Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Makaluko espedizioak soilik eusten dio zortzimilakoen neguko denboraldiari

Everesteko, Annapurnako eta Manasluko taldeak goiz itzuli dira etxera. Eguraldi gaiztoak eta ezbehar batzuek erabaki hori hartzera behartu dituzte. Makalun, berriz, 7.400 metroko kota erdietsi dute.

Nima Rinjik, Morok eta Pereirak ezin izan dute estilo alpinoan ekinaldi bat egin Manaslun.
Nima Rinjik, Morok eta Pereirak ezin izan dute estilo alpinoan ekinaldi bat egin Manaslun. (Nima Rinji Xerpa)

Himalaiako zortzimilakoen neguko denboraldia oso zorrotza izaten ari da. Oro har, urtero aurpegi hori aurkezten badu ere, aurtengoak egoera hori biderkatu du. Horren isla da hurbildu diren lau espedizioetatik hiru etxera itzuli direla. Urtarrilean, gainera; hots, negua bukatzeko ia bi hilabete falta direnean.

Everesten, Annapurnan eta Manaslu ez dago talderik. Klima gogorrak behartu ditu erabaki hori hartzera; baita hainbat ezustekok ere. Munduko mendi garaienean gertatu denarekin hasiko dugu kronika. Beste zortzimilakoetan ez bezala, Everesten soilik alpinista batek jardun du: Jost Kobusch alemanak. 32 urteko mendizale hori zortzimilakoa bakarka igotzen saiatzen ari da mendebaldeko ertzatik. Urtero-urtero metroak «kentzen» ari zaizkio erraldoi horri.

Laugarren bidaia bukatu du, eta bikain bukatu ere. Izan ere, aurten zuen helburua gainditu du; hots, 7.500 metroko kota gainditzea. Zehazki esanda, bere GPSak zioen 7.537 metrora heldu dela. Oraindik bide luzea geratzen zaio, baina aleman horrek erakutsi du, oso sasoiko egoteaz gain, ondo kudeatzen duela bakarkako jardun hori. Gogora dezagun ere, irteera batean Kobuschek Tibeten epizentroa izan zuen lurrikara batek harrapatu zuela.

Etxera iritsi bezain laster, alpinista honek aurreratu du ez duela baztertzen aurrerantzean Everestera berriro itzultzea: «Izaera horretako proiektu batek biribildu ahal izateko, den-dena lerrokatu behar da, eta une jakin honetan aurkako norabidean dauden hainbat eite daude. Epe luzera kokatzen dut nire asmoa. Ez naiz errekor baten bila ari; soilik Everest neguan eta bakarka igo nahi dut. Horretarako, nire entrenamenduetan zentratu behar naiz, batez ere alpinista hobeagoa izateko».

Kobuschek dio bere ibilbidean inoiz ez duela emergentziazko erreskaterik izan, eta Khumbun gai horretan dagoen egoera korapilatsua saihestu nahi duela. Bide batez, lurrikararekin bizi izan zuen eskarmentua aipatu du: «Mendebaldeko ertzan luizien arriskua handia da, eta lurrikarak zein erreplikek arrisku hori biderkatu zuten. Fisikoki ere, arazoak izan ditut. Bizkarrean min hartu nuen, eta horrek ez ninduen utzi behar bezalako entrenamendu fase egoki bat egitea. Amaitzeko, aurtengo helburua (7.500 metroko kota gainditzea) lortu dut».

Annapurna

Alex Txikonen taldeak zortzimilako hori xede zuen, baina gailurreko ekinaldi sendo bat egin gabe amaitu du. Gogora dezagun, lemoarrarekin batera honakook osatu zutela espedizioa: Sajid Sadpara pakistandarrak, Mattia Conte italiarrak, Sarah Advobais irandarrak eta mendiko talde xerpa sendo batek. Lehen egunetan aurrerapenak egin zituzten. Ondoren, hainbat berritan aipatu dugunez, Txikonek apendizitisak jota Katmandura jaitsi eta ebakuntza egin zioten.

Hilaren hasieran 6.700 metrora heldu ziren, baina euskal mendizalearen egoerak eta lur-jausi batzuek saio guztiak bertan behera uztera eraman zituzten. Egoera horren inguruan, Sadparak aipatu du mendiak agindu duela: «Geure buru Alexek oso azkar utzi behar izan zuen oinarrizko kanpalekua apendizitis batengatik. Horrez gain, bigarren eta hirugarren kanpalekuen artean Mattia eta bost xerpa harrapatu zituen bi elur-jausi izan genituen. Pursang Xerpa erietxe batera eraman zuten bizkarrean hartutako kolpea aztertzeko. Matttiak, berriz, ezkerreko sorbaldan min hartu zuen. Eta Chhepal Xerpak aurpegian zauriak izan zituen. Horren guztiaren ondorioz, aurtengo espedizioa bukatutzat eman dugu».

Manaslu

Etxera oso azkar itzuli dena ere zortzimilako hori estilo alpinoan igotzeko helburua zuen hirukotea izan da. Simone Moro italiarra, Nima Rinji Xerpa nepaldarra eta Oswald Rodrigo Pereira poloniarra ziren asmo hori Manaslun zutenak.
Alpinistok baieztatu dute eguraldi txarrak ez diela aukera bat bera eman ekinaldi bat egiteko: «Gure aurka egon da klima. Horrez gain, hurrengo bi asteetarako 150 kilometro orduko haizeteak iragarri zituzten. Egoera horrek gure planteamendua aldatzea behartzen zigun. Girora egokitzeko fasea eteteaz gain, indarrean jarri behar genuen estiloa aldatu beharko genuen. Uste dugu erabaki zuzenena hartu dugula. Talde sendo bat osatu dugu, baina mendiak eta klimak agindu dute».

Makalu

Nahiz eta momentuz oso berri gutxi dauden, zortzimilako horretan dagoen espedizioak ez du atzera egin. Sanu, Phurba Onggel eta Pastemba Xerpak eta Abolfazl irandarra dira apustu horri eusten diotenak. Helikopterorik erabili gabe, talde hori hilaren 9an kanpaleku nagusira heldu zen.

Sanu Xerpak adierazi du orain arte lortutako kota altuena 7.400 metrokoa dela: «Hirugarren kanpalekura heldu ginen, baina haizete bortitzek ez ziguten utzi dendak altxatzea. Alabaina, puntu horretan tresneria utzi genuen balizko ekinaldi batean erabiltzeko. Hori egin eta gero, lehen kanpalekura jaitsi ginen».

Alpinista nepaldarrak gehitu du aurreko irteera batean bigarren kanpalekua hornitzeko aukera izan zutela: «Oso zaila izan zen irteera hori; izan ere, 100 km/h ufadek astintzeaz gain, muturreko hotza (-40º) egin zigun».