
Turismo-ostatuen erabilera arautu eta ordenatzeko plan bereziari hasiera ematea onartu zuen Baztango Udalak ostegunean egin zuen batzarrean, EH Bildu eta Zurekin Baztan taldeen aldeko bederatzi botuekin eta UPN eta Baztango Indenpendenteei aurkako hirurekin. Geroa Baiko zinegotziak abstentziora jo zuen.
Plana aurrera eraman ahal izateko turismo-ostatuen udal errolda arautzeko ordenantza onartu zuen batzarrak, antzeko bozketarekin. Bederatzi alde (EH Bildu eta Zurekin Baztan), bi aurka (UPN eta Baztango Independenteak talde zinegotzi bat) eta bi abstentzio (Baztango Independenteak taldeko zinegotzi bat eta Geroa Baikoa).
Azken urteotan turismoari buruzko azterlana egin du Baztango Udalak, egoera zein den eta etorkizunera begira eman beharreko pausuak hausnartzeko helburuarekin. Horrela, Felipe Saragueta aholkularitzak, Rehabite aholkularitza teknikoak eta Ikertaldek plana eta errolda arautzeko ordenantza landu dituzte. Horiek onartu ziren udal batzarrean.
Planak turismo arloan Baztan kuartelka zonifikatzea aurreikusten du. Kuartel bakoitzean ekimen turistikoen jasangarritasuna aztertuko da. Horretarako, hiru adierazle ezarri dituzte. Alde batetik, ehun biztanleko 35 oheko muga ezartzen da. Bestetik, etxebizitza turistikoa ezin izango da guztiaren %35 baino gehiago izan. Azkenik, kilometro koadroko hamar oheren muga ezartzen da.
Hiru adierazle hauen bi muga gainditzen badituzte ezin izango dira ostatu berriak ireki, muga horietara moldatu arte.
Kuartel bakoitzean, gainera, 50 ohe baino gehiago ezin izango dira izan.
Dagoeneko martxan diren turismo-ostatuek erroldan izena eman beharko dute.
Aroztegiakoekin elkartasuna
Honekin batera, Baztango Udalak bat egin zuen otsailaren 1ean Iruñean Aroztegiako ekimenaren kontra egiteagatik auziperatuen alde deitu den manifestazioarekin (16.00etan Epaitegitik abiatuta). EH Bilduk eta Zurekin Baztanek mozioaren alde egin zuten, UPNk eta Geroa Baik kontra eta Baztango Independeteak taldeko zinegotziek abstentzioara jo zuten.
Mozioan ere Nafarroako Gobernuari UGEPa gelditzeko eskatzen zaio. Tresna honen bidez Aroztegiako egitasmoan eskumen urbanistikoak Baztango Udalari kendu dizkiote, Gobernuaren mesedetan.
Legez kanpoko bezala izendatuak ziren obrak gelditzeko kanpaldian parte hartzegatik auziperatuen absoluzioa eskatzen du ere Baztango Udalak. Zazpi auziperatuei orotara hogei urteko espetxealdiko zigorra eskatzen die Fiskaltzak.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Operación «preventiva» de la Ertzaintza contra un torneo de fútbol de calle en Gasteiz

Elkarrekin y Elorza unen fuerzas para convertir San Bartolomé en «el Waterloo» de Eneko Goia
