Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

IAK, euskal kulturarentzat aukera gehiago dakarren gunea

Duela urte erdi ateak zabaldu zituen Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak. Hainbat «komeria eta zailtasun» gaindituta, abian da euskaldunen eta euskaltzaleen erreferentzia izateko asmoz. Luis Garcia eta Amaia Kerexeta Lazarraga Elkarteko kideak egindako bideaz eta aurrera begirako asmoez aritu dira.

Amaia Kerexeta eta Luis Garcia, Lazarragako kideak, IAK-ko areto nagusian.
Amaia Kerexeta eta Luis Garcia, Lazarragako kideak, IAK-ko areto nagusian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Pozik daude Amaia Kerexeta eta Luis Garcia Lazarraga Kultur Elkarteko eta Izaskun Arrue Kulturguneko (IAK) arduradunak. Ikus-entzunezko ekipoa instalatu berri dute areto nagusian. Areto ederra, argi berriek are ikusgarriagoa egiten dutena. Orain artean material hori alokatu beharrean ibili dira, «gutxieneko ekipo batekin». Baina ekipo berria prest izatetik harago doa haien poza.

«Komeria asko izan ditugu, zailtasun handiak», gogoratu du Garciak, «baina gure sentipena da ez dugula gelditu behar pasatutakoetan, baizik eta aurrera begiratu behar dugula, ea 2025ean zer egin dezakegun, eta 26an eta 27an... Inportanteena da aurretik dugun erronka, gasteiztarrentzat eta euskal herritarrentzat erreferentziazko kulturgunea izatea».

Gaur egungo kulturgune hau 1990eko hamarraldi amaierako proiektua da. Jatorriz Gasteizko Antzokia, behin baino gehiagotan proposamen hutsean geratu zen. 2008a arte ez zuen Udalak proiektua onartu, eta hurrengo urteetan ere gauzatu ezinik jarraitu zuen. 2014ko urrian, Lazarraga Kultur Elkarteak akordioa sinatu eta Oihaneder Euskararen Etxea inauguratu zuen Montehermoso jauregian.

Hurrengo urteetan euskaltzale eta kulturazaleentzat erreferentzia bihurtu zen Oihaneder. Ehunka jarduera antolatu zituzten eta urtero 10.000 lagun inguruk parte hartu zuten haietan.

Antzokia falta zen, ordea. Euskararen Etxea eta Antzokia bere baitan hartuko zituen eraikina atontzeko lanak hasita, 2022an Oihaneder itxi zuten, zenbait hilabeteren buruan Ruiz de Bergara Jauregian proiektuak jarraituko zuela iragarrita.

Itxaronaldia ez zen lasaia izan, ordea. 2022ko uztailean bertan Udalak jakinarazi zuen proiektuari Izaskun Arrue Kulturgunea izena jartzea erabaki zuela. Ez zuen aintzat hartu Larraga Kultur Elkarteak proposatutakoa. Izen egokiena den edo ez eztabaidatzera sartu gabe, nabarmena da erabaki hori hartzeko modua ez zela egoki eta dotoreena izan.

Proiektua arriskuan

Hurrengo hilabete horiek nabarmen luzatu ziren, eta berandutze horrek espero baino arazo eta kalte gehiago ekarri zizkion Lazarraga elkarteari eta, oro har, euskaltzaleei.

Ia bi urte igarota eta Izaskun Arrue zabaltzeko asmoaren zantzurik gabe, hiriko euskaltzaleak aztoratzen hasi ziren. Gainera, 2024an, Udalak irregulartasun bat aurkitu zuen kontuetan, oso azalpen erraza zuena baina Udalarentzat oso zaila zena, nonbait. Nola onartuko zuen bere errua izan zela? Izan ere, Lazarragak aurreikuspenen gaineko kudeaketa egin zuen: geldiune hartan webgunea berritu eta berriz hasterako programazioa prestatzeari ekin zion. Dena prest zeukan, baina ez lekua, eta aurrekontutik gastatutako diruarekin jarduerarik ez egin izana leporatu zioten. Nola gauzatu zitzakeen jarduera haiek, baina, jauregi itxian?

2022an, akordio batera iritsi zen Udalarekin, bost urtean ordaindu beharreko «zorra» tarteko. Ez zen bidezkoa, baina proiektuari eustea lehenetsi zuen Lazarraga Elkarteak, kulturgunea lehenbailehen ireki eta abian jartzeko helburuarekin.

Aurrera begira

Eta abian dira, «bizi izan ditugun gorabeheretan larregi tematu gabe», aurrera begira eta baikor. Abian eta, Kerexetak dioenez, eraikinari eta oro har proiektuari «neurria hartzen. Uda garaia ez zen onena jarduerak egiteko, baina udazkeneko eta orain neguko programazioarekin hasteko hiruzpalau jarduera ditugu. Pozik gaude eta, zalantzarik gabe, balorazio positiboa egiten dugu».

Jendearen erantzuna ere ona izan dela diote. Badirudi Oihanederreko publiko fidelak hala segitzen duela IAKn; are gehiago, lehenengo publikoa berreskuratzeaz gain, publiko berria sortzen ari dela diote, eta kopuruan ere nabaritu dutela. Horren azalpena eman du Kerexetak: «Hasieratik, Oihanederretik hona arteko hutsune horretan jendea umezurtz sentitu delako eta, beste alde batetik, erabiltzaileei bakarrik begira egon gabe, baditugulako programazioan parte hartu nahi duten euskal sortzaile eta artistak. Gurekin harremanetan jartzen dira, zer aukera dauden jakiteko, eraikin berria ezagutzeko eta gure programazioaren parte izateko». Hilabete hauetan hitzarmenak egin dituzte zenbait kultur eragilerekin, eta elkarlan batzuk sortzeko bidean daude.

