Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Egile-zinema komertziala

Ekoizpen erraldoiak eta komertzialak zinemaren industrian nagusi diren honetan, arrakasta komertziala bilatzeko bidean, benetakotasuna galtzen ari denaren sentsazioa daukat azken boladan. Remake, sekuela eta frankizien kontuekin aspertu samar nago.

Geroz eta gehiago baloratzen dut egile-zinema deiturikoa topatzen dudanean: zuzendari jakin baten nortasun artistikoa eta narratiboa islatzen duten filmak deskribatzeko erabiltzen den esamoldea da.

Zinemaren munduan, urte hasierako albisterik deigarriena David Lynchen heriotza izan da zalantza izpirik gabe. Zuzendari estatubatuarrak arrasto sakona eta ezabaezina utzi du zineman, telebistan eta pop kulturan oro har, ikus-entzunezko narratibaren mugak bere estilo bereizgarri eta bakarrarekin josi dituelako. Egile zinemari buruz ari garenean Lynch adibide ona iruditzen zait: edozein izenburu jarri eta segundo gutxira antzeman daiteke berea dela. Berak erakutsi digu zinema ez dela entretenimendua soilik, pertzepzioaren mugak zabaltzeko eta apurtzeko gai den arte mota oso boteretsua baizik.  

Txanponaren beste aldean, publiko zabala erakartzeko eta diru-sarrera handiak sortzeko diseinatuta dagoen zinema komertziala dugu; arrakastatsuak dira baina nortasunik gabeak, ezinezkoa da egiletzaren arrastorik topatzea.

Zinemagile batzuek bi aldeen arteko oreka aurkitzea lortu dute eta beren ikuspegi pertsonalak publiko zabalarentzako erakargarritasunarekin uztartu dituzte; hori izan liteke akaso irtenbidea, egile zinema komertzialaren aldeko apustua egitea. Christopher Nolan, Greta Gerwig, Guillermo del Toro, Wes Anderson edota David Fincher formula interesgarri horren ordezkari apartak dira, adibidez.