeztu bezala bi tresna martxan jartzea aurreikusten dute: Euskal Herriko berdintasun politika publikoen biltegia, eta Euskal Herriko Behatokia, «erakunde eta mugimendu sozial ezberdinen lankidetza-eremu izatea nahi dute behatokia».
Osasun mentala
Osasun mentalaren gaiari dagokionean, ikuspegi feministatik lantzeko beharra sumatu zuten eta hala egin zuten. «Egungo osasun-sisteman osasun mentalari eskaintzen zaion arretak arazo larriak ditu: tratamendu biologista da nagusi», adierazi dute, eta egungo sisteman osasunaren «nozio integrala galtzen» dela ondorioztatu dute.
Ezinegonaren jatorri sozialak landu behar direla ohartarazi dute, eta ez «gaixotasuna edota gaitza» bera. Hainbat «tentsio kolektibo» identifikatu dituzte ongizate sozial hori galerazten dutenak; prekarietate materialak etengabeko segurtasun eza inposatzen duela esan dute, eta emakume migratu eta arrazializatuen sufrimendu mailak bereziki altuak direla mahaigaineratu.
Hiru «ortzi-muga» zerrendatu dituzte: estigmatizazioaren eta ezezagutzaren aurka borrokotzea, ondoezaren kasua kolektiboak izendatzearekin batera erantzun kolektiboak eraikitzea, eta hirugarrenik, ondoezari aurre egiteko modu berriak sortzea, «egoki uztartuko dituztenak tresna instituzionalen erabileta, eta itxaropenezko ortzi-muga komunen eta salaketa-espazioen eraikuntza».
Bestalde, feminismoari hiru dei egin dizkiote «osasunaren gaineko burujabetza eta erantzukizunean» elkarlanean joateko: osasun mentalaren eta zaintzaren arteko loturak lantzea batetik; bigarrenik, osasun mentalaren eta indarkeriaren arteko lotura lantzea; eta hirugarrenik, «feminismo eroa eta psikofobian» sakontzea. Otsailaren 1ean ateratako ondorioetan, gazteetan, espetxeetan eta migratzaileetan arreta jartzea jasotzen da.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»