«Hutsune bat betetzera etorri garela sentitzen dugu», erantsi du Garciak, eta ikus-entzunezko ekipo berriari begira, ez dela garrantzitsuena dio, baina ezta hutsala ere: «Nolabait esateko, orain da jarduera apur bat handiagoak egiteko garaia, orain arte egin ezin izan ditugunak».

Autofinantzaketarako joera

Kontuan izan beharra dago Euskararen Etxean arrakasta handiz egiten zuten lanaz gainera, Antzokiari dagokiona ere egin behar dutela IAKn. «Orain proiektu osorako eraikina daukagu: hiru solairu, askotariko espazioak, antzokia, aretoa, egonaldi artistikoak eta tailerrak, bilerak, aurkezpenak egiteko espazioak; Lazarraga Elkartea ere bertan dago... Eraikinak beste aukera batzuk ematen ditu, eta kudeaketa ere beste dimentsio batekoa da».

Beste aldaketa garrantzitsu bat ere azaldu du: «Kanpotik ikusita, Oihanederreko antzeko kudeaketa suma liteke; hala ere, hura, nolabait esateko, Udalaren proiektu bat zen, guk kudeatua, eta hau Gasteizko euskalgintzak sortutako kultura proiektua, eta kudeaketa Udalarekin elkarlanean egiten da. Udalak eraikina eta aurrekontuaren zatirik handiena jartzen du, baina proiektuak berak ere sortu behar du finantzaketaren ehuneko bat, gero eta handiagoa izango dena. Kudeaketa eredua hau hemen, Euskal Herrian, ez da asko ikusi, baina Katalunian funtzionatzen du. Interesgarria da, zeren horrela gizarteak sortzen dituen proiektuen kogestioa egin daiteke arlo publikoaren laguntzarekin. Adibidez, Oihanederren jarduera guztiak doan ziren, eta hemen jarduera asko ordainpekoak dira. Sortzen den diru horrekin jarduera horien kostuaren ehuneko bat ordaintzen da. Taberna ere badaukagu, tabernari bati esleitua; hark hilero kanon bat ordaindu behar du, eta horren bidez ordainduko dugu programazioa. Kanpoko eragile batek hemengo espazioak erabili nahi baditu, tasa bat ordaindu behar du, eta horren bidez ere autofinantzatuko da proiektua».

Ezagunagoa izateko erronka

Elkarlanari dagokionez, «lehen egindako bidean sortutako elkarlan batzuekin jarraitu dugu eta beste batzuk sortzen ari gara, espazioak berak beste aukera batzuk ematen dituelako; esate baterako, Ingudea kontzertu zikloa, orain dela gutxi aurkeztu duguna, horretarako Jon Basaguren aholkulari dugula. Eta harrituta gaude zenbat proposamen interesgarri jasotzen ari garen webgunearen bitartez, programazioa osatzen laguntzen digutenak, noski», dio Kerexetak.

Kanpotik iristen zaizkien proposamenek gasteiztar eta arabar hasiberrientzat lekua eskaintzeko ere balio dutela dio Garciak. «Euskal kulturari lotutako sormena zutabe garrantzitsua da, eta sortzaile berriek hastapenetan izaten dituzten zailtasun eta beharrei erantzuteko ere erreferente bihurtu nahiko luke egitasmoak».

Euskara hizkuntza gisa aztertzea ere bada Lazarragaren helburuetako bat. Orain abian daukate Euskaldunentzako Jabetze Eskola, urte osoan UEUrekin batera antolatua, euskararen eta haren egoeraren inguruan landu beharreko hainbat gai jorratzeko topagunea, Manex Agirre aholkulari dutela.

Euskararen Egunean zabaldu zen tabernara ere jende asko biltzen da. «Kulturgunearen osagarri naturala da, euskaldunontzat arnasgunea izan behar du, harremanak euskaraz izateko leku bat».

Bidea egiten ari dira, eta bide luzea dela diote. Orain arteko jarduerak tamaina txiki edo ertainekoak izan dira, eta poliki-poliki jarduera handiagoak egiten hasteko asmoa dute; egun batetik bestera ez dituzte 300 pertsona sartuko, lehenengo ikusi behar dute 200 eroso dauden...

Ezagunagoak izatea ere erronka dute, izena zabaldu jendeak jakin dezan zer egiten duten, publiko berriengana iristeko, «etorkizuneko euskaldunengana». Oihanederretik honako bi urteak luzeak izan dira eta uste dute erreferentzialtasunean, lotura horretan ere galdu egin dutela; beraz. hori ere lantzeko beharra sumatu dute, eta horretan ari dira. Horregatik nabarmendu nahi dute webgune bat daukatela, iak.eus, kulturgunearen inguruko informazio ugari eskaintzen duena, programazio osoa agendan jasota, sarrerak erosteko aukera, azken albisteak... Eta oraindik kultura bonua eskuratzeko aukera zabalik dute, urtean zehar izango diren jarduera batzuetan deskontua lortzeko.