
Pantera arrosak finalean dira. Iaz Winter Series irabazi zuen bikoteak beste final bat erdietsi du. Finalerdietako ligaxka hasi zela hiru aste igaro diren honetan, lehen bikote finalista da Erkiaga-Ibarluzea. Jokatu duten bi jardunaldietan larrutik sufritu dute baina azkenean, beraien esperientzia eta argitasuna lagun, ez dute jokorik galdu, bi partidak 2-0 irabazi eta 8 puntu batuta.
Atzokoan xehetasunek erabaki zuten lehen jokoa, Floridatik lur hartu berri zen Urreisti-Gorka bikotearen aurka. Mutrikuarra eta biarriztarra Daniako txapelketa jokatzen daude –Biscay Cup-erako sailkapen fasea– eta maila oso ona ematen daude bertan. Atzo, Gernikan, beste erakustaldi bat eman zuten, Urreisti oldarkor eta fin aurrean eta Gorka Sorozabal oso seguru bat atzean. Azken txanpako xehetasunak, baina, Ispasterko maisuaren alde jausi ziren, eskarmentuz beteta.
Hor bukatu zen partida, bigarren jokoan, laranjak 4-1 irabazten hasi baziren ere, pantera arrosek berriro jokoa berdindu zutenean (5-5), erabat atera baitziren partidarik. Lehen jokoan Urreistik estu hartu zuen Erkiaga eta bien arteko norgehiagoka propioa ere sortu zuten, batez ere sake errematean.
Ispasterkoa minduta nabari zen jokoaren zati batzutan, mutrikuarrak egindako erremate zitalekin. Erakustaldia eman zuten biek ala biek, jokoa erabat alaituz. Arrosak 0-2 aurreratu ziren eta laranjak 14-12 aurreratu ziren arte, bien arteko tantoak elkartrukatzen joan ziren, partida oso estu bat eskainiz. Baten tantoa, bestearen errematea. Noski, bi hauen bizkarzain, Gorka eta Ibarluzea oso seguru egon ziren. Ion Ibarluzeak badaki zer den Winter Series irabaztea, iaz Erkiaga lagun gailendu baitzen; hala ere, aurten, partidetan pisu eta garrantzi handiagoa hartzen dabil, zenbait tantotan agintzen, Erkiagari oxigenoa ematen... Urtebetean asko egin da markina-xemeindarra; ez da Erkiagaren lagun soila, bikotea hobetzen duen atzelaria da.
Arrosek hamaikana berdindu dute, Ibarluzeari esker baina Urreistik errebote eder batekin egin zuen 12-11koa. Partidaren momentu horretan, huts egin zuen Aritzek (13-11) eta Markina-Xemeingoaren beste huts bakanarekin 14-12 jarri ziren laranjak, tantu faltan.
Hiru aukera zituzten jokoa bukatzeko, baina ezin izan zuten. Tanto arraroa gertatu zen momentu erabakigarrian. Erkiagak errebote indartsu bat bota zuen, frontiseko koxka batean jo zuen pilotak eta ezustean, goruntz atera zen, bai Urreisti eta bai Gorka, lekuz-kanpo utziz (14-13). Aritzen sakeari ausart sartu zitzaion gipuzkoarra, baina errematea txapapera joan zitzaion (14-14) eta azken berdinketaren ondoren, Erkiagak berak egin zuen 14-15ekoa.
Lehen jokoa irabazita, urrats bakarra falta zuten arrosek finalerako txartela eskuratzeko. Hala ere, laranjak indartsu hasi ziren, partida zerotik hasiko balitz bezala eta 3-0 eta 4-1eko errentak izan zituzten. Arrosak, baina, ez ziren aztoratu eta txiri-txiri 5-5 berdintzea lortu zuten. Hor bukatu zen partida, laranjak partidatik atera baitziren.
Deman bi une gako egon ziren: bata, lehen jokoan 14-12tik 14-15era pasatzea eta bestea, bigarrenean, 4-1etik 5-5era igarotzea. Urreisti zein Gorka behar baino gehiago erratu ziren, partidaren kontrola irabazi nahian eta horrek eragin zien kaltea. Lehen jokoa kasik irabaztetik, punturik batu gabe bukatu zuten beraien lehen jardunaldia. Hala, pantera arrosak finalean dira jada matematikoki eta hurrengo asteetako partidak hil ala bizikoak izango dira.
Urreisti eta Gorkaren hurrengo arerioak izango dira Laduche eta Manci, lehen jardunaldian hiru puntu batu zituztenak. Modu honetan, mutrikuarren eta lapurtarren arteko norgehiagoka bizia jokatuko da Gernikan. Laduche-Mancik irabaziz gero, finalean edukiko dute oin erdi; Urreisti-Gorkak irabaziz gero, bigarren postu horretarako lehia are gehiago estututuko da.
Finalerdietako sailkapena
1. Erkiaga-Ibarluzea 8 puntu (+13)
2. Laduche-Manci 3 puntu (+3)
3. Urrutia-Basque 1 puntu (-8)
4. Urreisti-Gorka 0 puntu (-8)
Hurrengo partidak

«Pequeña y con algo de caña, ron y música, ¿el peligro es que Cuba no se arrodilla?»

Otsagabia, el pueblo de trashumantes que se ha quedado sin carnicería

Errastiko Eskola, landa eta elikagaiak umetatik maitatzen

La Federación Navarra de Pelota ve «legítima» y con respaldo la postura de la Federación Vasca
